Berriak Lehendakaritza
qrcode

Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, azpimarra jarriz gazteengan, belaunaldia berriak berdintasunaren belaunaldi bihur daitezen

2023-11-21
  • Nerea Melgosa sailburuak eman du gaurko Gobernu Kontseiluan jorratutako Emakumeen aurkako Indarkeriaren Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunari buruzko adierazpenaren berri

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Iñaki Arriola, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarekin, Nerea Melgosa, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Gotzone Sagardui, Osasuneko sailburuarekin batera.

Arriolak Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu duen Abiadura Handiko ADIFen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenaren berri eman du. Akordio honen bidez, Garraioetako Sailak Bilboko Abandoko geltokira abiadura handiko trena iristeko korridorearen proiektuak eta obrak zuzenduko ditu. “Hitzarmen berri honekin, Bizkaiko abiadura handiko trenaren azpiegituran lanean hasiko gara; aurrerapauso garrantzitsua da hau eta gure borondate argia adierazten du epeak azkartzeko. Aldi berean, teknikoki gaitasunak ditugula argi geratzen da, azken urteetan Euskal Trenbide Sareak egindako lanari esker” adierazi du sailburuak.  Lanen harira azaldu du bi puntu lotzea dutela helburu, alde batetik ADIFek dagoeneko egindako Galdakao-Basauri tartea eta bestetik Abandoko geltokia. Lotura 6,2 kilometro izango dituen tunel batekin egingo da, Basauritik Bilboko erdiralderarte. Eusko Jaurlaritzaren egin beharrak 226,5 milioi euro izango dira.

Osasun sailburuak aldiz, 2023-2028 Osasun Mentaleko Estrategiaren dokumentua aurkeztu du. Azaldu duenez estrategia berriaren helburua da herritarren osasun mentala hobetzeko tresna erabilgarria eskaintzea, buruko gaixotasuna duten pertsonen osasun mentala eta fisikoa modu integralean artatzea, familiei laguntzea eta arreta integraleko eta komunitarioko eredu batean  sustatuz, susperraldia eta gizarteratzea bultzatzea. Aurkeztutako estrategia aurrera eramateko baliabideak ere izan ditu hizpide sailburuak  eta unitate berriak eta plantilla handitzeak iragarri ditu. "Uda honetan hasi dira elikadura-jokabidearen nahasmenduko bi ospitale-unitate berriak eraikitzeko lanak(Araba ESIn eta Barrualde ESIn), milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsioarekin, eta horri gehitu behar zaio estrategia abiarazteko behar diren psikiatren, psikologo klinikoen eta erizainen plantillaren handitzea. Era berean, haur eta gazteentzako eguneko ospitaleko 16 plaza berri sortuko dira Gipuzkoan ", zehaztu du sailburuak.

Melgosa sailburuak bere aldetik, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunari buruzko adierazpen instituzionalaren berri eman du. Jaurlaritzak adierazpenaren bidez, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi ditu eta, indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Aurtengoan, prebentzioaren garrantzian jarri du Jaurlaritzak azpimarra,  batez ere gazteen arteko sexu-indarkeriaren eta hori saihesteko kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrean, hain zuzen ere. “Gazteek ez dute ikasi behar sexua lotzen indarkeriazko, mendekotasunezko edo emakumeentzako jarrera umiliagarriekin. Egoera horren aurrean, gizarte osoaren ekarpena behar dugu. Erakundeak, hezitzaileak, komunikabideak, entretenimenduaren sektorea, familiak...  Gobernu honek berretsi egiten du emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa, batez ere etorkizunari begira, belaunaldi berriei begira, berdintasunaren belaunaldi bihur daitezen” esan du Melgosak.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.

Bozeramaileak esan duenez, Jaurlaritzak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta HABE- Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen arteko akordioa baimendu du, Ertzaintzako agenteak eta Euskal Poliziaren Oinarrizko Eskalarako Sarrera Ikastaroko ikasleak euskara-ikastaroen bidez beren euskara maila indartzeko. HABE arduratuko da zeregin horretaz, eta akordioak 700.000 euro izango ditu aurten. Kopuru hau polizia-plantilla euskalduntzeko bidean aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko duten materialak eta prestakuntza lantzeko erabiliko dira. Euskalduntze hori da, hain zuzen ere, Segurtasun Sailaren lehentasunezko helburuetako bat, gizartearekin euskaraz harremanak izango dituen euskal poliziaren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko.

Halaber, gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da 14/2022 Legean jasotako -eta Legebiltzarrean onartutako- prozedurak arautzen dituen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onartzen duen Dekretua. Dekretu honek tresna teknikoak ezartzen ditu segurtasun juridikoa bermatzeko, prestazioa eskuratzeko erraztasuna bermatzeko, interesa duten pertsona guztien berdintasuna bermatzeko eta Errentaren kudeaketan eta kontrolean eraginkortasuna eta zorroztasuna lortzeko. Zupiriak azaldu duenez, abenduan Legebiltzarrak onartutako Legean jasotako aurreikuspen asko aplikatu ahal izan diren arren , beste gai batzuk garatzea ezinbestekoa zen, besteak beste, 18 urtetik gorako eta 23 urtetik beherako pertsonek prestazioa jasotzea, premia larriko egoerak definitzea, aparteko bizikidetza-unitate jakin batzuk aitortzeko bete behar diren baldintzak identifikatzea, eta zenbatekoak eguneratzeko prozedura berria.

Era berean, gaurkoan Jaurlaritzak haragitarako behien sektoreari aparteko laguntza zuzenak ematea onetsi du, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren sortu den egoerari, ekoizpen-kostuen goraka eta lehengaien prezioen igoera, aurre egiteko asmoz. 4 milloi euroko ekarpen ekonomikoa izango du programa honek, haragitarako behien abeltzaintzako ustiategien edo behiak gizentzeko ustiategien titularrentzat.

Hezkuntza saialaren eskutik Gobernu Kontseiluan hainbat laguntza-programa onartu dira; horien artean Zupiriak Udalaguntza 2023 izenez ezagutzen den dirulaguntza deialdia izan du hizpide, hezkuntza-administrazioaren menpe dauden udal titulartasuneko ikastetxeetako eraikinetan obrak egiteko. Deialdi honek 10 milioi euroko diru-kopurua du, iaz baino 2 milioi gehiago, eskaera kopuru handiagoari erantzun ahal izateko.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2023-11-21

    Comentario de Twitter:
    🗣️La consejera #NereaMelgosa ha dado cuenta de la declaración institucional aprobado hoy en consejo de Gobierno con motivo del Día Internacional para la Eliminación de la Violencia machista contra las mujeres.

    👉https://t.co/H5QkJBxVWl

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2023-11-21

    Comentario de Twitter:
    🟣 #Jaurlaritza-k emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, azpimarra jarriz gazteengan, belaunaldia berriak berdintasunaren belaunaldi bihur daitezen 🧶

    👉https://t.co/8K1vAnuoMt https://t.co/MtfWcLzkhc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)