Eman odola!
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak milioi bi euro inbertitu ditu Bilbo-Basurtuko esiko neonatologiako unitate berrian

2023-11-23
  • Aste honetan hasiko da, eta jauzi kualitatiboa da ama-umeen arretan
  • Gune berri honek ospitalizazioa behar duten 350 jaio berri artatuko ditu urtero, eta familia ardatz duten zainketak edukiko ditu asistentziaren eredu.

 

Bilbo-Basurtuko ESIko Neonatologiako Unitate berria aste honetan hasiko da. Eraberritze-proiektuak aukera eman du azalera birbanatzeko eta ekipamendu teknikoa berritzeko, eta horrek lagunduko du ingresua behar duten jaio berrien asistentzia-prozesu guztiak hobetzen.

Neonatologiako Unitatea Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Iturrizar pabiloian dago, ama-umeen eremuan. Bertan, Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuarekin batera, urtean 2.000 erditze baino gehiago artatzen dira. Aste honetatik aurrera, espazio berritu batean jardungo du, familia ardatz duten zainketen eredu asistentziala errazteko, urtean ospitalizazioa behar duten 350 jaio berri baino gehiagorentzat.

Osakidetzak milioi bi euro inguru inbertitu ditu unitatean, eta horrekin egiaztatzen du Erakundeak ama-umeen kalitatezko arreta sustatzen duela, jaio berrien arreta behar duten seme-alabei arretarik albait onena ematearren.

 

Goi mailako teknologiaz hornitutako gunea

Unitateak zainketa intentsiboen 7 postu ditu bere asistentzia-eremuan, era berean, isolamendua ahalbidetzen duten banakako 3 box eta bitarteko zaintzako eremu bat. Espazioak eta ekipamendua berritu ez ezik, unitateak berariazko historia elektroniko berria eskuratu du ospitalizazio aldian paziente horien segurtasuna bermatzeko, oso kalteberak dira eta.

Era berean, berariazko eremua dauka elikagaiak prozesatzeko, non hobetzen diren ama-esnea eta bankuko esnea lortzeko, kontserbatzeko eta manipulatzeko zirkuituak, baita botikak prestatzeko eremua ere, elektronikoki kontrolatutako medikamentuak banatzeko sistema automatizatua daukana, ospitaleko sarean integratua eta preskripzio-sistemari lotua.

Asistentziaz besteko aldeak bere lan-eremua dauka, informazio-bulegoa eta "biltegi adimenduna", material sanitarioaren banaketa mekanizatzeko.

Guneak, teknologia handia daukala, bere teknika diagnostikoz eta terapeutikoz artatuko ditu jaio berrien patologia konplexuak, edozein haurdunaldi-denborako jaio berri goiztiarrak eta jaio berriei eragiten dieten gainerako gaixotasunak. Horretarako, horniturik dago neurobabesko hipotermiaz, garun-funtzioaren monitorizazioaz eta garun-oximetriaz, eta aireztapen-modu guztiak eskaintzen ditu, besteak beste, oxido nitriko inhalatua. Era berean, aspaldidanik, jaio berrien inkubagailu ondoko ekografia erabiltzen du eguneroko laguntza-jardueran, eta gaitasun handia lortu du gutxienezko inbaditzailea den irudi-teknika horretan, zeini esker lortu den, besteak beste, erradiazio ionizatzailearen erabilera argiro gutxitzea.

 

Giza taldea

Unitatea osatzen duen profesionalen taldeak (neonatologoek eta jaioberrien zaintzan esperientzia duten erizainek) etenik bako arreta bermatzen du eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Era berean, taldeak pediatriako enparauko espezialisten laguntza du, bai eta beste espezialitate mediko batzuena ere, hala zelan jaiotza inguruko osasun mentaleko espezialistena, Oftalmologiarena, Ospitaleko Farmaziarena, Gizarte Laneko Unitatearena..., jaioberri horien eta familien osoko arreta bermatzeko.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak