Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Dagoeneko hogeitik gora dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratu diren gerra zibilean desagertutako gudari eta milizianoen gorpuzkiak

2023-12-05
  • Bi identifikazio-txapa aurkitu dira, eta hipotesi nagusia da inguruko gerra-fronteetan eta Amorebietako Ospitale Militarrean hildako gudulariak direla
  • Nerea Melgosa sailburuak dei egiten die desagertuen familiei DNA lagin bat eman dezaten, Gogora Institutuaren bidez, balizko identifikazioak bideratzeko
  • Desobiratze lanak ez dira amaitu eta kopurua haztea aurreikusten da

 Vitoria-Gasteiz, 2023/12/05

Nerea Melgosa sailburuak Amorebieta-Etxanoko hilerrian egiten ari diren indusketa-lanak bisitatu ditu gaur eguerdian. Herriko alkate Ainhoa Salterainekin eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin batera. Nerea Melgosak Gerra Zibilean desagertutako 20 biktimaren gorpuzkiak aurkitu dituztela iragarri du "gaur, beste behin ere, Euskadin Gerra Zibilaren biktimen gorpuzkiak hobitik ateratzen ari gara. Orain arte 20 atera dituzte lurpetik, baina litekeena da kopuru horrek gora egitea ".

Aste honetan zehar egingo diren desobiratze lanek aurrera egin ahala, argi pixka bat igorriko dute hobian lurperatutako biktimen gainean. Izan ere, gudularien berezko jantziak aurkitu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek,  eta baita bi identifikazio-txapa ere. Beraz, hipotesi nagusia da Zornotzatik gertu dauden gerra-fronteetan hildako gudulariak direla, adibidez Bizkargin, edo Zornotzako ospitale militarrean hildakoak. Gogora Institutuak 300 hildakotik gora ditu erregistratuta, ezaugarri hauekin bat datozenak. Hala eta guztiz ere, gorpuak desobiratzean lortutako informazioa dokumentu- eta artxibo-iturriekin alderatzeak ahalbidetuko du identifikazioa mugatzea eta zuzentzea, biktima horien senide posibleekin harremanetan jarrita.

Zentzu honetan, Nerea Melgosa sailburuak honakoa esan du "Espero dugu hemendik aurrera identifikatu ahal izango ditugula eta beren familiei itzuliko dizkiegula. Horregatik, beren senitartekoa Amorebietan edo inguruko mendietan hil zela susmatzen duten familia guztiei dei egiten diet beren lagin genetikoa Gogora Institutuari eman diezaioten".

Lurpetik ateratzeko lanak hilerriko eremu konkretu batean egiten ari dira. Dokumentazio historikoaren arabera, gerran hildako pertsonak lurperatu zituzten hor, bai gudari eta milizianoak, bai ospitalean hildako zaurituak edo Amorebietako emakumeentzako espetxean preso zeudela hil zirenak. Desobiratze lanak ez dira oraindik amaitu, eta, beraz, gorpuzki gehiago berreskuratzea espero da.

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek erakundeen arteko lankidetza goraipatu du Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko programaren barruan Amorebieta-Etxanoko hilerrian egin den indusketa dela eta: "gure historiako garai ilun honi lotuta dauden hainbat gorpu aurkitu dira. Gure inguruan Gerra Zibilarekin lotutako ehorzketak zeudela bagenekien, baina aurkikuntza honek garrantzi berezia du, Memoria Historikoa zaintzeko konpromiso irmoa baitugu. Aurkikuntza hau berreskuratze, ikerketa eta dibulgazio zientifikoko prozesu integral baten barruan kokatzen da. Prozesu osoa zornotzarren eta, oro har, euskal herritar guztien sentsibilitate sozialarekiko arreta handiz egin da. Egiarekin, justiziarekin eta bakearekin dugun konpromisoaren adierazle da".

Salterainek Amorebieta-Etxanoko Udalaren konpromiso erakutsi du datozen urratsekiko: "agente ezberdinekin lankidetza estuan egingo dugu lan, gorpuak lurpetik ateratzea eta biktimak identifikatzea errespetuz eta duintasunez egiten dela bermatzeko".

Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko programa

Ekimen hau Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen ‘Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko Programaren’ barruan kokatzen da, eta, zehazki, egunotako jardunak Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza du.

Maiatzaren 5ean, lehen zundaketa bat egin zen eremu horretan, eta hezur eta objektu batzuk aurkitu ziren, hala nola gerriko bat eta garai hartako txanpon bat. Aurkikuntza horren ondoren, zonaldearen indusketa osoa egiteko beharra sortu zen, egunotan aurrera eramaten ari dena.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2023-12-05

    Comentario de Twitter:
    🧬 Nerea Melgosa sailburuak dei egiten die desagertuen familiei DNA lagin bat eman dezaten, Gogora Institutuaren bidez, balizko identifikazioak bideratzeko

    👉 https://t.co/vkxu70JhwL

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2023-12-05

    Comentario de Twitter:
    🕊️ Recuperados los restos de más de 20 gudaris y #milicianos de la guerra civil en el cementerio de #Amorebieta - #Etxano

    #GOGORA #Memoria #GuerraCivil #Frankismoa 🧵

    👉 https://t.co/AJlHPLe00X https://t.co/X93bAwmloT

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ainhoa Salterain (Amorebieta-Etxanoko alkatea); Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak;