Berriak Lehendakaritza
Eu

Martxoan Indiara joango den misio komertzial baten buru izango da lehendakaria

2012.eko otsailak 02

Indiako enbaxadorearekin izan duen bileran laster egingo den enpresa bidaia jorratu du lehendakariak

Asiako herrialdeak aukera garrantzitsuak eskaintzen dizkie euskal enpresei

Sunil Lal Indiako enbaxadorea Legebiltzarrera hurbildu da gaur goizean lehendakariarekin biltzeko. Beteak beste, Eusko Jaurlaritzak Indiara bidaliko duen misioa izan da bileran jorratu duten gai nagusietako bat.

Eusko Jaurlaritzak bidaliko duen enpresa eta erakunde misioa martxoaren 19tik aurrera joango da Indiara eta Bombay, Pune, New Delhi eta Bangalore bisitatuko dituzte. Lehendakaria eta Bernabé Unda Industria sailburua, merkataritza ganberek eta enpresek osatutako ordezkaritzarekin batera, Asiako herrialde horretara joango dira, munduko laugarren ekonomia handiena baita eta 2015a baino lehenago hirugarren tokian jarriko dela aurreikusten baita.

Merkataritza esparruaz gain, aurreko egunetan lehendakaria Anantapur-era joango da, bertatik bertara ezagutzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatu eta inguru horretan burutzen ari diren lankidetza proiektuak. Vicente Ferrer Fundazioa gogotik ari da lanean Indian eta fundazioak bere garapen proiektuak, tailerrak eta egitasmoak erakutsiko dizkio lehendakariari.

Gaur goizean izan duten bileran Patxi Lopezek misio komertzialaren edukia eta helburuak azaldu dizkio Sunil Lal-i, eta Sunil Lal-ek lankidetza osoa eskaini dio lehendakariari eta Euskadirekin harremanak estutzeko zer nolako urratsak ematen ari den azaldu dio.

Enbaxadoreak harremanetan jarri ditu Euskadiko merkataritza ganbarak eta Delhikoak harremanak sustatzen hasteko, eta Indian burutzen ari diren zenbait egitasmo ere aurkeztu ditu, egitasmook garrantzitsuak izan daitezke eta euskal enpresentzat. Zenbait euskal enpresa lanean ari dira Indian merkataritza eragiketa burutzen eta 40 enpresa han ezarrita daude.

Merkataritza eta erakunde esparrua aztertu ondoren —lehendakariaren eta indiar agintarien artean goi mailako harremanak izango dira—, alde bien intereseko bestelako gaiak aztertu dira, hala nola, kultura edota gastronomia. Sunil Lal-ek atzo Basque Culinary Center bisitatu zuen eta, bere irudiko, eredu handia da zentro hori. Hainbat bisita kultural ere egin ditu Euskadin egindako egonaldian.

Informazio jardunaldiak

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRIren bitartez, eta Eusko Ganberen lankidetzarekin, informazio jardunaldi bat antolatu du enpresa misioa izan aurretik. Gipuzkoako Ganberan izan da gaur informazio jardunaldi hori merkatu horrek eskaintzen dituen aukerak aurkezteko.

Merkatu hori BRIC izena hartu dutenetako bat da (Brasil, Errusia, India eta Txina), azken urteetan BPGren hazkunde handiena izan duten lau herrialdeetako bat, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)