Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Lehendakaritza
qrcode

2023ko Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketa, bestelako mundu batean lan egingo duten eta biziko diren pertsonen giza alderdian oinarrituta

2023-11-22
  • “Imajinaezinerantz aurrera eginez” izenburupean egiten ari da topaketa Donostian azaroaren 22an eta 23an
  • Iñigo Urkullu lehendakariak ireki du topaketa eta Europa, Afrika, Asia eta Ameriketako 23 herrialdetatik bertaratutako 400 pertsona inguruk parte hartuko dute
  • Aurtengo topaketan aztergai izango da gizakia etorkizunean zer izango den definitzeko premia. Teknologiaren garapen handiko etorkizuna izango den arren, gizatasuna indartzeko eta bultzatzeko premia handia izango da. Etorkizun hori zientzialarien, adimen artifizialeko adituen, filosofoen eta maisu budista baten ikuspegitik aztertuko da

Iñigo Urkullu Lehendakariak irekiera eman dio “Imajinaezinerantz aurrera egiten” izenburupean gaur eta bihar Tabakaleran egingo den 2023ko Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketari. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Nicolas Schmit Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Gaietako komisarioak, bideo-mezu baten bidez azken honek. Bi egunez, zientziaren, teknologiaren eta giza garapenaren arloetan nazioartean entzute handia duten hogei bat adituk parte hartuko dute, bai beren hitzaldiekin, baita antolatutako gaikako askotariko panelen bidez ere.

Teknologia eta gizatasuna uztartzea

Irekiera ekitaldian, topaketak jorratzen duen gaiari helduta Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, "gure errealitatea abiadura bizian aldatzen ari zaigu. Gaur berria dena, bihar zaharra izango da". Baina horren aurrean, hainbat galdera egin ditu. "Denak balio du aurrerapen izenean? Zer da etikoa eta zer ez? Non daude mugak? Nork eta zeren arabera markatzen ditu? ".

Adierazi duenez, "bilakaera teknologikoak gizakiaren papera argi eta zehatz berrindartu beharra eskatuko digu. Gero eta ingurune konplexuagoak ari gara ezagutzen. Garrantzitsua da ulertzea datozen 20 urteetan ez garela aldaketa mailakatuko mundu batean biziko, aldaketa disruptiboak izango dituen mundu batean baizik". Baina Lehendakariaren hitzetan, "errealitate horrek ez gaitu beldurtu behar, motibatu baizik. Egia da ezezagunak pertsona batzuk artegatu ditzakeela, beste batzuentzat pizgarri izan daitekeen bezala”. Horren aurrean, “aldaketa horietarako prest” egoteko beharra azpimarratu du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Giza Garapen Iraunkorraren alde egin duen apustua berretsi du. "Etorkizunak planteatzen digun erronka sinplea da, baina paper gainean bakarrik: teknologia eta gizatasuna uztartzeko gai izan behar dugu. Aurrerapen teknikoak eta ikuspegi etikoa uztartzeko gai. Gure eredua Giza Garapen Iraunkorra da, eta horrek esan nahi du aurrerapenak beti jarri behar dituela pertsonak erdigunean. Ezagutza, sormena eta talentua pertsonek dituzte. Pertsonak dira aldaketen buru, baita jokoaren mugak eta arauak ezartzen dituztenak ere. Balioetan oinarritutako prestakuntza, trebakuntza teknikoa, gaitasunetan prestatzea eta, oro har, Lanbide Heziketa dira horren guztiaren gakoa Euskadin ", adierazi du.

Etorkizuneko gizakia

Hezkuntza Sailak antolatutako aurreko kongresuetan, laugarren industria-iraultzaren garapena eta teknologiaren eta adimen artifizialaren aurrerapena gisako gaiak jorratu izan dira, eta, batez ere, arreta jarri zitzaien garapen teknologiko hori bere gain hartzeko pertsonek izan behar duten prestakuntzari eta etorkizunean sortuko diren lanpostu berriei.

Aurten, aurreko edizioetan aztertutako gaiak oinarri hartuta, Lanbide Heziketaren Nazioarteko Topaketak beste urrats bat egin nahi izan du, eta gizakiak etorkizunean, bilakaera teknologikoaren testuinguru horretan, nolakoa izan behar duen hausnartu nahi da. Hau da, gizakiak zer bilakaera izan behar duen datozen eraldaketen aurrean. Nolakoa izan behar du gizakiak oraindik imajinaezina den testuinguru horretan? Zer balio izan behar ditu? Nola egin behar du lan eta nola sozializatu? Gizakiaren beraren kontzeptuaz hausnartu nahi da. Aurtengo topaketak arreta berezia jartzen die adimen artifiziala erabiliko duten makinekin elkarlanean arituko diren profesionalek izan beharreko giza gaitasunei, hau da, robotekin arituko diren pertsonek eskuratu beharreko gaitasun pertsonalei.

23 herrialdetako Lanbide Heziketaren arloko 400 profesional inguruk hartuko dute parte jardunaldietan. Profesional horiek interesa azaldu dute gizakiak bere bizitzan aurrekaririk gabeko aldaketari aurre egiteko izan behar duen bilakaerari buruz Euskadiko Lanbide Heziketak egiten duen planteamenduaren gainean —interakzio pertsonala eta profesionala mundu digitalizatu batean—.Gogoetak hiru ardatz nagusiren inguruan garatuko dira:

  • ardatza, teknologia adimendunak: besteak beste, adimen artifizialaren, konputazio kuantikoaren, sistema adimendunen edo aurrekoekin konbinatutako robotikaren iraultzaren arloetako garapenik berrienetan jarriko du arreta.
  • ardatza, bizitza eta teknologia: etorkizuneko teknologiak gure bizitzan izango duen eraginean jarriko du arreta (hiri adimendunak, antolamenduaren, osasunaren eta abarren kontzeptu berriak).
  • ardatza, gizakia teknologiaren aurrerapenaren aurrean, etorkizunean garatuko diren teknologien eraginari aurre egiteko giza balioetan oinarrituta.

Hori dela eta, aurtengo ponentzia eta gaikako paneletan adimen artifizialean adituek zein zientzialariek parte hartzen dute, baina hitza dute, halaber, filosofoek edota maisu budista batek, beste ezagutza-arlo batzuetako profesionalekin batera.

Zientzia eta filosofia uztartzen dituen programa

Irekiera-ekitaldi instituzionalaren ondoren, Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioko presidenteak zientziak gure bizitzan duen garrantziari buruzko “Zientzia, kultura eta etorkizuna” izenburuko hitzaldia eskaini du.

Bigarren aurkezpena Jorge Arévalo Lanbide Heziketako zuzendariordearen esku egon da. “Gizakia izatearen ausardia” izenburupean. Bertaratu direnek hologramekin interakzioan garatu den hitzaldia jarraitu dute. Sailburuordearen hitz-hartzean, zirraragarria izan daitekeen etorkizunean aurrera egiteko garaian pertsonek duten garrantzia aztertu da. Gainera, ikusarazi nahi izan da teknologia, ikasteko baliabide gisa, nola egiten ari den aurrera; esaterako, hologramek eskaintzen dituzten aukerak azaldu nahi izan dira, erakutsi nahi den objektuaren hiru dimentsioko irudi zehatza birsortzen laguntzen baitute. Era berean, teknologia horren bidez, gizakiak aurrerapen teknologikoekin duen interakzioa sinbolizatu nahi izan da.

Etenaldi baten ondoren, Laura Marrón Adimen Artifizialeko Euskal Zentroko zuzendari nagusiak eta Marc Vidal eraldaketa digitalean aditu, analista eta dibulgatzaileak parte hartuko dute, “Euskadiko adimen artifizialeko ekosistema” gaiari buruzko eta enpleguek izango duten bilakaerari eta lanpostu mota berrien sorrerari buruzko hitzaldien bidez.

Lehen jardunaldia adituen lau panelekin osatuko da, panel horiek 15:00etatik 17:00etara bitartean eztabaidatuko dira. Lehen panelak “Teknologia, berrikuntza eta etorkizuna” izenburua du, eta bigarrenak “4.0 industriatik 5.0 industriara” —bigarren panel horretan pertsonen eta 5.0 industriaren bizikidetza aztertuko da—. Hirugarren panelak “5.0 gizarte adimentsu baten izaki izatearen erronka” izenburua du eta laugarren panelak “Lanbide Heziketa teknologia adimendunen erronkaren aurrean”.

Bigarren egunean, José Antonio Marina Filosofiako katedradunak gizateria norantz doan azalduko duen ponentzia aurkeztuko du, eta María M. Caffarel Biokimikan eta Biologia Molekularrean doktoreak, zientziak bizimodua nola aldatuko digun azalduko du. Ondoren, Lobsan Zopa maisu budistaren txanda iritsiko da, giza garapen kontzienteari buruzko hitzaldiarekin. Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketari ondorio gisako panel batekin emango zaio amaiera: “Gizakiek planteatutako ideiak”.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @AnicetoRamirez
    2023-11-23

    Comentario de Twitter:
    El encuentro Internacional FP 2023 se centra en el lado humano de las personas que trabajarán y habitarán en un mundo diferente.
    En el encuentro donde participan cerca de 400 personas procedentes de veintitrés países de Europa, África, Asia y América.
    #FP
    https://t.co/qhVUAaR6mo

  • Argazkia SN Robot
    @aarranzcad
    2023-11-22

    Comentario de Twitter:
    El Encuentro Internacional de #FP 2023 se centra en el lado humano de las personas que trabajarán y habitarán en un mundo diferente. https://t.co/TWTnz6Z5DF vía @Irekia https://t.co/ZTbKAOPIUw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)