Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Segurtasun Sailak ekitaldi bat antolatu du A25 “Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” dela eta

2023-11-24
  • Jardunaldia 2023ko erakundearteko kanpainaren “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da” lelopean Emakundek sustatutako ekintzen barruan antolatu da

Eusko Jaurlaritzak berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen alde hartuta duen konpromiso irmoaren adierazgarri, Segurtasun Sailak gaur goizean lan-jardunaldi bat antolatu du Erandion, Emakundek A25, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, dela-eta sustatutako ekimenen esparruan.

Ekitaldiari hasiera emateko, Izaskun Urien Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztearen aldeko Eusko Jaurlaritzaren erakunde-adierazpena irakurri du. Jarraian, Josune Irabien Emakundeko idazkari nagusiak eta Ander Bergara Emakundeko Berdintasuneko teknikariak hitz egin dute Emakumearen Euskal Erakundeak Euskadin Beldur Barik edo Gizonduz bezalako ekintzekin edo EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. akordioa sinatuta egiten duen lanaz gogoeta egiteko.

2023ko azaroaren 25eko erakundearteko kanpaina

Azaroaren 25eko kanpaina, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunekoak, gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz ohartarazi dute gizartea. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek bultzatzen duten kanpainaren leloa honako hau da: "Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da", eta zenbait datu nabarmentzen ditu, hala nola:

  • Eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du.
  • Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da.
  • Nerabeen % 33,4k uste du pornoek eragin handia dutela beren sexu-harremanetan.

Teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak, eragin du pornografia masiboki hedatzea gure gizartean, aurrekaririk ez duen moduan, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin. Arazoa ez da gazteek eszena sexualak ikustea, indarkeriazkoak baizik, kontsumitzen ari diren pornoa bortitza baita emakumeen aurka.

Horrela, pornografia indarkeria-eskola bihurtzen ari da, harremanetan egin behar dutenari buruzko argibide-liburu moduko bat. Pornografia hori imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarreren normalizazioa ematen den; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den eta botere-harremanekin ordezkatzen den; menderatzen ikasten dute gizonek, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten dute emakumeek.

Kanpainak ohartarazten du nagusiki kontsumitzen den pornoaren bidez indartu egiten direla maskulinitate bortitza eta menderatzailea eta feminitate atsegingarria, emakumea kosifikatzen duena, betiere gizonezkoen gozamenaren aginduetara.

Emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko, gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jaso behar dute. Kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo da telebistan, irratietan, off line eta online hedabideetan eta sare sozialetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak