Hauteskundeak 2024
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Euskadi Irratian

2023-12-11

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizen Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Bertan, hezkuntza arloarekin zerikusia duten gaurkotasuneko hainbat gairen inguruan aritu da sailburua.

Gaur bertan gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan hasi den bost eguneko greba deialdiaren inguruan, ezer baino lehen, hausnarketa bat egin nahi izan du Bildarratz sailburuak, ikasleak erdigunean jarririk, alegia, bost eguneko zubi baten ondoren beste bost eguneko grebak zein ondorio izango dituen ikasleentzat. Hausnarketa hori egin ondoren, “gauzak konpontzeko formula bakarra” dagoela nabarmendu du, “elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa”. Ildo horretan, bi aldeak –patronalak eta langileen ordezkariak- elkarrizketara eta adostasuna lortzera albait azkarren lortzera gonbidatu ditu.

Legebiltzarrean laster onartuko den Hezkuntza Lege berriaz berriz, Bildarratzek nabarmendu du arau horretan eskola publikoa dela ardatz nagusia eta gehitu du, oraindik abenduaren 21era arte badagoela denbora beste alderdiren baten gerturatzea egon dadin, baina “ez dut borondaterik ikusten” esan du, “beste giro batean sartu gara, eta giro horrek ere zaildu egiten du”, azaldu du.

Horren ildotik, azpimarratu du 2022ko apirilean Legebiltzarrean lortutako akordioan datozen 12 urteetarako jasotako 43 neurri zehatzak “onartuta eta adostuta daude, eta hurrengo urteetan aplikatzeko kronograma bat ere badute. Horiek martxan jartzen ari gara”.

Berriki ezagutu diren 2022ko PISA txostena hizpide harturik, konfiantza mezu bat zabaldu nahi izan du Bildarratzek. “Hezkuntza sistema oso ona daukagu, eta kalitate handiko profesionalak ditugu”, eta gehitu du dagoeneko hainbat neurri hartzen hasia dela Hezkuntza Saila, Hezkuntza Legea eta honek dakartzan hainbat neurri aipatuz, hala nola, segregazioaren kontrako neurriak, udaletxeen parte hartzea, formazioa, zuzendarien profesionalizazioa edo unibertsitateekiko elkarlaneko ikerketak. PISAk konpetentzia jakin batzuen uneko argazkia erakusten duela azaldu du, eta txosten horren emaitzak, gainerako ebaluazioetakoekin batera “ondo aztertu” behar direla orain gehitu du. “Horrek lagunduko digulako erabakiak hartzen, momentu honetan segregazioaren inguruan edo egoera sozioekonomiko baxuko ikasleekin hartzen ari garen bezala”.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Eiderberazadi
    2023-12-12

    Comentario de Twitter:
    Kazetaritza.
    (Sailburuak konfunditzen du mediokritatea ekitatearekin. Ez gara ekitatiboagoak ikasle gehiago urrunago dagoelako)
    https://t.co/YcJAhuX3sP https://t.co/9HErDmfI73

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak