qrcode

Azken urteotan euskal industriak Europan izan duen hazkundea nabarmendu du Tapiak Basque Open Industryn

2023-11-13
  • Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak berretsi egin du “gure industriaren esportazio-hazkundea”, EAEko BPGaren %38,3rekin 2022an, eta “I+G+Bren aldeko apustu sendoa”, Euskadi Europako batez bestekoaren parean kokatzen duena.

 

Bilbao Exhibition Centren ospatzen den ETEen Europako Astearen (SME Week 2023) esparruan, BOIk euskal industriarik aurreratuena bildu du, industria- eta teknologia-ekosistemako 2.200 ordezkari ingururekin. 

Euskal industria aurreratuena azaroaren 13an eta 14an bildu da Basque Open Industryn. Sektoreko 2.200 ordezkarik baino gehiagok euskal ekosistema teknologikoak industriaren zerbitzuan dituen gaitasunak Europako ordezkarien aurrean aurkezteko aukera dute. Topaketa ETEen Europako Astearen barruan jorratzen da (SME Week 2023).

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da inaugurazio-saioaren buru, eta 2024an jarduera ekonomikoa handitzearen aldeko apustua berretsi du. Halaber, Euskadiren lankidetza publiko-pribatua nabarmendu du, etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren arloan egindako inbertsioa balioetsi du.

Inaugurazioaren ondorengo mahai-inguruan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak ideia horretan sakondu du, eta euskal industriak azken hiru urteetan egindako aurrerapenak gogorarazi ditu. Izan ere, 2020-2024 Industria eta Nazioartekotze Plana abian jarri zenetik, “eraldaketa teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta demografiko-sozialaren azelerazioa” lortu da.

Ildo horretan, Tapiak nabarmendu du Sailak iraunkortasunaren eta deskarbonizazioaren alde egin duela, eta, adierazi duenez, “aukera bat izan da ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko”, ingurumen-irizpideak politika sektorial guztietan integratuz, “lehiakortasunaren eta balioa sortzeko aukeraren faktore gisa”.

Apustu horrek fabrikazio aurreratuaren, nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloko helburuak betetzea dakar berekin. “Plan horren helburu nagusia zen industria- eta zerbitzu-jarduera aurreratuak Euskadiko BPGren %40 izatea. Gaur egun, helburua bete dela eta adierazle hori %40,8koa dela baieztatu dezakegu. Sailburuaren arabera, horrek adierazten du “euskal industriak, manufakturaz gain, industria-soluzio aurreratuak ahalbidetzeko zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituela”.

Euskadiko esportazio-maila handitzea

Bigarren helburua, “gure industriaren esportazio-maila handitzea”, ere bete da. Zehazki, EAEko BPGaren gaineko esportazioak %33,2 izan ziren 2021ean, eta %38,3ra igo ziren 2022an. “Interesgarria da esportazio horien %50,7k maila teknologiko altua eta ertain-altua izatea”, azpimarratu du Tapiak.

Bestalde, sailburuak nabarmendu duenez, “I+G+Bn apustu sendoa egin da”, eta, horri esker, hirugarren helburu bat lortu da: “Europako batezbestekoarekin bat egitea inbertsioari eta emaitzei dagokienez, Euskadi Europako berrikuntza-gune bihurtzeko”. Berrikuntza-adierazleen Europako Panelaren arabera (European Innovation Scoreboard EIS 2023), “0,601 balioa du Euskadin, eb-27k oro har lortutako 0,548 baino handiagoa, gure ekosistemaren eta I+G+Bko inbertsio-intentsitatearen ondorioz, eta BPGaren %2,3ra lortu du”, azaldu du.

Deskarbonizazioak dituen aukerak

Hitzaldian Tom TerBush estatubatuarra ere izan da, deskarbonizazioan aditua eta EPRIko (Electric Power Research Institute) Zerbitzu Teknikoetako  lehendakariordea. Bere ponentzian, Europako Batasunean eta Estatu Batuetan deskarbonizazioari buruz egindako politikak konparatu ditu. Estatu Batuetako Gobernua azpiegituretan eta laguntzetan egiten ari den inbertsioari balioa eman nahi izan dio adituak, baina politika horiek garatzen ari diren erritmo motela ere aipatu du. Amaitzeko, sektore horrek ekintzaileentzat dituen aukera ugariak aipatu ditu.

Ekitaldia mahai-inguru batekin amaitu da, eta enpresa-sarean berrikuntzaren alde egiten ari diren eskualdeetako ordezkariek hartu dute parte. Katarzyna Matuszak-Zierynska Agencja Rozwoju Pomorza–Pomerania (Polonia) erakundeko zuzendariak eta Mark Andries VLAIOko -Flanders innovation & Entreprenership (Belgika) arduradunak beren eskualdeak erakutsi dituzte eta hainbat ekimen aurkeztu dituzte. Andries-ek sektore pribatuak berrikuntzan egindako inbertsio handia nabarmendu nahi izan du: %64. Matuszak-Zierynska, ordea, jakinarazi du ekonomia zirkularreko proiektuetan Eskandinaviako herrialdeekin lankidetzan aritzea dela  eskualdearenh urrengo pausoa.

Bihar, bigarren jardunaldia

Bihar, asteartea, Basque Open Industryk sektoreko hitzaldiekin jarraituko du, euskal industriaren eta teknologiaren hainbat arlotako erakusketaz gain. Gainera euskal enpresa txiki eta ertainen artean harrera izaten ari den networking batean enpresa ezberdinak biltzeko aukera izango dute.

 

BIND 4.0k nazioarteko teknologia, talentu eta startup onenak bildu ditu Basque Open Industryn

BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformak irtenbide teknologiko berriak eta industria eraginkorrago eta jasangarriago baterako kasu arrakastatsuak aurkeztu ditu Basque Open Industry biltzarrean.

Industriaren sektorean energia- eta ingurumen-trantsizioak, trantsizio teknologiko-digitalak eta trantsizio demografiko-sozialak bultzatzea helburu duten hainbat ekimenen topagunea izan da Basque Open Industry. Horien artean dago BIND 4.0, 4.0 Industriaren berrikuntza irekiko plataformaSPRI Taldearen bidez sortua eta nazioartean erreferentzia bihurtu dena.

Plataforma horren helburua berrikuntza bizkortzea da, mundu osoko startup disruptiboen eta 100 enpresa handi baina gehiagoren arteko proiektuen bidez. Haien artean daude, besteak beste, Mercedes-Benz, ITP Aero, Talgo, CIE Automotive, Ampo, Natra, Eroski eta Faes Farma, baita sektoreko erreferentziazko ETEak eta sozietate publikoak ere. Lankidetza-eredu publiko pribatu aktiboa 2016 ezkero, eta bere 3 programekin 200 startup baino gehiago bizkortu eta 310 proiektu baino gehiago garatu dituena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak