
Arriola sailburuak eta Adif AVko presidenteak abiadura handiaren Bilboko sarbidearen obra egiteko ardura Eusko Jaurlaritzaren esku uzten duen hitzarmena sinatu dute
- Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu Bilbo-Abandoko sarbide-korridorearen plataforma eraikitzeko obrak egikaritzea eta proiektuak idaztea
- Adif AVk bideari, elektrifikazioari, segurtasun- eta komunikazio-instalazioei eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioei lotutako obrak egikarituko ditu eta proiektua idatziko du
- Adif AVk bere aurrekontuetan sartuko du aginduan bildutako jarduketen zenbatekoa (aurrekontu horiek Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan daude)
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak eta Adif Alta Velocidad AVko presidente María Luisa Domínguezek hitzarmena sinatu dute, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uzten den Euskadiko trenbide-sare berriko Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridorearen plataformari eta eraikuntzari lotutako proiektuak idazteko ardura. Hitzarmena telematikoki sinatu da, dokumentuak azaroaren 21eko Euskadiko Gobernu Kontseiluan eta Espainiako Gobernuko azaroaren 14ko Ministro Kontseiluan oniritzia jaso ondoren.
Hitzarmen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arduratuko da, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundearen bitartez, abiadura handiaren Bilboko sarbide berriaren plataforma eraikitzeaz. Horretarako, dagoeneko ADIFek egikaritu duen Galdakao-Basauri tartea eta Abandoko etorkizuneko geltokiaren beheko maila lotuko dituen 6,2 km-ko luzerako tunel bat egingo da.
Adif AVk bideari, elektrifikazioari, segurtasun- eta komunikazio-instalazioei eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioei lotutako obrak egikarituko ditu eta proiektua idatziko du.
Hitzarmenak akordioaren baldintza ekonomikoak ezartzen ditu. Horren arabera, Adif AVk bere aurrekontuetan sartuko du aginduan bildutako jarduketen zenbatekoa (aurrekontu horiek Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan daude).
Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridorearen plataformaren proiektua idazteko kostuek 5,2 milioi euroko zenbateko zenbatetsia dute. Proiektua idazteko, Adif Alta Velocidad enpresak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jarriko ditu Bilbo-Abandoko geltokiari buruz idazten ari diren proiektuak eta azterlanak, baita Adif AVk sarbide-korridorearen inguruan egindako klima-aldaketari eta lur-mugimenduari buruzko azterlana ere.
Plataforma-obren aurreikusitako kostuak, eraginpean hartutako zerbitzuen birjarpena eta ingurumen-integrazioari, segurtasunari eta osasunari lotutako kostuak, besteak beste, 221,3 milioi eurotan baloratu dira, eta proiektua idazteko kostuei gehituta (desjabetzeak barnean hartu gabe), 226,5 milioi euroko inbertsioa dakarte.
Plataformaren proiektuaren oinarria Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (MITMA) “Euskadiko Trenbide Sare Berriaren Informazio Azterlana. Bilbo-Abandoko sarbide-korridorea eta geltokia” izango da, 2023ko urtarrilaren 25ekoa (2023ko otsailaren 1eko BOE, 27. zk.).
Proiektua idazteak eta Adif AVk bideari, elektrifikazioari eta instalazioei lotuta egingo dituen obrek 53,6 milioi euroko inbertsioa dakarte.