
Sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko 24 orduko hiru zentroak zabalik izango ditu Euskadik 2024ko ekainerako
- Horrela, EAEk aurrea hartu dio Europar Batasunak autonomia-erkidego guztiei emandako 2024ko amaierara arteko luzapenari, Europako funtsek finantzatutako zentro horiek abian jartzeko.
- Foru Aldundiak arduratzen dira zentro horiek kudeatzeaz, Europako Kontseiluak emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari eta haren aurka borrokatzeari buruz egindako hitzarmenarekiko konpromisoaren ondorioz.
Gasteiz 2023/12/12
Sexu-indarkeriaren biktimak artatzeko EAEko 24 orduko zentroak oso antolamendu-egoera aurreratuan daude, eta % 100ean jarriko dira abian hiru lurraldeetan 2024ko ekainerako. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Emakunderen bitartez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin lankidetzan ari da, EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko Erakundeen arteko III. Akordioaren esparruan. Horrela, aurreratu egin dira Europar Batasunak ezarritako epeari, epe hori 2024. urtearen amaierara arte luzatu baita, autonomia-erkidego batzuek zailtasunak baitzituzten zentroak urte honen amaiera baino lehen abian jartzeko, hori baitzen hasierako epea. Bizkaiko eta Arabako zentroak, zehazki, 2024ko hasierarako egongo dira jada egokituta.
Foru-aldundiek kudeatuko dituzte 24 orduko zentroak, Next Generation Europako Funtsak finantzatuta, eta Europako Kontseiluak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko egindako hitzarmenarekin (Istanbulgo Hitzarmena) eta ondoren onartutako Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoarekin ("Soilik bai da bai") hartutako konpromisoaren ondorioz sortu dira. Lege organiko honen aplikazio-eremu objektiboan sartzen dira onartu gabeko edo edozein eremu publiko edo pribatutan, eremu digitalean barne, sexu-bizitzaren garapen askea baldintzatzen duen sexu-izaerako edozein ekintza. Sexu-indarkeriatzat hartzen dira, halaber, emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontza, sexu-konnotazioko jazarpena eta sexu-esplotaziorako salerosketa. Legeak adierazten du arreta berezia eskainiko zaiela eremu digitalean egiten diren sexu-indarkeriei; horren barruan sartzen dira sexu-indarkeriako ekintzak zabaltzea, onartu gabeko pornografia eta, nolanahi ere, haurren pornografia, eta baliabide teknologikoen bidezko sexu-estortsioa.
Emakunde, sustapenaz eta koordinazioaz arduratzen den erakundea den aldetik, foru-aldundiekin eta inplikatutako Eusko Jaurlaritzako sail guztiekin koordinatzen ari da, Erakundeen arteko III. Akordioaren esparruan, zentro horien erakundearteko koordinazio-protokoloak abian jartzeko. Koordinazio-talde tekniko bat eratu zen 2022ko maiatzean, EAEko krisi-zentro guztien gutxieneko ezaugarri komunak ziurtatzeko eta EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiei arreta emateko lehendik zeuden arreta-ereduekin koherentzia izateko.
Horrela, krisi-zentroak larrialdiak artatuko dituzten arreta integraleko zentroak izango dira, baina baita iraganean gertatutako sexu-indarkeriako edozein gertakari ere. Ez da sartzeko baldintzarik egongo, doakoa izango da eta sarbideak zuzenekoak edo bideratuak izan daitezke. Zentro horiek 24 orduko arreta eskainiko dute asteko 7 egunetan, urteko 365 egunetan. Gune abegitsuak izango dira, eta emakumeen aurkako beste indarkeria matxista mota batzuetarako dauden teléfono zenbakiez bestelako zenbaki esklusiboa izango dute, eta informazioa, aholkularitza, gizarte-laguntza eta esku-hartzea emango diete biktimei eta haien senideei eta inguruko beste pertsonei. Psikologiako, arlo juridikoko eta sozialeko profesionalez osatutako diziplina anitzeko talde batez hornituta egongo dira, eta guztiek izango dute ikuspegia eta espezializazioa sexu-indarkerian.
Urrian eta azaroan zehar, Emakundek hiru lurraldeetan krisi-zentro horiek artatuko dituzten profesionalak prestatzeko saioak egin ditu, sexu-indarkeriaren biktimentzako arretan koordinazio hobea eta eraginkorra lortzeko eta emakumeen erreparazioan eta ahalduntzean laguntzeko. Datozen hilabeteetan ere koordinazioan lanean jarraituko du, protokoloen definizioa guztiz zehazteko eta zentroetako langileei prestakuntza espezializatua emateko.
-
2023-12-12
Comentario de Twitter:
🟣✋ #Sexuindarkeriaren biktimei arreta emateko 24 orduko hiru zentroak ekainean hasiko dira martxan Euskadin, aurreikusitakoa baino lehen -
2023-12-12
Comentario de Twitter:
🟣✋ Los tres centros 24 horas de atención a víctimas de #violenciasexual en #Euskadi empezarán a funcionar el próximo mes de junio, antes de lo previsto
👉 https://t.co/mGAINgivyj#EMAKUNDE #Araba #Bizkaia #Gipuzkoa https://t.co/3kJ2RcWKG5