BCAM, BC3 eta BCBL ikerketa-zentroek 15 urte bete dituzte Euskadin zientzia indartuz
- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak BC3, BCAM eta BCBL ikerketa-zentroen sorrera bultzatu zuen 2008an Ikerbasque Fundazioaren bitartez.
- Hiru zentro hauek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako BERC (Basque Excellence Research Centers) sareari atxikita daude:
- BC3 zentroak klima-aldaketaren ingurumen-alderdiez zein alderdi sozioekonomiko eta etikoez ikertzen du
- BCAM zentroak biozientziei, fabrikazio aurreratuari eta energiari aplikatutako matematikaz ikertzen du
- BCBL zentroak kognizioaz, garunaz eta hizkuntzaz ikertzen du
- 350 ikertzailek baino gehiagok lan egiten dute ikerketa-bikaintasunaren Estatuko aintzatespen gorena lortu duten 3 zentro hauetan.
- 15 urte hauetan, 3 zentro hauek partaide izan dituzten ikerketa-proiektuek 171 milioi euro baino gehiagoko itzulkina ekarri dute Euskadira funtsen bitartez, 3.800 argitalpen baino gehiago plazaratuz nazioarteko ospea duten aldizkari zientifikoetan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu eta BERC Basque Excellence Research Centers sareko kide diren BC3, BCAM eta BCBL ikerketa-zentroek 15. urteurrena ospatu dute gaur. Ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Eusko Jaurlaritzaren zein zientzia-sistemaren ordezkariek parte hartu dute, zentro horiei atxikitako ikertzaileekin batera.
Eusko Jaurlaritzak Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa eratu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa bultzatzeko asmoz. Helburu horri begira, Ikerbasquek ikertzaileak erakartzeko nazioarteko programak abian jarri eta BERC bikaintasunezko ikerketa-zentro berrien sorrera bultzatu zuen Euskadirentzat estrategikoak diren arloetan. Lan horren ondorioz, 2008an BERC (Basque Excellence Research Centers) sareari atxikitako hiru ikerketa-zentro berri eratu ziren, eta orain hamabosgarren urteurrena ospatu dute.
15 urte hauetan, 3 ikerketa-zentro hauek erreferentzia bilakatu dira euskal sistema zientifikoaren barruan, eta bikaintasunezko zentroen Estatu mailako aitorpena lortu dute. 36 herrialdetako 350 ikertzailek baino gehiagok lan egiten dute 3 zentro hauetan eta 3.800 argitalpen baino gehiago plazaratu dituzte nazioarteko ospe handiko aldizkari zientifikoetan, Euskadiko ikerketarako 171 milioi euroko itzulkina lortzeaz gain.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 50 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu guztira 2022-2025 laurteko honetan BERC sarea osatzen duten 9 ikerketa-zentroen jarduera zientifikoa finantzatzeko.
BC3 – Basque Center for Climate Change zentroaren helburua erabakiak hartzeko garrantzizko ezagutzaren koprodukzioa sustatzea da, klima-aldaketaren ingurumen-alderdiak zein alderdi sozioekonomiko eta etikoak uztartuz. BC3ko ikerketa-taldearen etorkizuneko plana, gizartearen ikuspegitik eraldatzaileak diren soluzioak sortzen jarraitzea da, hainbat eragilerekin batera eta klima-aldaketaren eta, oro har, jasangarritasunaren inguruko sakoneko ikerketaren bitartez, inpaktu sozial positiboa lortzeko asmoz.
Zentroak 126 ikertzaile ditu egun, 44 proiektu abian (23 proiektu Europa mailakoak dira) eta emaitza onak lortu ditu talentua erakartzeari dagokionez (3 ERC, 7 MSCA). Gainera, BC3k lankidetzan dihardu ikerketa arloko nazioarteko 40tik gora erakunde eta zentrorekin 20tik gora herrialdetan.
BCAM – Basque Center for Applied Mathematics Matematika Aplikatuaren arloko maila globaleko ikerketa-zentroa da, hainbat erakundek babestutakoa: UPV/EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, Innobasque, Petronor Innovación eta, 2023az geroztik, Bilboko Udala. Honen jardunak matematika gizartearen mesedetan aplikatzea du ardatz, biozientziak, osasuna, energia, fabrikazio aurreratua eta bestelako esparruak barne hartuz, eta bertako zein nazioarteko erakunde eta enpresekiko lankidetzari eutsiz. 36 nazionalitatetako 150 ikertzaile baino gehiago dituela, BCAM modelaketa matematikoa eta datuen zientzia bezalako arloetan espezializatu da. Zentroak aitortutako bikaintasuna du eta ondoz ondoko hiru aldiz jaso du Estatuko Ikerketa Agentziak ematen duen “Severo Ochoa” bikaintasunezko zentroaren akreditazioa, mundu mailan duen Matematika Aplikatuaren arloko lidergoa sendotuz.
BCAMen etorkizuneko erronkak Matematika Aplikatuaren arloko diziplina anitzeko ikerketan mundu mailako erreferentetzat jarraitzea du ardatz, nazioarteko sareak gidatuz eta ikerketaren erronka handiei heltzeko aliantza estrategikoak finkatuz. Gainera, zientzialari ospetsuekin batera egindako ikerketa-laborategiak sustatzeko gunetzat posizionatu da, Euskadiko zientzia eta teknologia zentroen arteko lankidetza sustatuz eta ezaguerak industriara eta gizarte-erakundeetara transferitzeko duen eginkizuna nabarmenduz.
BCBL – Basque Center for Cognition, Brain and Language hizkuntzaren neurozientzia kognitiboaren arloko ikerketaren bikaintasuna, prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia xede dituen diziplina anitzeko ikerketa-zentroa da. Bere ikerketa-jardueraren helburua hizkuntza eskurapenean, ulermenean eta ekoizpenean inplikatuta dauden mekanismo neurokognitiboak argitzea da, elebitasunari eta eleaniztasunari arreta berezia emanez. 25 nazionalitatetako 90 ikertzailek osatutako taldea duela, hizkuntza normaltasunez bereganatzeko haurren prozesuak eta bigarren hizkuntzak ikasteko helduen prozesuak ikertzen ditu, baita hizkuntzaren ikaskuntzako nahasmenduak, afasiak eta hizkuntzarekin lotutako bestelako kalte zerebralak, hizkuntzarekin eta neurodegenerazioarekin lotutako hirugarren adinekoen ondorioak eta hainbat gizarte-testuingururi dagokion hizkuntzaren erabilera ere. Lan-ildo hauei heltzeko, BCBL ikerketa-programa bikoitza garatzen ari da, hizkuntzaren prozesamenduari dagozkion ereduak eta teoria neuronal eta konduktualak sustatuz, eta ezagutza hori gizartearentzat onuragarriak diren aplikazio klinikoetara eta hezkuntza arloko aplikazioetara helaraziz. BCBLk Severo Ochoa 2022-2025 akreditazioa du.
UPV/EHUk hiru zentro hauetan parte hartzen du euskal zientzia-sistemako eragileen arteko lankidetza bidezko ikerketa bultzatuz. Ikerbasque eta UPV/EHUrekin batera, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Innobasque, IHOBE, Bilboko Udala eta Petronor Berrikuntza ere ikerketa-zentro hauetako bazkideak dira.