Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, azaroa oso epela eta bustia izan da

2023-12-04
  • Azaro baterako tenperatura minimo altuenen efemerideak erregistratu ziren
  • Itsasertzean hilabetea oso bustia izan da, eta Araba hegoaldean, berriz, normala

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, azaroa oso epela eta hezea izan da Euskadi osoan, eta deigarriena erregistratu diren tenperatura minimo bereziki altuak izan dira, behaketa-sareko estazio batzuetan errekorrak ere hautsi baitira. Bestalde, azaroa bustia ere izan da orokorrean, eta itsasertzeko leku batzuetan oso bustia izan da eta Araba hegoaldean, berriz, normala.  

Euskalmeten arabera, azaroko batez besteko tenperaturak 14 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 10º C-ra gerturatu dira. Balio horiek, Euskadi osorako, 1,9 ºC-ko anomalia positiboa suposatzen dute 1981-2010 aldi normalarekiko. Mende honetako bosgarren azarorik beroena izan da.

Hilabetearen lehenengo 10 egunetan egun hotzak eta beroak tartekatu ziren, baina, gainerantzean, egun beroak nagusitu dira, eta hilaren 13an eta 14an, esate baterako, batez bestekoa baino 8 ºC altuagoak izan ziren. Horrela, gau tropikalak izan genituen (Galindo 20,6 °C; Zorrotza 20,4 °C) eta azaroko tenperatura minimo altuenen errekorrak hautsi ziren leku askotan, batez ere barnealdean.

Bestalde, sasoiko lehenengo izotza azaroaren 7ko goizaldean egin zuen (Kanpezu -1,8 °C; Antoñana -1,4 °C), eta ez zuen beste izotzik egin 25 eta 26ra bitartean (Iturrieta -3,5 °C; Navarrete -2 °C).

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa, orokorrean, batez bestekoaren gainetik ibili da, eta handiagoa izan da Euskadi hegoaldean. Gipuzkoako kostaldean, aldiz, ohikoa baino intsolazio baxuagoa erregistratu zen. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 92 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 94 eta Gasteizek 109.

Prezipitazioei dagokienez, berriz, euri gehien Gipuzkoako ipar-ekialdean egin du (Eskas 469,1 l/m²; Ameraun 304,4 l/m²), eta balio baxuenak, berriz, Arabako hegoaldean erregistratu dira (Zambrana 51,2 l/m²; Nanclares 62 l/m²). Azaroko zortzi egunetan bakarrik prezipitazio-kopuru handiak neurtu ziren, eta hilaren 30a izan zen hilabeteko egunik euritsuena, 24 orduan 40 l/m²-tik gora bota baitzituen Euskadi iparraldeko eta hegoaldeko toki batzuetan (Urkizu 52,9 l/m²; Tobillas 46,5 l/m²).

Alde horretatik, euri-egunak urte-sasoi honetarako ohikoak direnak baino gehiago izan dira, bereziki isurialde kantauriarrean, eta aipatzekoa da itsasertzean 20 euri-egun izan direla eta Gasteizen 13.

Muturreko meteorologiari dagokionez, azaroan zehar Eusko Jaurlaritzak 9 alerta laranja aktibatu zituen, horietatik sei haizeagatik eta hiru nabigaziorako olatuengatik, eta 20 abisu hori, horietatik 10 haizeagatik eta beste 10 itsasaldeko arriskuagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)