Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko Arc en Rêve zentroak Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria sortu dute
> Gaur goizean eman da ezagutzera bi erakundeek sustatutako nazioarteko sari berri hau. Etxebizitza mota hori kontinente oso baten bereizgarri gisa balioestea bilatuko du.
> Bi urtez behin egingo den lehiaketa izango da, eta Europako etxebizitza kolektiboaren arkitekturaren behatoki bihurtu nahi du, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatuta.
> Deialdi bakoitzeko lau kategorietako eraikin finalistak, publikoak zein pribatuak, bi erakunde sustatzaileen egoitzetan, Donostian eta Bordelen, erakutsiko den erakusketa kolektibo baten parte izango dira.
> Aurkezpena Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan egin da. Gaur arratsaldean amaituko da laugarren edizioa, sari berri honen Aholku Batzordeko hiru kidek parte hartuko duten mahai-inguru batekin.
Etxebizitza kolektiboa, Europan, etxeko eta komunitateko kultura bat dakarren bizitegi-eredu bat da; ondasun horrek, aldi berean, kontinente osoaren nortasuna markatzen du. Era berean, gizarte- eta kultura-elementu integratzailea da. Balioa emateko, European Collective Housing Award, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria, sortu da, Euskadiko Arkitektura Institutuaren eta Bordeleko Arc en Rêve arkitektura-zentroaren arteko lankidetzatik. Bizitegi-eraikinen sustapenak saritzea helburu duen nazioarteko saria da.
Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan eman da ekimenaren berri, eta gaur arratsaldean emango zaio amaiera laugarren edizioari. Mahai inguru batean izango da, hain zuzen ere, arlo horretan adituak diren hiru pertsonen parte-hartzearekin: Aurora Fernández Per (A+T architecture publishers sortu zuen kazetaria), Bernard Blanc (Mies van der Rohe saria eta Bordeleko Udal Kontseiluko kidea) eta Carmen Imbernón (Europan Españako idazkari nagusia). Horiek guztiek, Vittorio Magnago Lampugnani, Frankfurteko Arkitektura Museoko zuzendari ohia eta Zuricheko ETHko Historia eta Hiri Diseinuko katedradun ohiarekin batera, Sariaren Aholku Batzordea osatzen dute.
“Etxebizitza kolektiboa begien bistakoa izan daiteke hemen, baina Europatik kanpo ez da hainbeste; espazio publikoarekin eta ondare historikoarekin batera, Europako hiri-nortasunaren hiru ezaugarri nagusietako bat da, hiria egiteko eta gizartea kohesionatzeko balio handiko modu bat”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak, Pedro Jaureguik. Sail horrek bultzatu du sari berria.
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria bi urtez behin egingo den lehiaketa izango da, eta Europako etxebizitza mota horren arkitekturaren behatoki bihurtu nahi du. “Etxebizitza eskuratzea behin betiko arazo ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen bidegurutzea bihurtu da, bai eta estatuen eta botere publikoen eraginkortasun handiago edo txikiagoaren kalitate-adierazle ere. Egoera honetan, etxebizitza kolektiboa aldarrikatu behar da eta, bereziki, ekimen publikoko etxebizitza, kontzientzia soziala eta hiri-oreka sozioekonomikoa eta ingurumenekoa batzen dituen Europako nortasun-ikur gisa”, adierazi du Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendari José Ángel Medinak.
Bestalde, Fabrizio Gallanti Bordeleko Arc en Rêve arkitektura-zentroko zuzendariak adierazi duenez, "Europa balioan jarri beharreko etxebizitza kolektiboen tradizio luze batetik dator. Izan ere, hori da mistura eta gizarte-kohesioa bermatzen dituen formula, bai eta lurzoruaren neurrigabeko kontsumoa eta familia bakarreko etxebizitzen ekoizpen neurrigabeak sortzen duen ‘étalement urbain’-a saihesten duen neurrizko hiri-garapena ere”.
Horrela, sari honen bidez, eraikitako etxebizitza kolektiboen sustapenak saritu nahi dira, publikoak zein pribatuak, berritzaileak direnak eta "hiria egiten duen eta ingurumenaren aldetik arduratsua den soziabilitate berri baten balioak" irudikatzen dituztenak. Etxebizitzak sortzeko prozesuan parte hartzen duten alderdi guztiei zuzendutako ohorezko saria da, arkitektoetatik hasi, eta bertan bizi diren pertsonetaraino, eraikuntzaren, sustapenaren edo diseinuaren sektoreko adituez gain.
Ildo horretan, lau kategoria sarituko dira: ‘Obra berriko Ekimen Pribatuko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’, ‘Obra berriko Ekimen Publikoko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’, ‘Lehendik dauden eraikinak birgaitzearen edo eraldatzearen ondoriozko Ekimen Pribatuko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’ eta ‘Lehendik dauden eraikinak birgaitzearen edo eraldatzearen ondoriozko Ekimen Publikoko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’. Promozio finalistak bi erakunde sustatzaileen egoitzetan, Donostian eta Bordelen, erakutsiko den erakusketa kolektibo baten parte izango dira.
Europako Kontseilua osatzen duten 46 herrialdeetan eraikitako etxebizitzek parte hartu ahal izango dute deialdian. Oinarri osoak urtarrilaren 1ean argitaratuko dira eta hil horren 15ean hasiko dira hautagaitzak onartzen.
Saria abian jartzeko, Aholku Batzorde bat eratu da. Batzorde hori nazioartean aintzatespena duten aipatutako lau adituek osatzen dute. Horrez gain, epaimahai bat sortuko da, sustapen guztien bikaintasuna aurkitu eta balioztatzeko.
Fernández Per, Imbernón eta Blanc-ek ‘Etxebizitza kolektibo europarraren erronkak. Identitate komuna' mahai-inguruan parte hartuko dute gaur arratsaldean. Hori Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren itxiera ekitaldia izango da, eta Saria publikoaren aurrean aurkezteko ere balioko du. María Arana Mugak/ 2023ko komisarioak moderatuko du.