Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Euskal Herriko elikagaiak eta edariak, 62. Berlinalean

2012.eko otsailak 04

Eusko Jaurlaritzak, Basque Culinary Center-ekin batera Euskadiri buruzko jardunaldia antolatu du Berlinen, 62. Berlinaleko Zinema Gastronomikoaren (Kulinarisches Kino) harira. Hala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Industriako enpresen ordezkaritza bat izango da bertan, Alemaniako merkatuan harreman komertzialak egiteko.

Zehazki, Errioxa sor-markako Arabar Errioxako ardoak (Araex Export Group esportazio partzuergoa eta Heredad de Ugarte upategia), txakolina (Getariako Txakolina sor-marka), arrain eta arrainki kontserbak (CORPA Corporación Pascual Hermanos eta Hijos de Jose Serrats) eta Idiazabal sor-markako gazta (Basque Cheese) izango dira euskal produktuen ordezkariak .

Oraingo honetan, presentzia nabarmena edukiko du euskal sukaldaritzak zinema jaialdian, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz B.S.O. filma emango baitute.

Jardunaldia otsailaren 13an izango da, 11:30ean, Espainiak Berlinen duen enbaxadan (Lichtensteinalle, 1 - 10787 Berlin), eta hauxe izango da egitaratua:

● Rafael Dezcallar enbaxadorearen ongietorriaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek inauguratuko du ekitaldia, Eusko Jaurlaritzaren eta jardunaldian inplikatutako sailen izenean, eta Euskadi aurkeztuko die bertara agertzen direnei, euskal kulturari, turismoari eta elikadura industriari buruzko hitz batzuen bidez. Ondoren, mahai-inguru bat izango da, gastronomiari, arteari eta gizarteari buruz eztabaidatzeko.

Mahai-inguru horretan Andoni Luis Aduriz , Eneko Atxa eta Elena Arzak sukaldariek, Basque Culinary Centerreko zuzendari Jose Mari Aizegak, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Berlinaleko Kulinarisches Kinoko zuzendari Thomas Struckek parte hartuko dute. Feinschmecker aldizkariko erredakzioburu Madeleine Jakits-ek egingo ditu moderatzaile-lanak. 

● Jarraian, Euskal Elikadura Industria aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikagai Industriako zuzendari Amaia Barrenak.

Sarrera labur horren ondoren, Elena Arzakek eta Eneko Atxak prestatutako koktel bat eskainiko da.

Jardunaldia amaitzeko, Felipe Ugarte eta Beñat Iturrioz musikariek eta Mikel Aristegi dantzariak ikuskizun bat eskainiko dute. 

Informazio gehiago lortzeko eta harremanetan jartzeko

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrietan aurki dezakezu Euskal Elikadura Industriari buruzko informazio gehiago:

www.alimentosdelpaisvasco.net

www.vinosdelpaisvasco.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)