Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Jaurlaritzak 3.010 plazatako 2023ko lan eskaintza publikoa onartu du euskal sektore publikoan enplegu publikoa eta kalitatezkoa sustatzeko

2023-12-13
  • 3.010 plaza horietatik, 590 plaza Administrazio Orokorrari dagozkio eta haren erakunde autonomoei; 886 Hezkuntza Administrazioari, 1.434 Osakidetzari eta Administrazio instituzionaleko gainerako zuzenbide erakunde publikoei, eta 100 plaza Ertzaintzako agente kategoriari.
  • Bestalde, abenduaren 18an, 19an, 20an eta 21ean Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII.Batzarra egingo da Donostian, Euskal Erakundeen eta Euskal Gizataldeen arteko harremanak estutzeko helburuarekin

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Marian Elorza, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiaren batera. Elorzak Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarra aurkeztu du eta Makroeskualde Atlantikoa sortzeko proiektuaz ere hitz egin du, atzoko Europar Batasuneko Kontseiluko bileraren harira.

EUSKAL GIZATALDEEN VIII.MUNDUBIBLTZARRA

Elorzak azaldu duenez, Donostian egingo da abenduaren 18an, 19an, 20an eta 21ean Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII. Batzarra Euskal Erakundeen eta Euskal Gizataldeen artean harremanak estutzeko helburuarekin.“Harreman mota hauek eguneratzeko gogoeta fasean murgilduta gaude, epe ertain-luzera, Euskal Diasporarako politikak ezartzen jarraitu ahal izateko. Gazteek Euskaditik ateratzen jarraitzen dute, nazioartean eskarmentua lortzeko; orain ez dira historikoki joan garen lekuetara bertaratzen; horren ordez, batez ere, Europa inguruko herrialde eta hiri handietara jotzen dute; ildo beretik, Euskadik ez dio sekula utzi immigranteak jasotzeko lur izateari, eta hurrengo urteetan erronka demografiko garrantzitsu bati aurre egin beharko dio. Egoera hauek guztiek kanpoan dauden euskal herritarrekiko hartu-emanetan sakontzen jarraitzeko beharrezko tresnez hornitzera bultzatzen gaituzte, bai antolatutako euskal erakundeetako kideen kasuan, bai Euskadin jaio arren aldi baterako edo betiko kanpoan bizi direnen kasuan” adierazi du Elorzak. Gauzak horrela, elkarrekin eztabaidatu eta hausnartzeko gunea izango da Batzarra  Euskal Komunitate Globala eraikitzen jarraitzeko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluan jorratu eta onartutako hainbat gai.

Zupiriak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak 2023ko lan eskaintza publikoa onartu du Administrazio Orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako zein Hezkuntza Administraziorako izango dena eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak eta Segurtasun Sailak onartutako eskaintzen berri  ere eman da bileran. Guztira 3.010 plazatako eskaintza da, eta Gobernuaren ustetan aurrerapauso handia da Jaurlaritzak euskal sektore publikoan enplegu publikoa eta kalitatezkoa sustatzeko duen helburuan. 3.010 plaza horietatik, 590 plaza Administrazio Orokorrari dagozkio eta haren erakunde autonomoei; 886 Hezkuntza Administrazioari, 1.434 Osakidetzari eta Administrazio instituzionaleko gainerako zuzenbide erakunde publikoei, eta 100 plaza Ertzaintzako agente kategorian sartzeko. Plaza hauek guztiak 2020-2024 Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Programan sartzen dira.

Era berean, Gobernu Kontseiluak Osasun Sailak euskal osasun-sistemako pazienteak anbulantzia ez-asistentzialetan, konbentzionaletan eta garraio kolektibokoetan garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko prozesua hastea onartu du gaurko bileran. “Datozen hiru urteetarako zerbitzua bermatuko duen lehiaketa honek 135 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoa du, beraz, egungo kontratuarekiko % 24ko igoera du eta Gehikuntza horren helburua da lehiaketa zerbitzuaren egungo kostuetara egokitzea eta anbulantziako osasun-garraioaren hitzarmen kolektiboa sinatzen laguntzea” azaldu du Zupiriak. Esleipenean kontuan hartuko diren irizpideei dagokienez, proposamen ekonomikoaz gain, baloratuko dira, besteak beste: anbulantzien antzinatasuna, eskainitako ibilgailuen CO2 isuria, eskainitako baliabide materialak, lan-plana, prestakuntza-plana, erabiltzaileentzako zerbitzuak edo premia bereziak dituzten egoerak, eta genero-berdintasuna sustatzeko enpresaren protokoloa edo neurri konkretuak.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak eLankidetza-garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako 117.000 euroko beste ekarpen bat onartu du Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari UNRWAri bideratzeko. Zuzeneko dirulaguntza hau Jaurlaritzak Gazako eta Zisjordaniako biztanleen beharrizan humanitarioak asetzeko urrian egindako 500.000 euroko ekarpenari gehitzen zaio. “Hilabete luze honetan, egoera larriagotu da herrialde hartan, osasun-instalazioei, errefuxiatu eremuei eta eskolei egindako erasoak ez baitira eten; erregaien faltak arriskuan jarri ditu osasun-zerbitzuak eta edateko ura. Nazio batuen Agentziak baieztatu duenez, orain arte 155 milioi dolar jaso ditu; hau da, identifikatutako beharren % 32” azaldu du bozeramaileak. Ildo horretatik, Zupiriak jakinarazi du datorren ostiralean berriro bilduko dela Ekialde Hurbileko eta Erdialdeko gatazkaren ondorio humanitarioen eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sailen arteko mahaia. Lehendakariak zuzenduko du bilera, eta bertan izango dira Raquel Martí, UNRWA Espainiako zuzendari exekutiboa, eta Jesús Núñez, Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Ikerketa Institutuko zuzendarikidea. Bileran Jaurlaritzako bederatzi sailek parte hartzen dute, Lehendakaritzako hainbat arduradunekin batera, eta bertan, besteak beste, Euskadin hartutako pertsonen egoera aztertu, bertan bizi den egoera humanitarioa gertutik ezagutu eta krisi humanitario honen aurrean lankidetza-bide berriak edo laguntzak proposa daitezkeen baloratu nahi da.

Amaitzeko, Zupiriak azaldu du Gobernu Kontseiluak Emakunderen eskutik datorren ebazpen bat onartu duela gaurkoan: 400.000 euroko dirulaguntzen deialdia egiteko 2024. urtean empresa, erakunde pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, enpresetan emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko. “Dirulaguntza zuzenduta dago, batetik, 10-150 pertsona bitarteko plantilla duten erakundeei beren lehen pausoetan laguntze aldera eta enpresaren barruan lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseinatzen hasteko” adierazi du Zupiriak.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak