Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Ibilgailu elektrikoen car-sharing sistema Bizkaira iritsi da

2012-02-08

Eusko Jaurlaritzak eta Repsolek sustatutako IBILEK enpresak hamalau ibilgailu elektriko orduka alokatzeko aukera eskaintzen du Bilbon eta Barakaldon

Bilboko Alondegian aurkeztu den IBILEK car-sharing enpresak hiri-mugikortasun eredu berri bat eskaintzen du; izan ere, ibilgailu elektriko bakoitzak lau eta hamar automobil pribatu artean ordezka dezake. Aurreikuspenen arabera, zerbitzua Euskadiko beste bi hiriburuetara eta Bilboko udal parking gehiagoetara zabalduko da urte honetan. IBILEKek 8 ibilgailu elektriko eta 4 hibrido entxufagarriez osatutako flota du, IBIL enpresak hornitutako energia elektriko berriztagarria erabiltzen dutenak.

Bilbo eta Barakaldo dira ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzua ematen duten lehen bi euskal udalerriak. Zerbitzu hori IBILEK enpresak emango du (IBIL enpresaren filiala dena, Eusko Jaurlaritzaren eta Repsolen artean eratutako enpresa, %50eko partaidetza izanik bakoitzak). Hala, ibilgailu elektrikoak alokatzeko lehen bi guneak ditu erabilgarri Bilboko jendeak. Bilboko Udalaren jabetzakoak diren gune horiek Alondegia eta Zabalburuko parkingetan kokatuta daude. Orotara, bederatzi toki edo plaza dira, Bilboko Udalak utziak, eta ibilgailu garbiak alokatzeko zerbitzu berritzailea ematea ahalbidetuko dutenak. Laster, ekimen horri plaza gehiago erantsiko zaio; izan ere, Areatzako aparkalekuan beste lau toki gehiago jarriko dira erabiltzaileen eskura, Institutuko parkingean beste lau eta beste hiru Zabalguneko parkingean. Gainera, gaur egun, 14 ibilgailu elektrikoren flotaren jabe den IBILEKek Barakaldoko BECen badu horrelako gune bat martxan.

IBILEK enpresak Bilbon zerbitzua emateko erabiliko dituen aparkalekuetako tokiak, parkingetan, 2011ko martxoaren 31n Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean aurreikusten ziren, ibilgailu elektrikoaren erabilera errazteari begirako azpiegituren garapena sustatzeko hitzarmena, hain zuzen ere.

IBILEK car-sharingi buruz
IBILEK car-sharing mugikortasun kontzeptu berria da, ohiko alokairuarekiko ezberdintasun nabarmenak izateaz gain. automobil pribatuaren aurrean alternatiba erreala eskaintzen duena, energia elektrikoaz elikatzen diren ibilgailuen alokairuaren bitartez. Zerbitzuak 14 ibilgailu elektrikoren (erabat elektrikoak eta hibrido entxufagarriak) flota berri bat jartzen du erabiltzailearen esku, eta haren webguneraren bidez, www.ibilek.es, eman daiteke izena eta zuzenean egin ibilgailuaren erreserba. Hartara, parking eta ordua hitzartu ondoren, ibilgailua hartzeko, alokairua, energia eta aseguruak barne hartzen dituen tarifa batez baliaturik, ibilgailu elektrikoa erabiltzeko moduan izango da bezeroa, ibilgailu partikularraren aldean, diru aurrezpen nabarmena dakarrena.

Azken finean, car-sharing zerbitzuak hiri-mugikortasun eredu berritzailea eskaintzen du, eta egindako azterlanen argitan, car-sharing erako ibilgailu bakoitzak lau eta hamar automobil pribatu ordezkatzea lor dezake. Europako herrialde askotan badira dagoeneko car-sharing zerbitzuak martxan; izan ere, mugikortasun eredu iraunkor hori jarri dute abian Suitza, Alemania eta Erresuma Batuan. Euskadin, IBILEKek prestazioak egokiagoak egin eta mugikortasuna hobetu nahi ditu. Horretarako, ibilgailu elektrikoen flota bat jarriko du herritarren eskura, energia-kontsumo arduratsuagoa egitea eta ingurumena hobeto zaintzea ekarriko duena.

IBILEKek Euskadiko hiru hiriburuetan emango du zerbitzua. Era horretan, Euskadi osoan zehar mugikortasun elektrikoa ahalbidetuko du urte honetan.

 

2 iruzkin
  • Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
    2012-02-13

    IBILEK zerbitzua ibilgailu elektrikoak erabiltzeko sistema berezi bat da, car-sharing izenekoa. Haren webgunearen bidez www.ibilek.es, eman daiteke izena eta beharrezkoak diren datu guztiak ibilgailu bat erreserbatzeko. Behin IBILEK sisteman izen-emanda, bertako txartel propioa jasoko du erabiltzaileak. Hartara, parking eta ordua hitzartu ondoren, aukeratutako IBILEK gunera bertaratu eta autoa jaso ahal izango du txartel hori erabiliz. Beraz, alokairu zerbitzu berezia izanik, txartel propioa du.

    Barik sistema ohiko garraio publikorako txartela da, eta ez car-sharing bidezko sistemarako.

  • 2012-02-09

    Barik sisteman integratzeko asmorik ba al dago?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)