Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak 10 milioi euro bideratu ditu udalentzako laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko “Udalaguntza 2022” deialdiaren bidez (Gobernu Bilera 2023-11-21)

2023-11-21
  • Deialdi honek finantzatzen dituen obre artean, berritasun gisa, ikastetxeetako eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak sartu dira aurten
  • Udalaguntza deialdiaren bidez 314 obra finantzatu ziren iaz, udal titulartasuneko eraikinetan kokaturik dauden 177 ikastetxetan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Udalaguntza 2023 izenez ezagutzen den dirulaguntza deialdia. Deialdi honen bidez, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egiteko dirulaguntzak ematen ditu Hezkuntza Sailak. Deialdi honek 10 milioi euroko diru-kopurua du, iazkoak baino 2 milioi gehiago, eskaera kopuru handiagoari erantzun ahal izateko.

Udalaguntza 2023 deialdian Euskadiko udalek parte hartu ahal izango dute, beti ere aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeak kokaturik dauden eraikinen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Kasurik gehienetan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak izan ohi dira. Agindu honen bidez finantzatu daitezkeen obrak 2023ko urtarrilaren 1 eta 2024ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dira, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen dirulaguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, balorazio-batzordeak onartutako 600.000 euro baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori kontuan hartuta egingo da.

Eraginkortasun energetikoa

2023ko deialdiak dakarren berritasun nagusia da, diruz lagundu daitezkeen jardun moten artean tipologia berri moduan ageri direla eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak. Atal honek barne hartzen ditu honako jardun mota hauek: instalazio termikoak (biomasa, aerotermia eta/edo geotermia); argiztapen-sistemak; ur bero sanitarioa ekoizteko sistemak edo energia elektrikoa sortzeko sistemak iturri berriztagarrietatik abiatuta; eta monitorizazio-sistemak eta kontsumoak erregulatzeko sistemak.

Gorago aipaturiko eraginkortasun energetikoa hobetzeko obra horiez gain, deialdiak, era berean, ikastetxeen teilatu edo egituretan egin beharreko ohiko jardunak ere jasotzen ditu, baita irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko egiten diren lanak ere, edo instalazioak eguneratzeko obrak (arotzeria, istalazio elektrikoak, komun eta saneamenduak, fatxadak...), beste hainbat motatako lanen artean. Deialdi honen barruan ezin dira finantzatu eraikinaren lehen ezarpeneko, kontserbazioko eta mantentze-lanetako obrak.

Udalekin koordinazioan

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2022) 314 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 92 udalerritan kokaturiko 177 ikastetxe publikotan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko