Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Justizia Sailean kontratazio informatikoan antzemandako irregulartasunen berri eman dio jaurlaritzak fiskalari (2012-02-07(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko otsailak 07

Justizia Sailean 2000 eta 2009. urteen artean egin ziren zenbait kontratu informatikotan irregulartasunak daudela antzeman dute, eta Fiskaltzari horien berri jakinaraztea erabaki du Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Barne-ikerketa bat egin ondoren, Justizia Sailak baietsi du irregulartasun larriak daudela, gutxienez, informatika arloko 15 kontratazio-espedientetan; kontratazio horietan esleitutako diru-kopurua 23 milioi eurotik gorakoa izan zen guztira.

Justizia Sailak egiaztatu ahal izan duenez, aztertutako espediente horietarik bat ere ez dago guztiz bukatuta eta egin beharrekoak egin gabe daude, nahiz eta denak dagoeneko epean ordainduta dauden erabat; kontua ez da kontratuaren bukaera-eperako lanak amaitu gabe egotea, baizik eta gaur egun oraindik ere amaitu gabe jarraitzen dutela, eta lanetako batzuk hasi ere ez direla egin oraindik. Hau da, azkenean egin gabe geratu diren lanak ordaindu dira diru publikoa erabiliz, sistematikoki.

Era berean, egiaztatuta geratu da informatika-aplikazio asko behin baino gehiagotan kontratatu eta ordaindu direla, bai kontratu bat baino gehiago eginda, bai fakturak jaulkita, nahiz eta kontzeptu berberak jasota zeuden aurreko beste espediente batzuetan ere.

Beste datu bat, deigarria benetan, epeei buruzkoa da; oso epe laburrak dituzte kontratatutako zereginak bukatzeko (16 egun, hilabete), eta horrek agerian uzten du, kasu batzuetan, enpresak bazekiela aldez aurretik berari esleituko ziotela lana, eta, beraz, lehenagotik prest zeukan lana eginda; beste kasu batzuetan, aldeetako ez batek ez besteak ez zeukaten kontratuan ezarritakoa betetzeko asmorik, eta kontratazioa ez zen dirua jasotzeko justifikazio formal hutsa besterik.

Irregulartasunak egon zitezkeela-eta, aurreko Justizia sailburuordeak, José Manuel Fínez jauna zenak (2010eko urrian hil baitzen), bi auditoria tekniko egiteko agindua eman zien; bata, Justizia Sailekoei, eta bestea kanpoko enpresa bati. Geroago, zenbait bilera izan zituen informatika-enpresa hornitzaileekin, Justizia Administrazioko sistema informatikoak aurrera egingo zuela eta arazorik izango ez zuela bermatzeko. Bilera horietan, enpresa esleipendunek, kobratuta egonda ere kontratatutako zeregin asko bukatu gabe zeudela aitortzeaz gainera, hitz eman zuten kontratatutako lan horiek amaituko zituztela.

Irregulartasun horiek eragina izan dute Justizia Administrazioarentzat garrantzitsuak diren arlo batzuetan, zenbait proiektu ukituta, hala nola zeregin jurisdikzionalak bete behar dituzten organoetan kudeaketa prozesalari buruzko sistema ezartzeko proiektua (JustiziaBat), espediente judizial elektronikoa garatzekoa, eta Euskadin Bulego Judizial Berria jartzeko proiektua.

Hori dena aintzakotzat hartuta, Jaurlaritzak espediente horiek Fiskaltzaren esku jartzea erabaki du, delitu-portaeraren bat ikusiko balu ere, eta, halakorik ikusiz gero, erantzukizuna nork duen finka dezan.

Bukatzeko, esan behar da Jaurlaritzak aurrera jarraituko duela Euskadin Justiziaren administrazioa modernizatzeko bidean, tinko eta kementsu egin du-eta apustu horren alde.

Azken hiru ekitaldietan (2009-2011) 47 M euro baino gehiago inbertitu ditugu bulego judizial berria martxan jartzeko aplikazio informatikoetan, horiei esker, Justizia Administrazioko organoen jarduna zertan den jakiteko modua izan dezagun unean-unean.

Prozesu horretan laguntzeko asmoa dugu, eta bide horretatik jarraitzea da gure borondatea herri-administrazioek, profesionalen kidegoek eta, oro har, herritar guztiek sarbide elektronikoa izan dezaten eta guztien arteko lankidetza indartu dadin (herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Lege Organikoa), azken batean, kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea baita gure betebeharra.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan