Osakidetzak 7.000 pazienteri glukosa etengabe monitorizatzeko sistemak ematen dizkie, haien glukosa-mailak denbora errealean zaintzeko
- Gainera, paziente horien erdiek, 3.500 pertsona inguruk, partxe horiek etxean jasotzen dituzte, osasun-zentrora joan gabe
- Euskadin, 154.000 pertsonak dute diabetesa. Horietatik, % 95ak 2. motakoa dute, batez ere adin aurreratuagoko pertsonek izaten dute eta dietarekin eta ariketarekin kontrolatu daiteke
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak odoleko azukre-maila etengabe kontrolatzearen garrantzia nabarmendu dute, konplikazioak saiheste aldera
Bihar, azaroaren 14a, Diabetesaren Mundu Eguna izango da. Gaixotasun kroniko horrek Euskal Autonomia Erkidegoko ia 154.000 herritarri eragiten die, hau da, biztanleen % 6,75i.
Osakidetzak identifikatutako 153.961 paziente diabetesdunetatik, % 95ek (148.736 pertsona) 2. motako diabetesa dute, eta batez ere adin handiagoko pertsonek izaten dute. Diabetes hori dietarekin eta ariketarekin kontrola daiteke. Euskal Osasun Zerbitzuak beste diabetes mota batzuk ere baditu bere radarrean. Horien artean, 1. motako diabetesa nabarmentzen da (5.225 pertsona). Paziente horiek intsulina behar dute, pankreak ez baitu intsulina sortzen.
Datuak lurralde historikoen arabera aztertuz gero, Araban diabetesa duten 21.059 pertsona daude, Bizkaian 81.123 eta Gipuzkoan 50.517; bestalde, 1.262 pertsona beste jatorri batzuetakoak dira.
Glukosa-mailaren kontrola
Osasun Sailak eta Osakidetzak odoleko azukre-maila etengabe kontrolatzearen garrantzia nabarmendu dute, konplikazioak saiheste aldera. Gaur egun, hatzean egiten diren neurketez gain, monitorizazio-sistemak ere erabiltzen dira, eta sistema horiek pazientearen gluzemia-kontrolari buruzko informazio gehiago ematen dute.
Gaur egun, Osakidetzak diabetesa duten 7.000 paziente baino gehiagoren eskura jartzen ditu glukosa etengabe monitorizatzeko sistemak (flash). Sistema horiei esker, glukosa-maila denbora errealean zaintzeko aukera dago, eta egunean zeharreko bilakaera ere ikus daiteke, erabiltzaileak unean-unean behar diren neurriak har ditzan. Zehazki, txertatutako gailua eskaneatze hutsarekin, normalean besoan, odoleko azukre-maila jakiten da.
Araban 979 pertsonak, Bizkaian 3.601 pertsonak eta Gipuzkoan 2.573 pertsonak erabiltzen dute gaur egun monitorizazio-sistema hori.
Sistema horren azken helburua da gaixotasun horrekin bizi behar duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.
Home Delivery
Home Delivery programaren barruan, monitorizazio-gailuak dituzten pazienteen erdiek, 3.500 pertsona inguruk, etxean edo nahi duten helbidean jasotzen dituzte partxe horiek, osasun-zentrora joan beharrik gabe. Zehazki, Arabako 507 pazienteri, Bizkaiko 1.849 pazienteri eta Gipuzkoako 1.048 pazienteri eramaten zaizkie partxeak etxera.
Home Delivery programa 2022ko abenduan hasi zen funtzionatzen, eta orduz geroztik pazienteek 3 hilean behin 6 gailuko pakete bat jasotzen dute. Partxeak 15 egunean behin aldatu behar dira.
Prebentzioa eta heziketa
Glukosa-mailak zaintzeaz gain, diabetesaren aurkako borrokan "funtsezkotzat" jotzen da ohitura osasungarrien bidezko prebentzioa. Izatez, behar-beharrezkoa da pertsonak bere elikadura, pisua, jarduera fisikoa eta higienea zaintzea, tratamendu farmakologikoak hartu eta aldatzea, kontrako egoeretan jardutea (hipogluzemiak, hipergluzemiak, gaixotasun interkurrenteak…).
Era berean, heziketa ere funtsezkoa da, gaixotasunaren eguneroko kontrola bere gain hartu ahal izan dezan eta bere eguneroko bizitzan gaixotasunaren autokontrola integra dezan.