Berriak Osasuna
qrcode

Biogipuzkoa eta Farmaindustria elkartu egin dira sendagai berrien ikerketa- eta garapen-prozesua ikasleei hurbiltzeko

2023-11-16

“Zientzia eskoletara hurbilduz” programa lehen aldiz iritsiko da Donostiara bihar, ostirala, bi helbururekin: zientzia dibulgatzea eta bokazioak sustatzea.

Donostiako lau ikastetxetako 60 ikaslek baino gehiagok ezagutuko dute ospitaleek eta farmazia-konpainiek zer eginkizun duten sendagai baten I+Gan, edo paziente batek nola parte har dezakeen saiakuntza kliniko batean

Donostiako lau ikastetxetako ikasleek —Andoain Ikastola, La Anunciata Ikastetxea, St. Patrick's English School eta La Asunción— Zientzia eskoletara hurbilduz izeneko ekimenean parte hartuko bihar, ostirala, azaroak 17. Ekimen honek Batxilergoko ikasleen artean ikerketa biomedikoari buruzko dibulgazioa bultzatzea du helburu, hain zuen ere. Egitasmo hau Osakidetzaren Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak eta Asociación Nacional Empresarial de la Industria Farmacéutica (Farmaindustria)-k sustatu dute.

 

Zehazki, osasun arloko profesionalen, ikertzaileen, pazienteen eta industria farmazeutikoaren parte-hartzeari esker, zentro horietako 60 ikaslek baino gehiagok jakin ahal izango dute zer gertatzen den sendagai bat gaixoaren eskuetara iristen den arte. Izan ere, ikerketa biomedikoa prozesu luzea, konplexua eta garestia da, 10-12 urte behar baitira sendagai edo txerto berri bat garatu eta gaixoak jaso dezan, porrot-tasa oso handia delako eta tratamendu berri bat lortzeko, batez beste, 2.400 milioi euro inbertitu behar direlako.

Bokazioak sustatzea

Halaber, ikasleek ezagutuko dute nola ikertzen diren etorkizuneko tratamendu horiek ospitaleetan, eta zer eginkizun betetzen duten osasun-profesionalek prozesu horretan, Biogipuzkoako ikerketa klinikoaren arduradun eta koordinatzaile zientifikoa den Ioana Riañoren eskutik. “Jardunaldi honen bidez, ikasleek bertatik bertara jakin dezakete zein garrantzitsua den ikerketa biomedikoa eta zer prozesu behar den pazienteak lagunduko edo sendatuko dituzten botikak eskuragarri jartzeko. Parte hartu dugun guztiok ilusioz sustatu dugu jardunaldi hau, zientziaren eta gazteen arteko zubi-lana egiten duena; haien interesa eta prestakuntza sustatzeko aukera baliotsutzat jo dugu, eta aldi berean haien ikuspuntuak eta kezkak jaso ditugu” esan du Riañok.

 

“Jardunaldi hauek aukera bat dira ikasleek botika berrien garapenaren oinarrian dagoen prozesu zientifiko eta arautzailea ezagutzeko. Horrela, belaunaldi berriei ezagutza eta lanabesak eskaintzen dizkiegu, osasunaren arloan oraindik dauden iruzurretatik eta sasizientziatik babesteko”, erantsi du Itziar Vergarak, jardunaldian parte hartuko duen Biogipuzkoako zuzendari zientifikoak.

 

 

 

Ekimenaren helburu nagusia ikerketa biomedikoak gizartearentzat duen balioari buruzko ezagutza dibulgatzea da, eta horrekin batera beste helburu garrantzitsu bat ere badu: bokazioak sustatzea. “Sendagai berri baten I+Gak diziplina anitzeko taldeak behar ditu (medikuak, farmazialariak, biologoak, fisikoak, matematikariak, ingeniariak...), asetu ez diren behar medikoei erantzuteko, eta ikasleek egiaztatu ahal izango dute osasun-ikerkuntzaren bidea hainbat ertzetatik azter daitekeela”, esan du Amelia Martín Urangak, Farmaindustriako Ikerketa Kliniko eta Traslazionaleko zuzendariak.

 

Gainera, jardunaldian parte hartuko dute Maialen Barrerok, Biogipuzkoako Onkologiako Kudeaketa Klinikoko Unitateko medikuak, Francisco de Asís Carmonak, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko medikuak, Juan María Apellanizek, saiakuntza kliniko bateko parte hartzaileak, eta Tatiana Fernándezek, Biogipuzkoako Ikerketa Klinikoko Operazioen koordinatzaileak.

 

Zientzia eskoletara hurbilduz Farmaindustriaren ekimena da; hainbat ospitale eta ikerketa-zentrorekin lankidetzan, azken zortzi urteetan hainbat edizio egin ditu Madrilen, Bartzelonan, Malagan eta Kantabrian. Dagoeneko lau probintzia horietako zentroetako 3.000 ikasle baino gehiago trebatu ditu, eta Gipuzkoa batu zaio orain.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @StPatricksSS
    2023-11-17

    Comentario de Twitter:
    👉 Toda la info en https://t.co/Q6sbtlTF2j

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)