qrcode

Estatuko azaroko KPIaren moderazioa Astekonomiaren goiburuan dago gaur, txikizkako eta saltoki handietako merkataritzaren salmentak ere barne hartuta

2023-12-01

Azaroko Estatuko KPIaren moderazioak abiapuntua jartzen du gaur Astekonomian. Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpena da, txikizkako merkataritzak eta saltoki handietako salmentek urrian izandako bilakaera desberdinean ere arreta jartzen duena. Aste honetan jasotako laugarren adierazlea hipoteka-merkatuaren bilakaera da, urteko lehen bederatzi hilabeteetan beherakada nabarmena izan baitu.

Estatuko KPIaren adierazle aurreratua % 3,2koa izan zen azaroan, aurreko hilean baino hiru hamarren txikiagoa. Bilakaera hori erregaiek eta pakete turistikoek izandako prezioen jaitsierak eragin zuen. Halaber, elikagaien eta edari alkoholdunen prezioen igoera 2022ko azaroan baino txikiagoa izan zen.

Bestalde, EINek argitaratutako azken informazioaren arabera, urrian txikizkako merkataritzako salmentak % 3,3 igo ziren aurreko urteko hil beraren aldean. Aitzitik, aurreko hilabeteetan ez bezala, salmenten hazkunde horrek ez zuen ekarri okupazioaren gorakadarik (% 0,0).

Bilakaera ezberdina izan zuten hil berean, urrian, Euskadiko saltoki eta elikadura-kate handien salmentek, % 0,6 jaitsi baitziren aurreko urtearen aldean. Beherakada hori elikagaien salmentan (–% 0,7) eta gainerako produktuenetan (–% 0,5) izan zen. Aitzitik, enpleguak bere bilakaera positiboarekin jarraitu zuen eta % 1,2 hazi zen.

Azkenik, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, etxebizitza erosteko hipoteken sinadurak % 15,6 egin du behera aurreko urteko aldi beraren aldean. Zehazki, irailera arte 15.000 hipoteka inguru eratu ziren Euskadin, aurreko aldian baino ia 3.000 gutxiago. Interes-tasa altuek baldintzatzen dute bilakaera hori.

 

Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko