Berriak Osasuna
qrcode

Sagardui: “Osasun Publikoko Legearen onarpena garrantzi handiko mugarria da, herritarren osasuna hobetzeko eraginkorragoa den lege-esparru eguneratua ematen baitio Euskadiri”

2023-11-30

Euskadin gai hori berariaz arautzen duen lehen araua da, eta, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak esan duenez, arauaren helburua da osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloan pertsonek dituzten eskubideak are gehiago bermatzea

Legeak osasunaren printzipioa sakontzen du politika guztietan, osasunaren determinatzaileen gaineko ekintza indartu dadin, eta bi koordinazio- eta partaidetza-organo sortzea aurreikusten du, Osasun Publikoaren Institutuaz gain


Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua pozik agertu da Eusko Legebiltzarrak gaur Osasun Publikoaren Legea onartu ondoren. Gai hori berariaz arautzen duen lehen araua da, eta garrantzi handiko mugarria da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren osasuna babestu eta sustatzeko lege-esparru eguneratua ematen baitio Euskadiri, interes goreneko ondasun publikoa baita. Horrela, osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloan pertsonek dituzten eskubideak are gehiago bermatuko dira.

Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, hogeita bost urte hauetan, osasun publikoaren kontzeptua bera ere aldatu egin da, osasun-sistematik osasun-determinatzaileetan eragina duten gainerako eremuetara ere zabaldu baita —COVID-19aren pandemiak argi eta garbi erakutsi duen dimentsio berria—. Ildo horretatik, Sagarduik adierazi du ziur dagoela gaur onartutako Osasun Publikoaren Legea tresna eraginkorra izango dela XXI. mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen beharrei zein nazioarteko erakundeek definitutako lehentasunei erantzuteko.

Horretarako, legeak osasunaren printzipioa sakontzen du politika guztietan —Eusko Jaurlaritzaren jardunaren oinarrietako bat—. Horrela, osasunaren determinatzaileen gainean eraginkortasun handiagoz jardun ahal izango da, esparru horretako eskumenak, prestazioak eta zerbitzuak argi eta garbi definituz. Horrek berarekin dakar Euskadiko Osasun Publikoko Sistema sare artikulatu gisa egituratzea, osasun-sistemarekin eta administrazio publikoekin koordinatuta. Sistema horrek bi koordinazio- eta partaidetza-organo izango ditu: batetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua —unibertsitateak, Emakundek, gobernuz kanpoko erakundeek, kontsumitzaileek, Osakidetzak, hedabideek, Gazteriaren Kontseiluak, pentsiodunek eta erretiratuek, auzo-elkarteek, erakundeek eta gizarte zibileko gainerakoek osatua—,eta bestetik, Osasun Publikoaren Erakunde Arteko Batzordea —osasunaren arloan eragina duten Eusko Jaurlaritzako sailen, udalen eta foru-aldundien arteko koordinazio-foroa—.

Legeak agerian uzten du eta garrantzia ematen dio osasun publikoa babesten eta sustatzen duten profesionalen lanari, eta Osasun Plana arautzen du, arlo horretako tresna nagusi eta jarduketen esparrua den heinean. Gainera, Osasun Publikoaren Institutua sortzen da, eta Osasun Sailari atxikitako erakunde autonomo hori abian jartzeko 18 hilabeteko epea ezartzen da.

120 ARTIKULU 10 TITULUTAN

Legearen testuak 120 artikulu ditu, 10 titulutan banatuta, baita 6 xedapen gehigarri, 3 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile 1 eta 3 azken xedapen. Bertan definitzen dira, halaber, Euskadiko Osasun Publikoko Sistemaren funtzio eta jarduketa nagusiak. Laburbilduz, honako hauek dira:

-Herritarren osasuna eta ongizatea zaintzea, funtsezko tresna den Osasun Publikoa Zaintzeko Sarearen bidez.
-Osasun arazoen prebentzioa, baita eta, berariaz, adikzioen eta mendekotasunena.
-Osasuna sustatzea, gizarte-determinatzaileei begira ez ezik, jokabide osasungarri indibidualei begira ere.
-Osasunaren babesa, barnean direla elikadura-segurtasuna eta ingurumen-osasuna.
-Osasun-larrialdiei aurre egiteko jarduketa.
-Eskola-osasuna.
-Lan-osasuna.
-Euskadiko Osasun Publikoko Laborategia.
-Osasun publikoaren arloko ezagutzen informazioa eta hedapena.
-Prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza.
-Osasun-agintaritza, barnean direla kontrola eta zigorrak.


Azkenik, Osasuneko sailburuak nabarmendu eta eskertu nahi izan du zenbait estamenturen konpromisoa eta ekarpena, hala nola udalena, sindikatuena, arlo akademikoarena, profesionalena, partikularrena, legebiltzarkideena eta Osalanena, beren alegazioen eta iradokizunen bidez hasierako testua nabarmen hobetzen lagundu baitute.

3 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-12-03

    Ingurumen-osasuna alde batera utzi gabe, ingurumenaren kalitate txarrak kalteak eragiten ditu, ingurumen-justizia emango balitzaio erantzukizun handiagoak edo txikiagoak eskatzeari, agente kutsatzaileei dagokienaren arabera, ez gaurko ogia eta biharko gosea ematea.

  • Argazkia Xaver
    2023-12-03

    Sin descuido salud ambiental, una mala calidad del medio supone afecciones, si se diese justicia ambiental a reclamar responsabilidades mayores o menores según corresponda a agentes contaminadores, no eso de dar pan para hoy y hambre para mañana.

  • Argazkia SN Robot
    @ACTAE_asoc
    2023-12-01

    Comentario de Twitter:
    Ley de Salud Pública - renovada en Euskadi by @Irekia https://t.co/9RDASIKM4l

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak