qrcode

Euskarazko manga liburuak erosteko aukera egongo da Durangoko Azokan

2023-12-05

HARRIET argitaletxeak, KABE zigiluaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan, euskarazko irakurketa sustatu nahi du gazteen artean. Horretarako, Durangoko Azokaren 58. edizioan MANGA EUSKARAZ kanpaina jarriko da abian.

Eusko Jaurlaritzako gobernu programan azaltzen diren egitekoen artean, aipatzekoa da, euskara gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea. Bai lan eremuan, bai ingurune digitalean, familia-transmisioan zein aisialdian. Eta hori betetze aldera, euskararen erabilera sustatzeko programak indartzeko konpromisoa hartua du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.

Horrekin bat egiten du  HARRIET argitaletxeak une honetan duen erronkak: kalitatezko argitalpen-funts bat sortzea, hainbat publiko-segmenturi zuzendua: haurrentzako komikiak zaletasuna sortzeko, abentura- eta genero-komikiak zaletu klasikoenentzat, edo komiki modernoagoak bestelako sentsibilitateak asetzeko.

Harriet Argitaletxea, KABE zigiluarekin, MANGA euskaraz argitaratzen hasi zen urtean, estatuan 1380 manga titulu argitaratu ziren gazteleraz, 58 katalanez eta 2 euskaraz. 2021eko azaroan, estatuan gehien saldu ziren 100 liburuetatik 20 mangak izan ziren, todostuslibros.com  zerrendaren arabera.

MANGA euskaraz egitasmoari dagokionez, euskarara itzulitako tituluak aukeratzeko irizpideak, historiaren nahiz proposamen grafikoaren kalitateaz gain, genero aniztasuna, sail bakoitzeko liburu kopurua eta, lehentasunez, gaztelaniara itzulita ez zeudenak izan dira.

Urtebetean lau serie atera dira, eta guztira hamaika liburu argitaratu dira oraingoz; datorren urtera begirako aurreikuspena da hasitako serieekin jarraitzea eta serie berriak gehitzea, baita Europan argitaratu gabeko baten bat ere. 

Kanpainari dogokionez, abenduaren 7an (ikasleen goiza) eta 8an, interesa duten 10 urtetik gorako gazteek marrazki edo bineta bat egin beharko dute MANGA-estiloan eta euskarazko testuarekin. Azokan egongo diren Cosplayerrak, manga pertsonai ezagunez mozorrotutako pertsonak, aurkitu beharko dituzte. Haiek arduratuko dira marrazkiaren ordez opari-bonu zenbakitua emateaz. HARRIET argitaletxeko postuan, opari-bonua aurkeztuz gero, KABEren euskarazko MANGA bat eskuratu ahal izango dute.

Guztira 500 opari-bonu banatuko dira, kanpainaren egun bakoitzean 250.

Abenduaren 8an, 14:30ean, Durangoko Azokako Areto Nagusian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta HARRIET – KABEko ordezkariek euskarazko manga liburuen aurkezpena egingo dute, euskal gazte mangazaleek egindako marrazkiez inguratuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak