Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Eusko Jaurlaritzak adimen desgaitasuna duten pertsonentzako lan eskaintza publikoa deitu du

2023-11-18
  • Horrela, legegintzaldi honetan ordenantzako 5 plazatarako eta sukaldeko laguntzaile baterako hautaketa prozesu bat deitzeko konpromisoa betetzen du
  • Sarbide probak 2024ko lehen hiruhilekoan egingo direla aurreikusten da
  • Pertsona guztiak lan munduan erabat sartzeko bidean Jaurlaritzaren beste urrats bat da hau

Eusko Jaurlaritzak adimen desgaitasuna duten 6 pertsona enplegu publikoan sartzeko hautaketa prozesua deituko du, eta ondoren esleitu eta administrazio publikoan sartuko dira. Deialdia indarrean izango da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko sailburu Olatz Garamendiren Agindu bat Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzearekin batera. Agindu horrek ordenantzako 5 plazaren deialdia jasotzen du, karrerako funtzionarioen kategoriarekin, eta sukaldeko laguntzaile plaza baten deialdia, lan kontratu finkoko kategoriarekin. Sarbide probak 2024ko lehen hiruhilekoan egingo direla aurreikusten da.

Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berriz ere adierazi du konpromiso irmoa duela desgaitasun intelektuala duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izan dezaten laguntzeko, enplegua funtsezko baliabideetako bat baita gure gizartean baldintza berdinetan sartzeko. Azken batean, urrats eraginkorra da pertsona guztiak lan-munduan eta, kasu honetan, administrazio publikoan erabat integratzeko.

Enplegu publikoa lortzeko prozesu horietan beteko diren plazak Eusko Jaurlaritzak bere lanpostu zerrendetan berariaz erreserbatu dituenak dira, adimen desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten. Hautaprobetan parte hartu ahal izango dute %33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala duten 16 urtetik gorako pertsonek, beste baldintza batzuk betetzeaz gain, hala nola Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea izatea (gainerako atzerritarrak lan kontratuko langileen lanpostura bakarrik aurkez daitezke), eskatutako lanak egiteko gai izatea edo beste administrazio publiko batzuetatik diziplinaz kaleratua ez izatea.

Hautaketa prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurtengo azaroaren 21etik abenduaren 20ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira.

Parte hartu nahi dutenek prozesuaren oinarriak, deitutako plazen ezaugarriak eta garatutako gai zerrenda orokor eta espezifikoak izango dituzte eskura IVAPek Gasteizen, Bilbon eta Donostian dituen bulegoetan, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren Enplegu Publikoaren Atarian ere. Dokumentazio hori guztia erraz irakurtzeko formatuetara egokitu da, adimen desgaitasuna duten pertsonek prozesuan parte har dezaten errazteko.

Hautaketa probak egin ondoren, azterketak gainditu dituzten eta hautatuak izan ez diren pertsonak berariazko lan poltsetan sartuko dira. Poltsa horiek hautaketa prozesua amaitutakoan sortuko dira, eta lanpostuak aldi baterako betetzeko balioko dute, beharrezkoa denean.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak kolektibo honi zuzendutako lan eskaintza publiko baterako konpromisoa gauzatuko du, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean ezarritakoaren ildotik.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @garamendiol
    2023-11-18

    Comentario de Twitter:
    ‼️ Adimen desgaitasuna duten pertsonentzako lan eskaintza publikoa deitu dugu.

    Pertsona guztiak lan munduan erabat sartzeko bidean, beste urrats bat.

    #AukeraBerdintasuna

    https://t.co/lZZkgdk5r9

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan