Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

ELA, LAB, ETA ESTEE/EILAS Sindikatuek otsailaren 9rako deitu duten grebarako gutxieneko zerbitzuak

2012.eko otsailak 06

 ELA, LAB, eta STEE/EILAS erakunde sindikalek grebarako deialdia egin dute 2012ko otsailaren 9rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barnean dauden sektore publikoaren zerbitzuko langile guztiak -funtzionarioak, lan-kontratudunak eta estatutupekoak- eta estatu-, autonomia- eta toki-arloko administrazioko, merkataritza-sozietate publikoetako eta gainerako erakunde publikoetako eta estatu-, autonomia- eta toki-arloko sektore publikoko erakundeetako jarduerak barne hartzen ditu, edozein administrazioren mendeko direla ere.

Deitutako geldialdia 2012ko otsailaren 9an izango honako ordu-tarte hauetan:

Administrazio autonomikoa, Osakidetza eta Hezkuntza izan ezik: 11:00etatik 15:00etara.

Hezkuntza: 11:00etatik 18:00etara.

Osakidetza: 11:00etatik 19:00etara.

Estatuaren Administrazioa eta Justizia Administrazioa: 11:00etatik 15:00etara.

Toki eta Foru Administrazioa: 11:00etatik 19:00etara.

Merkataritza-sozietate publikoak, enpresa-arloko erakunde publikoak eta sektore publikoko gainerako erakunde publiko eta bestelako erakundeak: 11:00etatik 19:00etara.

ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuen deialdia, Hezkuntzaren sektorerako deialdi orokorrarekin aldi berean gertatuko den ordutegiarekin.

- ETB-Bizkaiko enpresa-batzordearen deialdia, 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

- ETB, EA - Gipuzkoako enpresa-batzordearen deialdia, 12:45etik 14:45era eta 15:00etatik 17:00etara.

- Eusko Irratiko enpresa-batzordearen deialdia, 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

- EITBko enpresa-batzordearen deialdia, 14:30etik 16:30era.

- Deialdi bikoitza Metro Bilbao, SAn. Alde batetik, ELA eta LAB sindikatuak, 07:30etik 09:30era eta 17:30etik 19:30era, eta, bestetik, enpresa-batzordea ordutegi berean baina arrazoi desberdinekin.

- LAB eta ELA sindikatuen deialdia Bilbao Bizkaia Ur Partzuergorako, 11:00etatik 15:00etara.

- LABen eta ELAren deialdia Tuvisa Transportes Urbanos de Vitoria enpresarako, 08:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

- Eusko Trenbideak erakundeko enpresa-batzordearen deialdia, 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era.

- ELAren eta LABen deialdia Euskal Trenbide Sarerako, 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau ebatzi du:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoan sektore publikoko langile guztiek 2012ko otsailaren 9rako, ordu-tarte desberdinetan, deialdia egin zaien grebarako eskubidea balia dezakete, betiere ondoren adierazten diren funtsezko prestazioak eta horien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak atxikita:

1.- Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, osasun-zerbitzuak emateaz arduratutako erakunde publikoak, honako zerbitzu hauek mantenduko ditu:

a) Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.

b) Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku bat zentroan, etxeko arretako mediku bat, arretako erizain bat zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako Zentroak.

c) Larrialdi-zerbitzuen eta Atentzio Iraunkorreko Guneen % 100.

2.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

3.- Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantendu edo atxikiko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Horretaz gain, laguntza behar duten pertsonak Eguneko Zentroetara eramateko titulartasun publikoko garraio bereziak lan egingo du.

4.- Adingabeen egoitzetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

5.- Ikastetxe publikoetan, unibertsitate-zentroetan eta haurreskoletan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak mantenduko dira honako langile hauekin:

a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza:

1) Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

2) Eskola-egutegian planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea:

1) Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

2) Egutegi Akademikoan planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

6.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

7.- Titulartasun publikoko bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

Greba hasi baino lehen ekinean diharduten zerbitzuak mantendu beharko dira beren ohiko ibilbidea bukatu arte. Halaber, lanuzteak bukatutakoan, trenek, tranbiek, autobusek eta gainontzeko garraiobideek hurrengo zerbitzuen abialekuetan edota heltzeko lekuetan egon beharko dute.

7.1.- Zehazki, Metro Bilbao SA enpresan, greba-ordutegian honako langile hauek geratuko dira Aginte Toki Nagusian: ATNko gainbegiratzaile 1, Trafiko eta Energiako operadore 1, Segurtasun eta Komunikazioetako operadore 1. Era berean, segurtasunerako edo pertsonen bizitzarako arriskua dakarten egoera premiazko eta atzeraezinei erantzuteko Premiazko Konponketako Lantaldearen (PKL) talde batekiko baliokidea den pertsona kopurua baliatuko da.

Basauri; Ariz; Etxebarri; San Inazio; Santurtzi; Bidezabal; Ibarbengoa-Getxo; Larrabasterra; Sopelana Torre; Urduliz eta Plentziako geltokietan, normalki lanpostu horretan diharduen pertsona bat izango da egon daitezkeen gorabeherei erantzuteko.

7.2.- Eusko Trenbideak enpresan, hainbat arlori -Azpiegiturak eta Trenbidea, Energia, Komunikazioak, Seinaleak, Material Mugikorreko eta Errepide Materialeko Tailerrak eta Lineen Ikuskapena- dagozkien mantentze-lanak jaiegun batekiko baliokidea den langile taldeak emango ditu, eta langile horiek ez dira inoiz ere izango normalki lan horietan aritzen diren langileen heren bat baino gehiago. Langileen antolaeraren barruan, PKL Premiazko Konponketako Lantaldeetan barne harturiko langileak bildu beharko dira).

7.3.- Tuvisa enpresan, horri dagokionez, Txandako Ikuskatzaile 1 eta Tailerretako pertsona bat izango dira lanean.

8.- Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren titulartasun publikoko enpresek eta erakundeek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

9.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

Bigarrena.- Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero.

Langileen ordezkariei entzun eta gero, herri-administrazioetako eta titulartasun publikoko erakunde eta enpresetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

Hirugarrena.- Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.- Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Agindua osorik (EHAArako lotura)

Akats zuzenketa  (EHAArako lotura)

Iruzkin bat
  • @PabloOlmillos
    2012.eko otsailak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: ELA, LAB, ETA ESTEE/EILAS Sindikatuek otsailaren 9rako deitu duten greba gutxieneko zerbitzuak. http://t.co/TlgWipHN

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan