Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Bilbao Circular, elikagaien xahuketaren aurkako merkataritza eta ostalaritzarako plataforma barria aurkeztu dute

2023-11-23

• Ekintza hori Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskal Estrategiaren parte da, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdean sartzen da.

• Bilboko merkataritza eta ostalaritzako 9 enpresak amaitu dute duela urtebete hasitako proiektu pilotua; eta oinarriak jarri dizkiote Plataformari, Bilbao Circular izenekoari (plataforma horrek esperientzia Bilboko beste establezimendu batzuetara zabaltzea du xede).

• Establezimenduen % 90ek baino gehiagok ez dute soberakina neurtzeko prozesurik, eta ez dakite xahuketak zer eragin ekonomiko duen beren negozioetan.

• Eusko Jaurlaritzak urteko kanpaina ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreko xahuketaren aurka egingo du, euskal elikakatean gertatzen den xahuketaren % 12 eta % 26 baitira.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, EAEko nekazaritzako elikagaien sisteman elikagaien xahuketa aztertzen zuen azterlan aitzindari bat argitaratu zuen, Europako Batzordeak Europan elikagai-jatorriko hondakinen neurketa homogeneizatzeko ezarritako jarraibideei jarraituz.

Azterlan horren arabera, euskal elikakateak 244.972 tona xahutzen ditu; eta horietatik % 57 etxeetan xahutzen dira, % 26 banaketan eta % 12 HORECAn. Gainera, kateko hiru maila horietan xahutzen denaren % 37 jangarria da, hau da, 40 k/pertsona/urteko. Horregatik, "berebiziko garrantzia du xahuketa murrizteko lan egitea, bai etxeetan, bai Horecaren eta merkataritzaren sektorean, lankidetza publiko-pribatua izanik formularik onena” Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, nabarmentzen duen bezala. Lankidetza horren eredu aurkeztu ditugu Elika eta Bilbao Dendak-ek egindako proiektu pilotuaren emaitzak.

Proiektu pilotua

2023. urte honetan, bederatzi enpresek beren soberakinak prebenitzen, murrizten eta errebalorizatzen laguntzen duten zerbitzuak pilotatu eta tresnak sortu dituzte, beren lehiakortasuna, jasangarritasuna eta legezkotasuna betetzea hobetzeko.

Helburuak:

• Soberakinen analisi kuantitatibo eta kualitatibo baten bidez problematika ulertzea.
• Irtenbideak eskaintzea, enpresa bakoitzari egokitutako konponbideak diseinatuta eta ezarrita.
• Negozio bakoitza dagokion lege-esparruarekin elkartzea.
• Enpresa berrietara estrapolatzea edo eskalatzea ahalbidetuko duten tresnak garatzea eta baliabideak eta zerbitzuak sortzea.

Enpresa bakoitzak Elikagaien Xahuketa Prebenitzeko bere Plana (PPDA) egin ahal izan du. Plan horrek bere barne-prozesuen kudeaketan lagunduko dio, eta honako hauek biltzen ditu:

• Xahuketa aztertzea eta ezaugarritzea, enpresa bakoitzean soberakina neurtuta, haren tipologiaren eta negozioan duen ingurumen- eta ekonomia-inpaktuaren ikuspegi zehatza izateko.
• Aztertutako prozesu bakoitzeko hobekuntza-ekintzak proposatu eta ezartzea.
• Enpresako prozesuetako kausak eta puntu kritikoak aztertzea, baita xahuketaren inguruko politikak eta soberakina sortzeko puntu kritikoak ere.

Enpresa parte-hartzaileak:

9 enpresa, merkataritzako eta ostalaritzako azpisektoreak ordezkatzen dituztenak.
Merkataritza sektoreko 4 enpresa: Bizkarra okindegia gozotegia, La Moderna urdaitegia, All Natural fruta-denda eta BM Zubiarte.

Ostalaritzako 5 enpresa: Yandiola jatetxea, La Karmela, Ein Prosit, Gaminiz jatetxea eta Catering Iruña.

Zenbait datu eta ondorio, Rafael Gardeazabal Bilbao Dendak-eko presidentearen arabera:

• Establezimenduen % 90ek baino gehiagok ez dute soberakina neurtzeko prozesurik, eta ez dakite zer eragin ekonomiko duen beren negozioan.
• % 75ek baino gehiagok onartu dute ez dakitela zer irismen izango duen etorkizunean xahuketaren aurkako legeak, eta prestakuntza eta baliabideak eskatu dituzte.
• Negozioen % 80k baino gehiagok soberakina birziklatzea aukeratzen dute, alternatibei buruzko ezagutza/informazio faltagatik.
• Kalkulatzen da 20 m2-ko fruta-denda batean soberakinaren bolumena, batez beste, 500 kg eta 1.000 kg bitartekoa izan daitekeela urtean.
• Ostalaritzaren sektorean (eta, zehazki, barrako pintxoen kasuan), kalkulatzen da produktuaren % 5-15 artean xahutzen dela (tamainaren arabera, urtean 1.200 eta 4.000 euro bitartean).
• Batez beste, PPDA bat duen elikagai-establezimendu batek % 10 eta % 20 artean murrizten du soberakina lehen urtean.

Rafael Gardeazabal Bilbao Dendak-eko presidenteak iragarri duenez, "hurrengo urratsa BILBAO CIRCULAR Plataforma martxan jartzea izango da". Horren helburua pilotu honetan eskuratutako informazioa eta ezagutza partekatzea izango da, beste establezimendu batzuei beren negozioko soberakinen kudeaketa hobetzen eta xahutzea murrizten laguntzeko. Plataforma horretara atxikitzeak aholkularitza indibidualizatua ematen du negozioko soberakinak aztertu eta ezaugarritzeko, soberakina sortzeko kausak eta puntu kritikoak aztertzeko eta prozesu eta politika guztiak hobetzeko ekintzen proposamena egiteko. Horrek guztiak Elikagaien Xahuketa Prebenitzeko bere Plana (PPDA) osatuko du, eta lege berriak elikagai-establezimendu askori eskatuko die.

Eusko Jaurlaritzaren urteko kanpaina xahuketaren aurka

Arantza Madariagak, Elika Fundazioko zuzendariak, LA COMIDA NO SE TIRA/JANARIA EZ DA BOTATZEN elikagaien xahuketaren aurkako Eusko Jaurlaritzaren urteko kanpaina aurkeztu du. Aurten merkataritzan eta ostalaritzan zentratuko da; beren negozioetan soberakinak prebenitzen eta kudeatzen lagunduko dieten tresnak emango dizkiete, jasangarriagoak eta ekonomikoki errentagarriagoak izan daitezen. Era berean, herritarren laguntza eskatzen dugu, kontsumo arduratsuaren bidez, etxeetan zein merkataritzan eta ostalaritzan xahuketa murrizten lagun dezagun. Horrez gain, zenbait erreferentek (esaterako, Kanpezuko Arrea jatetxeko Edorta Lamo sukaldariak, Tolosako Ama jatetxeko Javi Rivero sukaldariak eta Portugaleteko Hotel Puente Colganteko Zuriñe Garcia sukaldariak) gomendioak emango dituzte prestakuntza-bideoen bidez (bideo horiek gure webguneetan eskuragarri egongo dira, jardunbide egokien gidekin batera). Merkatarien testigantzak eta merkataritzaren sektorerako jardunbide egokien gidak ere izango ditugu. Horiek guztiek helburu horretan laguntzera animatuko dituzte herritarrak, publizitate-euskarrien bidez (esaterako, markesinetan, mupietan edo autobusetan jarritakoak) eta sare sozialen bidez.

www.zerodespilfarro.eus
www.lacomidanosetira.eus
www.janariaezdabotatzen.eus
www.elika.eus

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BittorOroz
    2023-11-23

    Comentario de Twitter:
    🔴 En el marco de la Estrategia Vasca contra el #Despilfarro de Alimentos se va a activar la Plataforma Bilbao Circular para ayudar a comercios y hostelería en la reducción del #desperdicio #alimentario a partir de la experiencia piloto de 9 empresas.

    🔗 https://t.co/Yf07izkqRs https://t.co/E5aM4QU4ig

  • Argazkia SN Robot
    @BittorOroz
    2023-11-23

    Comentario de Twitter:
    🔴 Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskal Estrategiaren esparruan, Bilbao Plataforma Zirkularra aktibatuko da, saltokiei eta ostalaritzari elikadura-hondakinak murrizten laguntzeko, 9 establezimenduren esperientzia pilotutik abiatuta.

    @zerodespilfarro

    🔗https://t.co/Sq8aGVBvbQ https://t.co/3AoIjSj7Fw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak