Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak linea elektrikoak hobetuko dituzte Urdaibain, hegazti-fauna babesteko

2023-11-30
  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 352.810 euro bideratuko ditu sare elektrikoa modernizatu eta digitalizatzeko, eta, horrela, hobetu egingo da 118 euskarri elektrikoren integrazioa eta hauek hegazti-faunarekin duten interakzioa Biosfera Erreserban
  • Hitzarmen bat sinatu da I-DErekin (Iberdrola taldea), lau urterako, Next Generation EUk finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan. Lanen jarraipen-batzorde bat sortuko da

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eta Iberdrola taldeko banatzailea den I-DEko Iparraldeko Eskualdeko zuzendari Javier Arriolak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Urdaibaiko eta haren eragin-eremuko sare elektrikoaren elektrifikazioa, modernizazioa eta horren ingurumen-inpaktuaren murrizketa bultzatzeko, Next Generation EU bidez Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Aurtengo martxoan, Eusko Jaurlaritzak V. Euskadiko 2030eko Ingurumeneko Esparru Programa onartu zuen. Bertan, EAEko ingurumen-politika jasotzen da. Erreferentzia-esparru horrekin, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eskumena du honako arlo hauetan: ingurumenean, klima-aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia zirkularrean eta natura-ondarearen kontserbazioan. Bestalde, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU energia elektrikoa banatzen duen enpresa bat da, eta presentzia zabala du Euskal Autonomia Erkidegoan.

Kontuan hartuta azpiegitura elektrikoak ezinbesteko aktiboak direla ekonomia deskarbonizatzeko trantsizio energetikorako, beharrezkoa ikusi da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren inguruko sare elektrikoa indartzea eta modernizatzea, haren ahalmena eta fidagarritasuna hobetzeko, inguru horretako garapen ekonomikoak berak eskatzen dituen beharrei erantzunez.

Gainera, hitzarmenean aurreikusten diren jarduketekin, ingurumenarekiko sentikorrak diren inguruneetan (Urdaibain, esaterako) sare elektrikoek ahalik eta eragin txikiena izatea bermatu nahi da, eta hegazti-faunarentzako arrisku potentzialeko puntuak ahalik eta gehien murriztu.

Horretarako, jarduketa hauek egitea aurreikusten da:

  1. Sare elektrikoaren ahalmena eta fidagarritasuna eta inguru horretako sorkuntzaren ebakuazio-ahalmena handitzea, 132 kV-ko sarera konexioa indartuz eta potentziako soluzio elektroniko berritzaile bat instalatuz (soluzio hori euskal industriaren lankidetzarekin garatu da).
  2. Hainbat linea elektriko eta aireko transformadore lurperatzea, 250 euskarri elektriko eta 25 km-ko aireko lineak kentzeko.
  3. Goi-tentsioko 120 euskarri elektriko inguru egokitzea, hauei hegazti-fauna babesteko soluzioak emanez.

Next Generation EU-ren finantza-baliabideak

Eusko Jaurlaritzak emandako 352.810 euroko zuzkidura ekonomikoa Berreskuratze Tresna Europarretik ("Next Generation EU") eratorritako baliabideen bidez finantzatzen da, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

Bestalde, I-DE Iberdrola taldeko banatzaileak hitzarmenean jasotako gainerako jarduketak egikarituko ditu, baliabide propioak erabiliz elektrifikazio jasangarriarekiko hartutako konpromisoaren parte gisa.

Onartutako hitzarmenak lau urteko indarraldia du, eta hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko batzorde bat eratuko da. Batzorde horren buru Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketarako zuzendaria eta Bizkaia-Araba eremurako I-DEren arduraduna izango dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Arriola (I-DEko Iparraldeko Eskualdeko zuzendaria)