Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuak babestutako euskararen ofizialtasuna defendatuko du auzitegietan
- Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak kasazio helegiteak prestatzeko idazkiak aurkeztu ditu Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian
- Dekretuaren helburu nagusia Euskadiko toki-erakundeetan euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzea dela dio
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Auzitegi Gorenean (TS) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian (TSJPV) aurkeztu ditu auzitegi honen administrazioarekiko auzien Salaren epaien aurkako kasazio errekurtsoak prestatzeko idazkiak. Epai horiek Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren agindu batzuk behin-behinean baliogabetzen dituzte. Dekretu honek Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen (euskara eta gaztelania) erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzea arautzen du. Epaiak partzialki onartu zituen Vox eta PP alderdi politikoek jarritako errekurtsoak, eta hain zuzen ere horien aurka Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak kasazio errekurtsoa bana aurkeztuko du Gorenean. Aldez aurretik, errekurtsoek kasazio-interes objektiborik duten aztertuko da, eta, hala badagokio, Gorenak auziaren muinari helduko dio.
Olatz Garamendi sailburuak zuzentzen duen Sailak defendatzen du Dekretuak Gernikako Estatutuaren 6.2 artikuluaren agindua jasotzen duela arlo horretan, eta bere helburu nagusia Euskadiko toki-erakundeetan euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzea dela. Bere ustez, gaztelaniari buruzko erreferentzia jakin batzuk ez egotea ez da ulertu behar hizkuntza horren bazterketa edo diskriminazio gisa, Euskadiko Auzitegi Nagusiaren epaiak, oker bada ere, adierazten duen bezala.
Ildo horretan, uste du Gernikako Estatutuaren 6. artikuluak, Konstituzioaren 3. artikuluak eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7. artikuluak EAEko Administrazioa euskararen errespetua eta erabilera sustatzera behartzen dutela, eta, helburu horretan, euskarak gaztelaniaren aldean duen desberdintasun egoera historikoa zuzentzera behartzen du, hizkuntza batek bestearen gainetik lehentasuna edo pribilegioa izan gabe.
Epaiek ez dute kontuan hartzen zein den inpugnatutako Dekretuaren helburua, Salak irizpide desenfokatua baitu arauaren oinarriari eta aurkaratutako aginduei eman beharreko interpretazioari buruz. Gogoratu behar da Dekretuak toki-erakundeetan euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzen duela, baina epaimahaiak ez du hori ulertu eta baloratu.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren irudiko, euskal auzitegiko administrazioarekiko auzien Salak interpretazio okerra egin du afera honetan, ondorioztatu baitu gaztelaniaren erabilerarekiko bazterketa edo desoreka ematen zela, eta ondorioz berdintasun printzipioaren urraketa gertatu dela. Ildo horretan, egungo esparru juridiko orokorrak bi hizkuntza ofizialen artean eman beharreko oreka juridikoari eusteko aukera ematen duela azpimarratzen du Sailak errekurtsoa jartzeko.
Era berean, ukatu egiten du inpugnatutako Dekretuak Euskadiko udalerri jakin batzuetan euskararen alde gaztelaniaren erabilera baztertzea, TSJPVk dioen bezala. Aitzitik, Dekretuak euskararen erabilera sustatu eta bultzatu besterik ez du egiten, beren egoera soziolinguistikoaren arabera euskararen erabilera normalizatzeko udal-politika eraginkortasun handiagoz gauzatzeko baldintza hobeak dauden udalerrietan. Eta hori guztia gaztelaniaren erabilera baztertu edo diskriminatu gabe.
-
2023-11-24
Comentario de Twitter:
RT @garamendiol: 🫵 Euskara sustatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
https://t.co/2g7LHdPBso -
2023-11-24
Comentario de Twitter:
RT @garamendiol: 🫵 Euskara sustatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
https://t.co/2g7LHdPBso -
2023-11-23
Comentario de Twitter:
RT @garamendiol: 🫵 Euskara sustatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
https://t.co/2g7LHdPBso -
2023-11-23
Comentario de Twitter:
RT @garamendiol: 🫵 Euskara sustatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
https://t.co/2g7LHdPBso -
2023-11-23
Comentario de Twitter:
🫵 Euskara sustatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
https://t.co/2g7LHdPBso