Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Finantzen Euskal Institutua finkatu egin da Eusko Jaurlaritzaren finantza-politika artikulatzeko tresna gisa

2023-11-22
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakariak Finantzen Euskal Institutuaren —FEIren— Bilboko bulego berriak inauguratu ditu gaur, eta, horrekin, sendotu egin da FEI Eusko Jaurlaritzaren finantza-politika artikulatzen duen tresna bihurtzen duen prozesua, finantza-politika eta finantzaketa-baliabideak berrantolatzearen ondorioz. Mugarri honekin batera, une honetan Eusko Legebiltzarrean Finantzen Euskal Institutuaren Lege Proiektua tramitatzen ari dira, eta hori, zalantzarik gabe, behin betiko bultzada izango da.

Ekitaldi honetan izan dira Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Euskadiko berrogeita hamar bat eragile ekonomiko eta finantzariorekin batera. Ekitaldian, FEIk aurrean dituen hiru erronkak azpimarratu dira:

  • FEIren Lege berria: ziur aski ekitaldia amaitu baino lehen onartuko da, eta helburuen, jarduteko printzipioen eta funtzioen formulazio berria jasotzen du.
  • Euskadiko Finantza eta Inbertsio Klusterra sortzea: FEI da horren dinamizatzaileetako bat, 75 finantza-eragilek parte hartzen duten foro batean. Talde sustatzailea, Klusterraren eraketa eta jardueraren hasiera gidatuko dituena, aurki zehaztuko da. Ekonomiaren Garapen Sailarekin batera egindako jarduketa da honako hau.
  • Europako Funtsak: agente bitartekari bihurtzea, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez mailegu gisa Euskadira irits daitezkeen Next Generation EU funtsak bideratzeko eta antolatzeko, helburu hartuta haien inpaktua maximizatzea, lurraldearen erresilientzia indartuta eta trantsizio ekologiko eta digitalak babestuta, enplegua sortzea erraztuko duen hazkunde jasangarriaren bidez.

Jarduera hasi zuenetik, 2009ko urtarrilaren 1etik, FEIk ia 700 milioi euro eman dizkie zuzeneko finantzaketan Euskadikoko 400 enpresa baino gehiagori, eta gaur egun 175 milioi eurotik gorako aktiboa du formalizatutako maileguetan, arriskua finantza-erakundeekin partekatuta batez ere.

Eragiketa espezifikoetako kreditu-jarduera hori izan da FEIren jarduera-ardatzetako bat hamalau urte hauetan, baita Eusko Jaurlaritzak funts eta sozietate finantzarioetan dituen partaidetza finantzarioak kudeatzea ere.  Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Socade, Elkargi, Luzaro eta Ekarpen sozietateetan dituen partaidetzen titularra da FEI, eta Finkatuz funtsaren titular esklusiboa. Funts hori Euskadiko enpresa handien kapitalean partaidetzak hartzeko bitarteko publikoa da, haiek Euskadin errotuta daudela bermatzeko eta euskal produkzio-sare osoan trakzio-izaera izan dezaten ziurtatzeko. Izan ere, euskal produkzio-sareak zuzkitu zaizkion 300 milioi euroen herenak gauzatu ditu dagoeneko, eta inbertsio berriak ebaluatzen ari da.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @fiareBE
    2023-11-23

    Comentario de Twitter:
    Ayer participamos en la inauguración de la nueva sede del Instituto de Finanzas Vasco en Bilbao. https://t.co/YnaVngHvEa

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak