Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskara Entitate Publikoetan jardunaldia burutu du gaur

2012.eko otsailak 03

Euskarak Sozietate Publiko eta Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoetan ere tokia duela bermatzeko jardunaldia burutu da gaur Arabako Teknologi Parkean (Miñao). Guztira, 120 bat lagun bildu dira bertan eta erakunde guztien lankidetza behar-beharrezkoa dela azaltzeaz gain, herritarrari zerbitzurik onena emateko oinarriak ezarri dira bertan.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatu du, eta sailburuordetza honek lehentasunezkotzat jotzen du sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko ente publikoei laguntza eskaintzea euskararen erabilera normalizatzeko esparruan eta beraien esku informazioa eta baliabideak jartzea.

Hala, Lurdes Auzmendi sailburuordeak sarrera-ekitaldian aipatu duenez, "Orain arte HPSk enpresa pribatuaren eta Herri Administrazioaren inguruan hainbat lan egin du. Sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko ente publikoen inguruan zenbait hurbilpen egin diren arren, ez zaio inoiz bete-betean eta propio beraien arloa jorratzeari ekin". 2010etik aurrera, ordea, sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko entitate publikoekin lanean hasteko baliabideak jarri "eta apurka-apurka egoera ezagutu, beharrizanak aztertu eta ekimenak abian jarriz joan gara, entitate hauen izaera berezira egokituko den laguntza eta aholkularitza emateko". Ekimen horien artean, Miñaoko gaurko lan-saio hau antolatu da, ente publikoen inguruan lan egiteko asmoa erakutsi eta lan horrek hartuko duen norabidea azaltze aldera".

Lan-esparru honetan lanean hasi orduko, zenbait zailtasun topatu dira. "Lehenik eta behin izaera juridiko hau duten enpresen zerrenda bat osatzea, inon ez baitugu aurkitu  erakunde hauen erregistro eguneraturik. Bestetik, erakundeak oso ezberdinak dira beraien artean, bai egituraz, bai jardueraz ere. Batzuek erabiltzailearekin harreman handia dute, beste batzuek, ordea, ia batere ez". Euskara eta erabileraren inguruan ere desberdintasun handiak daudela sozietateen artean nabarmendu du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. "Batzuek urteak daramatzate arlo hau lantzen eta egoera oso txukuna dute; beste batzuk hasi berriak dira, beste zenbaiti gaia, euskararen normalizazioa, oso arrotza egiten zaie...".

Jardunaldi hauekin honako hau lortu nahi izan da, bereziki: batetik, euskara lantzen duten erakundeei erabilera sustatzeko abian dituzten planak berriztatu eta beraien ekimenei babesa eskaintzea; bestetik, jardunaldi hauen bidez, elkar ezagutu eta harremanak egiteko aukera izatea, bai HPS eta entitateen artean, bai Jaurlaritzako euskara teknikarien eta sailei atxikitako entitateetako euskara teknikarien artean, baita entitateetako arduradun zein euskara teknikarien artean ere. "Guztion artean komunikazio bideak zabaldu eta bata bestearen erreferentziak izatea nahi da, beraien eguneroko lanean bakarrik ez dabiltzala eta nora jo badutela ikus dezaten", aipatu du Auzmendik.

Jardunaldi honetarako egitarau betea prestatu da. Gaia kokatuko duten hitzaldi teorikoak izan dira goizeko lehen orduan: marko juridikoa, erabilera planak eta on line baliabideak. Heri Administrazioetan Euskara Normalitzatzeko zuzendari Patxi Martinez de Marigortak aipatu duenez, "erakunde guztiek bete beharreko gutxieneko helburuak ere azaldu ditugu, helburu hauek urte honen amaieran egin beharreko plangintzaldi amaierako ebaluazioari oso lotuta daude, ildo horretan joango baita erakunde hauentzako sortuko den galdetegia. Galdera-sorta horretatik sortzen den informazioa kontrastatu eta aberasteko lan-talde bat sortzeko proposamena ere luzatuko dugu".

Horrez gain, World Kafea deritzon talde dinamika bat egin da goizean zehar. Partaideek, beraien esperientziak kontatu, zein zailtasuni aurre egin behar izaten dieten azaldu eta zein premia dituzten  adierazi ahal izan dute. "Saio honek guretzat berebiziko garrantzia dauka, hemen jasotakoak, gure lana zein norabidetan joan beharko den ikusten lagunduko baitigu eta datorren plangintzaldirako -2013-2017-erakunde hauentzat propio sortutako atala definitzeko oso baliagarria izango da", adierazi du Patxi Martinez de Marigortak.

Arratsaldean, erakunde hauetan euskararen normalizaziorako bidean darabiltzaten praktika onak ezagutzera eman dira. Artium, Kalitatea fundazioa, EITB eta Donostiako Tranbia Konpainiako ordezkariak aritu dira, besteak beste, euren esperientziaren berri ematen.

Jardunaldi honek ezarriko du HPSren eta erakunde hauen arteko elkarlanaren abiapuntua euskararen erabilera normalizatzeko planaren testuinguruan, besteak beste, herri erakundeetan euskararen erabileraren normalizazioan lortu den betetze mailaren ebaluazioari begira, eta hurrengo plangintzaldian ekin beharko diegun arloei begira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)