
PLEri iraunkortasunarekiko eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarekiko konpromisoa aitortu dio Lehendakariak
- Pirinioetako Lan Elkartearen ordezkari politikoak Busturian elkartu dira gaur, mugaz zeharkako elkarlanerako euren konpromisoa berresteko, Presidenteen Adierazpen Komunaren bitartez
- PLEren presidentziaren lekukoa Okzitania eskualdeari pasa dio Euskadik, hurrengo bi urteetarako
- Iñigo Urkulluk gogora ekarri duenez, mugako zenbait pasabide itxita daude oraindik, eta baieztatu duenez, “kohesiorik gabe, ez dago Merkatu Bakarrik”
Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) osatzen duten zazpi lurraldeetako ordezkariek, gaur, Busturian, 41. Osoko Bilkura egin dute, eta, batzar horretan, mugaz gaindiko organo honetako presidentziaren lekukoa Okzitania eskualdeari pasa dio Euskadik, datozen bi urteetarako.
Osoko Bilkuraren aurrean egindako agerraldian, Lehendakariak eskerrak eman dizkie PLEko gainerako lurraldeetako gobernuei eta erakunde publikoei, euskal presidentziak lekukoa eraman duen bi urte hauetan babesa eskaintzeagatik; era berean, eragile sozial eta ekonomikoen parte-hartzea ere nabarmendu du Lehendakariak, izan ere, “euren lankidetza proiektuen bidez – Lehendakariaren aburuz – Pirinioak topaleku, aurrerapen eta ongizate gune modura finkatzen lagundu dute”.
Gogorarazi duenez, Pirinioetako Lan Elkartea duela 40 urte sortu zen, eta, testuinguru horretan, iraunkortasunarekiko eta aldaketa klimatikoarekiko erakutsitako konpromisoa aitortu dio elkarteari, “konpromiso hori komunitate hau osatzen dugun gobernu guztiok partekatzen dugu”.
Ekimen nabarmenen artean, mugaz gaindiko igarobide batzuk berriz ireki izanagatik pozik agertu da Iñigo Urkullu, baina oraindik batzuk itxita daudela gogorarazi du – batik bat, Pirinioetan –, eta hori Europar Batasunaren oinarrizko legeriaren eta Schengengo Hitzarmenaren aurkakoa da, mugaz bestaldeko herritarrei kalte egiten die eta lurralde kohesioa murrizten du.
Zentzu honetan, Espainiako Erresumaren eta Frantziako Errepublikaren artean aurten sinatutako Adiskidantza eta Lankidetza Hitzarmena finkatuko delako konfiantza osoa du, eta, testuinguru honetan, PLEren parte-hartzea aldarrikatu du, bai Mugaz gaindiko Lankidetza Estrategian, bai Mugako Lankidetza Batzordean, aurretik Espainiako Gobernuko eta Frantziako Errepublikako presidenteei eskatu zien modu berean.
Adierazpena eta mahai borobilak
Arratsaldean Osoko Kontseiluak bi mahai borobil antolatu ditu, eta mahai horietan agerian ipini da PLEren ekarpena trantsizio klimatikoan. Lehenengo mahaia Ekintza Klimatikoari eta mugaz zeharkako guneko egokitzapen politika-klimatikoen koordinazioan PLEk izan behar duen rolari buruzkoa izan da.
Bigarren mahai borobilak, “Hidrogeno berriztagarria Pirinioetan. Mugaz gaindiko lankidetzaren indarra” izenekoak, auzo lurralde hauetan H2aren haran handi bat irudikatzeko besteko sinergia dagoela egiaztatu du, H2ren balioaren kate osoa biltzeko modukoa. Ikuspegi honekin, lurralde hauetako presidenteek “Hidrogeno berriztagarria sustatzeko Konpromisoa” sinatu dute, besteak beste, hidrogenoaren ekonomia hedatzeko eta Europa mailan PLEren posizionamendua indartzeko mugaz gaindiko gune bat eraikitzeko.
Ondoren, Presidenteen Adierazpen Komuna sinatu dute, adierazpen horretan Pirinioetako Lan Elkartearekiko euren konpromisoa berretsi dute, eta, horretaz gain, PLEren presidentzia Carole Delga Okzitania eskualdeko presidentearen esku utzi du Lehendakariak, bai eta bere babes osoa eskaini ere.
* PLE Nouvelle-Aquitaine, Okzitanie, Katalunia, Aragoi, Nafarroa, Euskadi eta Andorrako Printzerriak osatzen dute.

























