Berriak Osasuna
qrcode

2023-2027 aldirako Adikzioen Plana, Euskadi osasungarriagorantz eta substantzien kontsumoaren eta jokabide adiktiboen arriskuen aurrean sentsibilizatuagoarantz aurrera egiteko tresna

2023-11-29

 

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Plana, Euskadik, lau hamarkada hauetan, adikzioei aurre egiteko bultzatzen duen zortzigarrena

 

 

Planak —irailean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak— lehentasunezko 58 ekintza zehazten ditu, bere helburua datozen lau urteetan lortzera begira, eta, substantzien kontsumoak eta adikzioak ez ezik, substantziarik gabeko adikzioak edo portaera-adikzioak ere hartzen ditu kontuan.

 

 Osasuneko sailburuak berak emandako datuen arabera, gehien kontsumitzen diren drogak legezko drogak dira: alkohola, tabakoa eta lasaigarriak eta somniferoak, errezetarekin. Edonola ere, alkoholaren, tabakoaren eta cannabisaren kontsumoa murriztu egin da, eta gora egin du legez kanpoko beste droga batzuen noizbehinkako kontsumoak, baita lasaigarrien eta antidepresiboen kontsumoak ere, bereziki emakumeengan. Portaera-adikzioei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 50ek loterian, kinieletan eta loteria primitiboan jokatzen dute. Internet bidezko kontsumo konpultsiboa, berriz, ohikoagoa da gazteen artean, eta, kasu horretan ere handiagoa da emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino.

 

Uztailean onartutako Euskadiko Osasun Planean ezarritako oinarrien arabera, Adikzioen Planak jarraipena ematen dio euskal erakundeek adikzioei eta droga-mendekotasunei aurre egiteko egindako lau hamarkadako ibilbideari. Bestalde, eragileen arteko sareko eta sektore arteko lan koordinatua sakontzen du, betiere osasun publikoaren, ekitatearen eta giza eskubideen ikuspegitik.

 

            Osasuneko sailburuak azaldu duenez, bost helburu nagusi ezartzen dira, plana indarrean dagoen bitartean lortu nahi diren aurrerapenak adierazten dituztenak: Euskadiko biztanlerian kontsumo eta jarrera adiktiboen hasiera saihestea edo atzeratzea; horien prebalentzia gutxitzea; sortzen dituzten kalteak minimizatzea; adikzioekin lotzen diren osasunaren arloko desberdintasunak murriztea; eta horiekin lotzen den estigma gutxitzea.

 

            Helburu horiek lortzeko, beste horrenbeste helburu instrumental planteatzen dira, urte hauetan garatu beharreko politika, programa eta jarduketei buruzko lehentasunak bideratzeko gida gisa:

 

  • Portaera osasungarriak sustatzen dituzten eta substantzien kontsumoa eta jokabide adiktiboak desnormalizatzen laguntzen duten inguruneak aktibatzea, haien erabilgarritasuna eta eskaintza murrizteko egitura-neurriak barne. Arreta berezia jarriko zaie familia, eskola, lan eta komunitateko esparruei.
  • Osasuna eta prebentzioa sustatzeko programak indartu eta hobetzea, bizitzaren bilakaeraren ikuspegitik (esku-hartzeak bizi-etapa bakoitzaren berezko beharretara egokituz) eta pertsonen kapitala eta baliabide emozionalak indartzeko ahaleginetik.
  • Gizarteratzeko laguntza- eta babes-zerbitzuak indartzea eta hobetzea, ekitatearen ikuspegitik eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta berezia eskaintzearen bidetik.
  • Adikzioen arloko ezagutzak eta berrikuntzak garatzea eta hedatzea.
  • Adikzioen esparruan sektore arteko ekintza eraginkorragoa finkatzea.

 

Helburu instrumental horietan oinarrituta, Adikzioen VIII. Plana 20 jarduketa-ildotan eta 58 ekintzatan hedatzen da.

 

Generoaren ikuspegia zeharkako eta lehentasunezko elementu gisa sartu da plan osoan, eta plana egiteko prozesuan hainbat erakunde eta instituziotako 70 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, baita eraginpean dauden pertsonek, haien familiek eta bestelako gizarte- eta komunitate-eragileek ere.

 

           

           

Planaren eduki osoa hemen: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/viii_plan_adicciones/es_def/adjuntos/VIII-Plan-sobre-Adicciones-Euskadi.pdf

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @deleonazkarate
    2023-11-29
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak