Berriak Hezkuntza
qrcode

Ikaslab: ikasgelak eraldatuz ikasteko metodologiak berritzeko proiektua

2023-11-29
  • Ikaslab proiektuaren inguruko jardunaldia burutu du Hezkuntza Sailak gaur Bilbon, abian diren esperientziak partekatzeko eta ikas-espazioen esperimentazioan gehiago sakontzeko
  • Espazio fisiko malgu eta argiak sortuz eta metodologia aktiboak erabiliz, ikaslea ikasketa prozesuaren protagonista bihurtzen du Ikaslab proiektuak
  • Euskadiko 10 ikastetxe publikok dagoeneko abian dute Ikaslab espazio bana, eta beste 13 ikastetxe proiektua garatzen ari dira

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera ireki du gaur goizean Bilbon, Hezkuntza Saila garatzen ari den Ikaslab proiektuaren inguruan antolatutako jardunaldia. “Ikaslab: ikas-espazioak esperimentatzen” goiburuarekin, 200 lagunetik gora elkartu dira Bilbon, Ikaslab espazio bat abian jarri duten edo jartzekotan diren ikastetxeetako ordezkariak gehien bat, baina baita Berrikuntza Arduradunak ere. Esperientziak partekatu eta proiektuak dakartzan planteamendu metodologiko berritzaileez ikuspuntuak trukatu dituzte, ekimena gainerako ikastetxeei ezagutarazteko helburuz.

Egitaraua osatzeko, Gasteizko Koldo Mitxelena BHI eta Soraluzeko Plaentxi HLHI ikastetxeetako ordezkarien euren esperientzia azaldu dute, Bigarren Hezkuntzan lehenak eta Haur eta Lehen Hezkuntzan bigarrenak. Horrez gain, Edinburgoko Unibertsitateko Hizkuntzak eta Ikasgelako Pedagogian katedradun Do Coyle irakasleak ere “Espazioen alfabetatzeaz” hitzaldia eman du.

Ikaslab proiektuak espazio fisikoen inguruko esperimentazioa dakar Euskadiko Ikastetxeetara, ikasketa eta irakaskuntza prozesurako espazio berritzaileak sortu eta birpentsatzea. Espazio argiak, zabalak eta malguak ditu Ikaslab-ek, ikasleen arteko parte-hartzea, talde-lana, elkarrekintzak eta eztabaida sustatzen dituztenak. Altzari mugikor eta moldakorrez hornituak daude, eta ikaskuntza prozesurako gailu digitalak ere txertatzen dira bertan. Azken batean, ikaskuntza formalaren eta ez formalaren arteko muga gainditu nahi du Ikaslab proiektuak, espazioak horretarako egokituta.

2022-2023 ikasturtean abiatu zuen Hezkuntza Sailak Ikaslab, proiektu pilotu gisa, eta UPV/EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultatearekin ikerketa prozesua abian du espazio hauen eragina ikertzeko, Euskal Hezkuntza Sistemarako eredu propioa sortze aldera. Berritzegune Nagusiaren aholkularitzarekin, dagoeneko 10 ikastetxe publikok martxan dute Ikaslab espazio bana, eta beste 13 horretarako lanean ari dira, proiektua diseinatzen eta espazioen erabileraren inguruko formakuntza jasotzen.

“Laborategia”

Jardunaldiaren irekiera ekitaldian hitza harturik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak proiektuaren ezaugarri nagusiak aletu ditu, nabarmenduz Ikaslaben helburua ez dela espazioak eraldatzea soilik, “baizik eta ikasleei praktikarik egokienak eta ereduak eskaintzeko tresna berriez baliatzea. Ikasleen beharretara moldatzeko, erakargarriago egiteko, beraien autonomia sustatzeko eta izpiritu ekintzailea bultzatzeko, partehartzea eraginez. Azken batean, ikasleak beraien ikaskuntzaren jabe izan daitezen”.

Ikaslab proiektuari “laborategi” ere deitu dio sailburuak, “ikas-espazio sortzailea eta berritzailea, guztiontzat. Espazioak berak ere, modu batean edo bestean, hezitzaile izaera hartzen du, etengabe eboluzionatzen ari den agertoki bat bezala, bertan egungo gizartearen premiei lotutako egoera zehatzei eta konplexuei eman beharreko erantzunak eztabaidatzeko eta lantzeko. Ezagutzak eta konpetentziek topo egiten dute espazio honetan”. Ildo horretan, Ikaslab diziplinarteko ikasgaiak lantzeko eta eremuka lan egiteko “abagune ezin hobea” dela azpimarratu du.

Amaitzeko, proiektu honetan ikerketari eta ebidentzia zientifikoari ematen zaion garrantzia ere hizpide izan du, EHUko Hezkuntza Fakultatearekin Hezkuntza Sailak abian jarri duen ikerketaren karietara. “Guretzat oso garrantzitsua da unibertsitateekin ireki dugun estrategia berria, ikerketa kolaboratiboa, aholkularitza eta hobekuntza pedagogikoak bultzatzeko”.

Ikaslab: eraldaketa pedagogikorako espazio berriak

Ikaslab proiektuaren ardatza da metodologia aktiboen bidez ikasteko eta irakasteko prozesuak hobetzea, eta ikaslea bere ikasketa prozesuaren protagonista bihurtzea. Proiektuaren helburuen artean honako hauek nabarmendu behar dira, beraz:

  • Irakaskuntza-prozesuak berrikustea ahalbidetuko duten metodologia berriak praktikan jartzea, ikasleek XXI. mendeko trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten (ikerketa eta talde-lana, berdinen arteko ikaskuntza, erronken ebazpena...).
  • Irakasle zein ikasleek gaitasun digitala hobeto eskuratzea, teknologia digitalen hezkuntza-integrazioa irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren elementu eraldatzaile gisa lortzeko.
  • Eskolako espazioek duten garrantziaz eta ikaskuntzan duten eraginaz hausnarketa egitea. Ikasgela espazio malgu, eroso, sortzaile eta inspiratzaile bihurtzea, antolamendu fisikoan eta ikasgelaren girotzean aldaketak sartuz.

Ikaslaben espazio malgu eta ireki horiek ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko oztopoak haustea ahalbidetzen dute eta, horrela, ikasleen jakin-mina eta ikertzeko gogoa pizten da. Ikaskuntza sakonagoa eskuratzen dute ikasleek.

Hainbat gunetan

Espazio malgu horiek, aldi berean, hainbat gunetan banatzen dira, ikasleek txoko horietako bakoitzean egingo duten lanaren arabera:

  • Ikertu gunea: ikasleek autonomiaz jarduteko espazioa da, bakarka, bikoteka edo taldeka. Ikertzeko, informazioa bilatzeko eta autoesploraziorako aukerak ematen dizkie gune honek ikasleei, entzule pasiboak izan beharrean. Gune aproposa da Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza edota Ikerketan Oinarritutako Ikaskuntza baliatzeko.
  • Sortu gunea: jakintzaren sorkuntzarako gunea da; ikasleek ikaskuntza prozesuan landutako eta garatutako ezagutzak eurek sortutako produktu batean islatuko dituzte, informazioa bereganatze hutsetik harago. Ikasleak sortzaile edo maker Talde-lanak eta erabakiak hartzeko gaitasunak pisu handia dute hemen.
  • Komunikatu gunea: egindako lanak aurkezteko espazioa da. Sortutako lanak besteekin elkarbanatzeko ariketa horiek aurkezpen ortodoxoetatik harago joan behar dute, eta interaktibitateak, entzumen aktiboak zein feedbackak leku handia izan beharko dute. Teknologia berriek aukera ematen dute aurkezpen horiek modu presentzialean edo telematikoan egiteko.
  • Pentsatu gunea: ez da espazio fisiko bat; beste gune guztietan zeharka agertzen eta eragiten duen eta gune guztiak elkar lotzen dituen espazio transbertsala baizik. Pentsatuk ikas-irakas prozesuaren momentu guztietan egon behar du, ikasleek euren indargune eta ahulguneak ezagutu ditzaten.

Ikaslab proiektuaren planteamendu edo eskema nagusia den hau, ikastetxe bakoitzak bere errealitatearen edo hezkuntza proiektuaren arabera egokituko du, betiere proiektuak dakartzan oinarri teoriko nagusiei eutsiz, hala nola ikasleen autonomia eta protagonismoa ikas-irakas prozesuetan, irakaslearen laguntzaile rola, prozesu kognitiboen lanketa edo gaitasun kritiko eta konpetentzien garapena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak