Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko udaltzaingoen arma-erregelamenduak izapidearen azken txanpari ekin dio

2023-11-14
  • Euskadiko udaltzaingoek erabili behar dituzten arma nahiz bestelako defentsako baliabide eta bitarteko tekniko motari eta horien erabilerari buruzko guztia arautuko du
  • Helburua da, udal-autonomia erabat errespetatzean oinarrituta, Euskadiko udaltzaingoen horniduran homogeneotasuna lortzen joatea polizia-jardunaren koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko
  • Udaltzaingoek urtebete izango dute agenteei material guztia hornitzeko, eta, gainera, material hori gizonek nahiz emakumeek baldintza berdinetan erabiltzeko egokituta egon beharko du

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela elkartu gaur Euskadiko Udaltzaingoen Koordinazio Batzordea. Organo aholku-emaile horretan segurtasun publikoaren arloko gai komunak aztertzen dira polizia-lankidetza hobea eta eraginkorragoa lortzeko helburuarekin. Batzordean Segurtasun Saileko arlo ezberdinen ordezkariak (Ertzaintza, trafikoa, larrialdiak, segurtasunaren koordinazioa, eta abar) elkartzen dira hiru hiriburuetako udalen, EUDELen eta udaltzainen ordezkariekin.

Gaurko bileran, Cyberzaintza – Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria aurkezteaz eta udaltzaingoen jarduerari buruzko datuak aztertzeaz gainera, Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoen armamentua eta bestelako baliabide teknikoak eta defentsakoak eta horien hornidura arautzeko dekretu-proiektuaren berri ere eman du.

Udaltzaingoen lehenengo arma-erregelamendua

Jaurlaritzaren izapidearen azken txanpari ekingo dion erregelamendu berria Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen bosgarren aldaketaren 2019ko agindutik sortu zen. Eta, zehazki, Euskadiko udaltzaingoen “uniformetasuna, armamentua eta ekipamendua” izenburua daraman artikulutik, honako hau adierazten baitu bigarren atalean: “Erregelamenduz zehaztutako armak, bitarteko tekniko-operatiboak eta babes-bitartekoak eramango dituzte Udaltzaingoko kidegoetako funtzionarioek”.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko udaltzaingoek erabili behar dituzten arma nahiz bestelako defentsako baliabide eta bitarteko tekniko motari eta horien erabilerari buruzko guztia arautuko duen erregelamendu hori jarriko du abian. Helburua da, udal-autonomia osoa errespetatuta, EUDELekin sinatutako akordioetan aurrera egitea Euskadiko udaltzaingoen horniduran, baliabide pertsonaletan, material teknikoetan, uniformeetan, ibilgailuetan eta beste hainbat alderditan nolabaiteko homogeneotasuna lortzeko. Hori guztia, polizia-jardunaren koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko. Horrela, erregelamendu berriak zehazten ditu:

  • Polizia-ibilgailuak, material teknikoak eta eraman behar duten oinarrizko segurtasun-ekipamendua: suaren kontrako manta eta eskularruak, manta termikoa, su-itzalgailua, linternak, botikina, trafikoa seinaleztatzeko konoak, zinta balizatzailea, eskularruak eta maskarak, etab. (5. art. eta 2. ERANSKINA)
  • Oinarrizko ekipamendu motak, bai armak bai baliabide tekniko eta defentsako osagarriak: su-arma laburra, armaren zorroa, munizioa, balen aurkako polizia-babeserako txalekoa, eskuburdinak eta horien euskarria, defentsak, txilibitua, eskularruak, etab. (6. art. eta hurrengoak, 20. art. eta hurrengoak eta 1. ERANSKINA)
  • Egin beharreko kontserbazioa, zaintza, erregistroak eta segurtasun-neurriak. (9. art. eta hurrengoak, 21. art. eta hurrengoak)
  • Erabiltzeko oinarrizko irizpideak. (15. art.)
  • Agenteei armak kentzeko edo armak erabiltzeko aukera kentzeko prozedura. (16. art. eta hurrengoak)

Berdintasuna

Erregelamendu berriak ezartzen du (3. art.) toki-erakundeek, udaltzainei oinarrizko ekipamenduak hornitzeaz arduratzen diren erakunde gisa, bermatu behar dutela material guztia emakumeek eta gizonek berdin erabiltzeko egokituta egongo dela.

Armarik gabeko zerbitzuak

Dekretu berriak, Legeak bezala, aurreikusten du alkateek erabaki dezaketela polizia-zerbitzu jakin batzuk armarik gabe ematea. Eta bizitzarako edo osotasun fisikorako arrisku larririk ez dagoen zerbitzuetan bakarrik egin ahal izango dute. Horretarako, alkateak arrazoitu egin beharko du Udaltzaingoaren burutzak txostena egin ondoren.

Artikulu horretan (8. art.) aipatzen dira, adibide moduan, bulegoko lanak egitea, irakaskuntza-funtzioak betetzea, hitzaldiak ematea, ikastaroetara edo protokolo-ekitaldietara joatea, etab.

Luzamendua udal txikientzat

Araudi berriak bi luzamendu-aldi ezartzen ditu abian jartzeko:

  • Urtebeteko epea, dekretua indarrean sartzen denetik, toki-erakunde guztiek hornitu diezazkieten agenteei armak, munizioa, baliabide teknikoak eta defentsakoak, bai eta, besteak beste, bulegoetan segurtasuneko gune hotzak eta armategiak instalatu ditzaten ere.
  • 000 biztanletik beherako udalerrietan, luzamendua bost urtekoa izango da.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)