Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak EAJri leporatu dio “Euskadiren sinesgarritasunarekin jolastu” duela

2012.eko otsailak 10

 

Iñigo Urkulluren adierazpenen “arduragabekeria” salatu du, eta “boterea lortzeko lasterketan ez duela denak balio” ohartarazi dio

Euskadiren herri-kontuak “ez daude porrot egitear, ezta oso egoera larrian ere”. Hori azaldu du Patxi López lehendakariak Eusko Legebiltzarrean egin den Jaurlaritzaren kontroleko bilkuran. Bertan, EAJren presidente Iñigo Urkulluren “arduragabekeria” salatu du, Euskadiren herri-kontuen kaudimena “inolako arrazoirik gabe” zalantzan jarri duelako. “Euskadiren sinesgarritasunarekin jolasteak eragina du enpresen nahiz familien kreditu-baldintzetan, herrialde osoan du eragina”, erantsi du. Lehendakariak onartu du Foru Aldundien diru-bilketak behera egin duela-eta une zail bat igarotzen ari direla, aurreikusitakoa baino 1.000 milioi gutxiago bildu baita. Hori ikusita, Jaurlaritzak “politika arduratsua eta adimentsua” jarri du martxan, hau da, funtzionamendu gastuak doitu dira eta gastu publikoa optimizatu da; horrela, 600 milioi euro aurreztu dira, oinarrizko zerbitzu publikoak ukitu gabe. Bestalde, zergen arloko erreforma bat egitearen alde agertu da, foraltasunaren “funtsa” mantenduz, iruzurraren kontra borrokatzeko. “Eta kontra daudenek zergatik eta nor ari diren defendatzen azal dezatela. Nik oso argi dut nor ari naizen defendatzen: ordaintzen duen jendea, hau da, normalean soldatapeko langileak”, erantsi du.

Gai ekonomikoa alde batera utzita, lehendakariari Euskadik ETAk indarkeria uzten zuela iragarri ondoren bizi duen egoerari buruz galdetu diote. Lópezek errepikatu du Euskadiren oinarriak askatasunez eraiki behar direla memoriaren eta justiziaren printzipioetan oinarrituz, eta horretarako funtsezkoa da “memoria kontzientzia-horma bat izatea, indarkeriari itzultzea galarazten dion kontzientzia-horma bat, hain zuzen”. Lehendakariak biktimek lan horretan izan duten papera azpimarratu du, eta “euskal gizartea balio demokratikoz bustitzen duen eta hiltzailea hiltzaile gisa eta biktimak biktima gisa islatzen dituen” testu bat sortu behar dela gailendu du. “(Zer gertatuko zen) Hitler-en ostean ez balitz egongo gertatutakoari buruzko testurik, ezer gertatu izan ez balitz bezala aurrera jarraitu izan balitz; izan ere, naziek beren testua zuten, eta, ondorioz, arrazoi pixka bat zuten, ez zuten ezer egin behar. Zure ustez, hori onartuko zukeen gizarte bat gizarte duin bat izango litzateke? Gizarte ezmoral bat izango litzateke”, esan du.

Lehendakariak bere Gobernuak ETAren desagerpenean izan duen lidergoa azpimarratu du, eta “are aurrerapen gehiago lortzeko jarrerak” egongo direla eta ezagutzera emango direla iragarri du. Bestalde, diskrezioz jokatzeko eskatu du, “politikan oso zuhurrak izan behar baitugu garai, testuinguru eta fokuekin”.

“Ezjakina”

Bestalde, kontrol-bileran EAJren Ricardo Gatagaetxebarria legebiltzarkideak lehendakariari “ezjakin” deitu dio herrialdearen egoera ekonomikoari buruzko eztabaida batean. “Ez dakit ezjakina naizen, ez dut sekula esan ezertan aditua naizenik, baina zuk bai, tribuna honetara zatozen bakoitzean. Gertatzen dena da norbaitek bere burua azkarregitzat jotzen duenean azkenean zabu egiten duela eta jendea iraintzen duela argudiorik gabe dagoenean”, erantzun dio lehendakariak.

 

 

 

 

 

Gai-zerrenda:
1. Galdera, Leire Corrales Goti Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Kulturako sailburuari egina, diru-laguntza eta aginduei buruz. (09\10\05\01\0663)
2. Galdera, José Antonio Pastor Garrido Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, politikari batek Euskadiren kaudimen ekonomikoa zalantzan jarriz egindako adierazpenei buruz. (09\10\05\01\0664)
3. Galdera, Antonio Basagoiti Pastor Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzako finantzen "porrot"-egoeraren salaketari buruz. (09\10\05\01\0659)
4. Galdera, Mikel Basabe Kortabarria Aralar taldeko legebiltzarkideak Kulturako sailburuari egina, ETBk euskaraz egiten duen erabilerari buruz. (09\10\05\01\0657)
5. Galdera, Mikel Arana Etxezarreta Mistoa-Ezker Anitza-IU taldeko legebiltzarkideak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari egina, diru-bilketak 2011n izan duen jaitsierari buruz. (09\10\05\01\0649)
6. Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zerga-iruzurraren aurka EAEn plan komun bat bultzatzeko lehendakariak dituen asmoei buruz. (09\10\04\01\0333)
7. Interpelazioa, Aintzane Ezenarro Egurbide Aralar taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, bakegintza eta elkarbizitza elkarrekin eraikitzeko egitasmoez. (09\10\04\01\0339)
8. Interpelazioa, Mikel Basabe Kortabarria Aralar taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, PSE-EEko presidenteak adostasun berria lortzeaz eginiko adierazpenei buruz. (09\10\04\01\0341)
9. Interpelazioa, Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren finantza eta defizit publikoko egoerari buruz. (09\10\04\01\0345)
10. Galdera, Daniel Maeztu Perez Aralar taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, deitutako mobilizazio- eta greba-ekintzen harira Metro Bilbaok izan duen jarreraren inguruan. (09\10\05\01\0643)
11. Galdera, Juanjo Agirrezabala Mantxola Mistoa-Eusko Alkartasuna taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren sailen arteko koordinazio faltari buruz. (09\10\05\01\0654)
12. Galdera, Antonio Basagoiti Pastor Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko Alderdi Sozialistako presidenteak "euskal konstituzio" bat planteatzeari buruz. (09\10\05\01\0655)
13. Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Pasaiako kanpoko portuaren proiektua bertan behera uzteari buruz. (09\10\05\01\0658)
14. Galdera, Carlos Olazabal Estecha Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari egina, perspektiba ekonomiko berrien aurrean doitzeak egiteko asmoari buruz. (09\10\05\01\0656)
15. Interpelazioa, Ane Urkiola Alustiza Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari egina, Euskadin ustez lapurturiko haurtxoen gaineko konplotari buruz. (09\10\04\01\0337)
16. Jaurlaritzak kontua ematea, Erregelamenduaren 11.4 artikuluaren arabera, Metro Bilbaoko antolakuntzaren garapenerako eta aldak etaren gestiorako proiektuari buruz Amaia Arregi Romarate Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari egindako informazio-eskaerari dagokionez. (09\10\07\02\2860)
17. Galdera, Mikel Arana Etxezarreta Mistoa-Ezker Anitza-IU taldeko legebiltzarkideak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari egina, zor hipotekarioak berriz negoziatzeko kreditu-erakundeekin izan diren elkarrizketei buruz. (09\10\05\01\0646)
18. Galdera, Laura Garrido Knörr Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari egina, gizarte-laguntzen kudeaketan Lanbiden sortu den kaosari buruz. (09\10\05\01\0644)
19. Galdera, Amaia Arregi Romarate Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari egina, haur-etxeei buruz. (09\10\05\01\0660)
20. Galdera, Daniel Maeztu Perez Aralar taldeko legebiltzarkideak Osasun eta Kontsumoko sailburuari egina, Nafarroako Bortziriak eskualdeko herritar eta udalek salatu duten egoerari buruz. (09\10\05\01\0647)
21. Galdera, Kerman Orbegozo Uribe Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Osasun eta Kontsumoko sailburuari egina, Osatek sozietate publikoari buruz argitaratutako berrien inguruan. (09\10\05\01\0661)
22. Galdera, Bakartxo Tejeria Otermin Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari egina, Itsasmendikoik ematen duen formazioa Hezkuntzara pasatzeko asmoaren inguruan. (09\10\05\01\0662)
23. Interpelazioa, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Kulturako sailburuari egina, Helsinkin beste Guggenheim museo bat jartzeaz Eusko Jaurlaritzak dituen irizpideei buruz. (09\10\04\01\0342)
24. Interpelazioa, Juanjo Agirrezabala Mantxola Mistoa-Eusko Alkartasuna taldeko legebiltzarkideak Kulturako sailburuari egina, Praileaitz babestu beharrari buruz. (09\10\04\01\0343)
25. Galdera, Mikel Basabe Kortabarria Aralar taldeko legebiltzarkideak Kulturako sailburuari egina, diru-laguntzen ordainketa atzeratzeko erabakiari buruz. (09\10\05\01\0651)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)