
Javier Hurtado sailburuak tokiko saltokietan erosteko beharra nabarmendu du gizarte osoari “mesede egiten diolako”
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Donostiako merkataritza-sarien banaketan parte hartu du. Sailburuak adierazi duenez “sari hauek agerian uzten dute nekaezin lan egiten duzuen pertsona askoren ahalegina eta dedikazioa, aurre egin behar diezuen erronkak gorabehera, zerbitzurik onena eskaintzen jarraitzeko. Kontsumo-ohituren aldaketak eta trantsizio digitala, ingurumenekoa eta sozioekonomikoa bezalako erronkak”.
Sailburuak gogora ekarri du saltokiek pandemian zehar bete zuten funtsezko zeregina, “zuen bizilagunengatik kezkatuz eta saltokira hurbildu ezin zirenei lagunduz. Hainbat auzotako begi eta belarri bihurtuta. Zuen ekarpenak gure komunitateak indartu ditu, gure kaleetan, herrietan eta hirietan bizitasuna ekarriz”.
Ildo horretan, sailburuak gu guztiok kontsumitzaile gisa dugun zeregina aldarrikatu du. “Gaur hartzen ditugun erabakiek zehaztuko dute eraiki nahi dugun gizartea. Izan ere, tokiko negozioetan erosteak denda horien jabeei mesede egiteaz gain, eragin positiboa du gure kaleen bizitzan eta segurtasunean, gure hiriak antolatzeko moduan eta, globalari begira, klima-aldaketaren aurkako borrokan. Tokiko merkataritza babesteak, guri mesede egiteaz gain, guztiontzako leku sendoago eta jasangarriago bat eraikitzen laguntzen du”.