Iñigo Urkulluk: “Pobrezia dagoen bitartean, gure mundua ez da bizitzeko leku duina izango”
- “Hori bezain sinplea. Hori bezain gordina”- adierazi du Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako borrokako Europar Sarearen (EAPN-ES) urteroko mintegian
- Nabarmendu duenez, “etengabeko betebeharra” da erakundeak desberdintasunen arrakala murrizten joatea, “historian inoiz baino askotarikoagoa den euskal gizartean”
Lehendakariak baieztatu du pobrezia baldin badago, “gure mundua” ez dela bizitzeko toki justua izango. “Hori bezain sinplea. Hori bezain gordina”- azaldu du, Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako borrokako Europar Sareak (EAPN-ES) antolatuta, egun hauetan Bilbon egingo den mintegian parte hartzen ari direnen aurrean.
Nazioarteko topaketa honetara, Nerea Melgosa sailburua lagunduta bertaratu da Lehendakaria, eta bertan azpimarratu du erakundeen “etenik ez duen eginbeharra” dela desberdintasunen arrakalak murrizten joatea, “historian sekula baino askotarikoagoa den euskal gizartean”.
“Gure politikak ebaluatuz egiten dugu lan, etengabe hobetu nahian”- azaldu du, eta baieztatu du azken urteotako Euskadiko gizarte desberdintasunen adierazleek eta pobrezia jasotzeko neurgailuek Euskadi berdintasunean eta kohesio sozialean aurrera egiten ari dela adierazten dutela. Adibide modura, Lehendakariak adierazi duenez, EBko pobrezia tasarik txikiena duten hiru herrialdeen artean dago Euskadi; pobrezia larriaren arriskua % 4,9ra jaitsi da; eta euskal gizartearen % 92 “pobreziatik urrun” bizi da.
Nolanahi ere, Lehendakariak nabarmendu duenez, “hobetzeko tartea dago” oraindik, hori horrela, etxerik gabeko pertsonei (bazterkeria egoeren, migrazio fluxuen eta gisa horretako alderdien ondorio) eta sor litezkeen beste egoera berriei aurre egiten jarraitzeko, neurriak egokitzearen alde mintzatu da. Ildo horretatik, “Trapezistak” programa ipini da abian; dagoeneko Egoitza-bazterketa larriaren aurkako euskal estrategia prestatzen ari dira; eta haur pobreziaren aurkako egitasmoa ere aipatu du – “guraso bakarrekoa edo migratzailea den familia baten haur edo nerabe aurpegia duena” –; programa horrek, Haur Bermearen Euskadiko Estrategiaren bidez, haur pobreziaren aurka borrokatuko du, betiere Europako lan-ildoekin bat etorriz.
Mintegia
Bilboko topaketa, batik bat, gizarte erakundeetako zuzendaritzei eta teknikariei eta administrazio publikoetako arduradunei begira antolatu da, eta hiru egunetan EAPN-ES osatzen duten lurralde sareetako eta estatu osoko entitateetako kideak bilduko ditu, horrela, bai Europa, bai estatu, bai autonomia mailan, pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka jarduteko araubide eta politika publikoak hobetu ahal dituzten mekanismo eta estrategiei buruz eztabaidatzeko.
Euskadin, EAPN sarea, orotara, 40 erakundek osatzen dute, bazterketa egoeran dauden herritarren hainbat kolektiborekin lan egiten dutenak (langabeak, atzerritarrak, etxerik gabeak, droga mendekotasun, gizarte edo familia desegituraketa arazoak dituztenak, gutxiengoetakoak….).