qrcode

Ana Beobide, Juan Luis Cañas, Julián Lazkano, Tomás Letamendia eta Virginia Oreguik jaso dituzte 2023ko Korta sariak

2023-11-21
  • Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek euren jarduera profesionalean eta enpresa-balioen garapenean izan duten inplikazioa nabarmendu du
  • Eskerrak ematean saritu gutiek izan dute gogoan Joxe Mari Korta, haren “apaltasuna, lana eta familiarekin eta gizartearekin zituen konpromisoa, denok sinesten ditugun bizi-garapenaren ardatzak” 

Arantxa Tapia sailburuak 2023ko Joxe Mari Korta sariak banatu ditu. Sarituak izan dira Juan Luis Cañas Herrera, SEA-Arabako Enpresariak elkarteak proposatuta; Ana Beobide Laucirica, CEBEKek aurkeztutako hautagaia; Julián Lazkano Uranga eta Tomás Letamendia Goenaga, partekatua, ADEGIk aurkeztuta; eta Virginia Oregui Navarrete, Korta Bidetik Fundazioak proposatutako hautagaia. Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Campusean (Miramonen) egin den ekitaldian Euskadiko erakundeen eta enpresen esparruko 200 ordezkari baino gehiago izan dira.

Bestalde, epaimahaiko buruak, Arantxa Tapiak, nabarmendu du sarituek “haien lanbide-jarduera garatu duten enpresa-sektoreetan” izan duten inplikazioa, “bai eta enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran eta jarduera berrien eta lanpostuen sorreran izan duten garrantzia ere”.  

Saritu guztiek eskertu dute jaso duten saria Joxe Mari Korta, ETAk 2000ko abuztuan hil zuen Adegiko presidentea, gogora ekarriz. Ana Beobidek adierazi du “Kortaren irudia errepikaezina” dela, eta “besteen alde dena emanda” jarduteko bere talentua azpimarratu du. Juan Luis Cañasek “gu guztiontzat erreferentzia bat zen”, esan du. “Ez zuen dirua irabaztean bakarrik pentsatzen, baizik eta baita enpresan eta familiak enpresa izatean eta sentitzean ere. Nire saria aitari 2005ean eman ziotenaren ondoan egongo da, geroko legaturako”, azpimarratu du.

Lazkanok eta Letamendiak gogoratu dute: “Korta gizon apala, langile nekaezina eta kirolaria zen, asko lagundu zion herriari. Hunkituta eta oso pozik gaude sari honekin, biok oso harro gaude, beti apaltasunetik”. Azkenik, Bidetik Fundazioaren sarituak, Virginia Oreguik, azpimarratu du Korta berarentzat figura maitatuta dela. “Lana, familia eta gizartearekin hartutako konpromisoa pertsonen bizi-garapenaren ardatzak direla gogora ekartzen dit. Guk balio horietan sinesten dugu, eta horregatik ikaragarri eskertzen dut sinesten dugun honetan nirekin batera lanean aritu direnekin partekatzen dudan sari hau jaso izana”, esan du.

 

Ana Beobide: Grapheneako bazkide sortzailea eta kontseilaria

Ana Beobide, gaur egun, Graphenea purutasun handiko balio erantsiko grafenoaren ekoizpenean mundu-mailako enpresa nagusiko bazkide sortzailea eta kontseilaria da.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatua Deustuko Unibertsitate Komertzialean, masterra Kanpo Merkataritzan Unibertsitate berean eta masterra enpresen zuzendaritzan, Goi Zuzendaritzako programarekin, Enpresako Institutuan. Beobidek Energiaren Euskal Erakundean ekin zion lanbide-karrerari.

Bi urte geroago, 1989an, AB Asesores Norte A. V. Morgan Stanley-k erosi zuen sozietatearen bazkide egin zen; Morgan Stanleyk Iparraldeko Eskualdeko zuzendari-kargua bete zuen 2008ra arte. La Caixan ere egon zen, eta bertan Iparraldeko Lurraldeko Banku Pribatuaren zuzendaria izan zen; 2009an Alantra Wealth Managemnet-eko bazkide egin zen, eta gaur egun ere kargu horretan jarraitzen du. 2010etik, Grapheneako bazkide sortzailea eta kontseilaria da.

Era berean, Ana Beobide Miinersa Taldeko kontseilari independentea da (2023ko ekainetik), Bilboko Burtsako Errektore Sozietateko kontseilaria. BME Taldea (2019tik), kontseilari independentea Petronorren (2016tik) eta kontseilaria Alba Emission Free Energy SAn (2020tik).

Bere curriculum zabalean, boluntariotzarekin zerikusia duten beste lanbide-esperientzia batzuk (Junior Achievement fundazioa), komunikabideekin zerikusia dutenak (El Correo ON-eko Ekonomia ataleko laguntzailea) eta irakaskuntzarekin zerikusia dutenak (Kanpo Merkataritzako irakasle atxikia Deustuko Unibertsitate Komertzialean) nabarmentzen dira.

 

Juan Luis Cañas: Errioxako ardoei buruz

Juan Luis Cañas maisu industriala da. Zenbait urtez Zanussi Electrolux multinazionalean lan egin zuen, harik eta, 1989an, 33 urterekin, Villabuenara itzultzea eta familiako upeltegiarekin jarraitzea erabaki zuen arte. Enologiako eta Mahastizaintzako ikasketak egin ondoren, upeltegiari buelta eman eta ardo berriak egiten hasi zen, Luis Cañas upeltegia Errioxako ardoen erreferente izatera eraman duen negozio-ideia moderno batekin.

1995eko uztarekin, Amaren sortu zuen, bere amaren ohorez, eta, 2009an, Luis Cañasetik bereizi zuen eta upeltegi propio bilakatu zen, eta, 2014an, bere proiektua burutu zen, Samaniegoko upeltegiarekin.

Beti espiritu inkonformistarekin eta ekintzailearekin, Ribera del Dueron “Dominio de Cair" upeltegia abiarazi zuen.

2012an, Neal Martin-ek, Wine Advocate aldizkarirako Robert Parker-en laguntzaileak, Luis Cañas upeltegien ardoetako bat, 2009ko Luis Cañas ondua, kalitate-prezio erlazio onena duen ardoa dela aipatu zuen.

Enpresa-munduarekin konprometituta, zenbait postu bete ditu SEA Arabako Enpresak elkartean, Confebask-en, Basquetourren eta Elkargin. Gaur egun, Arabako Merkataritza Ganberako kide da.

Juan Luis Cañasek beti sinetsi izan du “mahats onenarekin baino ez dela lortzen ardorik onena”. Hori dela eta, mahastiak duen garrantziaren defendatzaile sutsua izan da beti, eta, horregatik, arrazoizko mahastizaintza jasangarria ezarri du beti, lurraldearekiko eta haietako jendearekiko konpromisoan oinarritua.

Beti jatorrietara lotuta, José Luisek uste du enpresa batek arrakasta duela, baldin eta balioa guztien artean partekatzen bada eta inguruneko eragileen jasangarritasunari garrantzi berezia ematen bazaio. Hori horrela, bere ustez, etorkizunari begiratzeko, ez da gure arbasoen ondarea ahaztu behar. Eta hala erakusten du familiak 2016an hasi zuen I+G+b proiektu handiak; hartan, inguruko mahats-barietate minoritario batzuk berreskuratu nahi dira, mahastien etorkizuneko bideragarritasuna bermatu dezaketenak.

2007an Urteko Euskal Enpresaburu Onenaren aintzatespena jaso zuen eta, 2021ean, “Ekintzaile Handia”ren saria jaso zuen, Arabako Foru Aldundiaren eskutik.

 

Julián Lazkano eta Tomás Letamendia: BieleGroup-en sortzaileak

Epaimahaiak ex aequo saria eman die Julián Lazkanori eta Tomás Letamendiari, Adegik hala eskatuta; haiek elkarrekin sortu zuten, 1973an, Biele enpresa. Beren abizenen inizialen bi “L” letrei erreferentzia egiten die enpresaren izenak.

Haien ibilbide pertsonalek eta profesionalek kointzidentzia ugari dituzte, besteak beste: jaiotza-data eta -herria (Azpeitia, 1945ean Letamendia jaio zen eta 1946an, Lazcano), ekintzaile-izaera eta prestakuntza jasotzeko eta aurrera egiteko grina.

Julián Lazkano Azpeitiko Antzibarrena baserrian jaio zen. Hamar neba-arrebatik azkena da; txikitatik lagundu izan du baserriko lanetan, eta, 14 urterekin, Zubiola enpresan hasi zen lanean, zurarentzako ebaketa-erremintak garatzeko eta fabrikatzeko enpresan. Aldi berean, marrazketa linealeko eta matematikako eskoletara joaten zen.

Zubiolan zura lantzeko makinen muntatzaileen ikastun hasi zen eta, urte batzuk geroago, bezeroen instalazioetan jarritako makinen muntaketa- eta mantentze-lanen arduradun izan zen. Bost urtez, Estatu osoko instalazioak bisitatu zituen.

1973an, lan-etapa berri bati ekin zion, Biele sortu zuenean, Tomás Letamendiarekin batera.

Tomás Letamendia urtebete nagusiagoa zen. 1945ean jaio zen, Azpeitiko Arretxe baserrian. Hamar neba-arrebetako zortzigarrena da eta, umetatik, ikasketak baserriko lanekin uztartu zituen. 15 urterekin, Sprint enpresan hasi zen, mekanikako eta makinen muntaketako lanak egiten. Baina, hala ere, ez zituen gaueko eskolak utzi. 1968an, Zubiolan hasi zen, zura lantzeko makinen muntatzailearen ikastun gisa.

Biele sortzean, Letamendiaren eta Lazkanoren lanbide-helmugak batu egin ziren. Hasieretan, Belén Larrinaga Tomásen emazteak ere elkarlanean jardun zuen; enpresa txikiaren kontabilitatearen ardura zeukan.

Bielek zuraren sektorerako makinak konpontzen eta mantentzen zituen; beraz, Julián eta Tomás Urola eremuko fabrikatik fabrikara zebiltzan. Denborarekin, enpresa bere makinak diseinatzen hasi zen, eta bazkideak eginkizun berriak hartzen hasi ziren. Letamendiak Erosketen arduradun-kargua hartu zuen eta, azken urteetan, biltegia eta logistika zuzendu zituen. Lazkano, bestalde, Proiektuen bulegoko aholkularia izan zen; funtsezko pertsona bat izan zen makinen diseinuan.

Biek hartu zuten erretiroa 2007an, sortu zuten enpresan hainbat urte eman ondoren; oraindik enpresari oso lotuta jarraitzen dute.

 

Virginia Oregui: Geroa Pentsioak BGAEren sortzailea

Virginia Oregui donostiarra Enpresa Zientzietako lizentziatua da CUNEFen, eta lanbide-jarduerari 1985ean ekin zion, ADEGIn; bertan, zerga-arloko aholkularitzako eginkizunak bete zituen. 1988an, Banco Guipuzcoanoren filial batean hasi zen, Donostian, CISAn (Inbertsio Kontseilariak), Entitatearen Inbertsio Funtsen Batzordea eta haren lehen bi funtsak garatzeko eta eratzeko egitekoarekin. 1990ean, Guipuzcoano Sociedad Gestora de Instituciones de Inversión Colectiva SAren kudeatzaile izendatu zuten eta, 1991n, Guipuzcoano Sociedad Gestora de Fondos de Pensioneseko administrari bakar.

1996an, erronka berri bati ekin zion: pentsioen sektoreko enplegu-entitate bat sortu eta garatzea, Gipuzkoan, patronalaren eta zenbait jarduera-sektoretako sindikatuen arteko akordio bidez hitzartua. Entitatea Geroa Pentsioak BGAE da eta, gaur egun, 1.500 M € kudeatzen ditu.

ADEGIk eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordio bat adostu zuten metalaren sektorean eta, hala, Geroa sortu zuten; hartan, enpresaren eta langileen artean partekatutako soldaten % 1,5eko ekarpenak egiten hasi ziren, pentsioen osagarri gisa. Ehuneko hori, pixkanaka, areagotzen joan da, eta, gaur egun, % 4,60koa da, eta 20 sektoretara hedatzen da; Gipuzkoako 3 langileko 1i ematen dio estaldura.

2001ean, lehen errentak ordaintzen hasi ziren eta, gaur egun, hilean batez beste 200 € baino gehiagokoak dira; alegia, bazkideen pentsio publikoen zenbatekoaren % 12.  Erretiroaren kasuan ez ezik, ezgaitasunagatik edo heriotzagatik ere bazkide aktiboak osagarria jasoko du prestazioan, kapital gehigarri batekin.

Geroa entitate aitzindaria da, eta eredugarria da Estatu-eremuan, pentsioen osagarrian. Bere inbertsio guztiak inbertsio sozialki arduratsuaren irizpideei jarraikiz egiten dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak