Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak indarkeria jarrerei garrantzia kentzeak duen arriskuaz ohartarazi du

2023-11-14
  • Bingen Zupiria bozeramaileak gaitzetsi egin ditu futbol partida batean izandako indarkeria ekintzak, eta elkarlanerako deia egin du kirolean zein gizartea, oro har, indarkeriazko jokabideak desagerrarazteko
  • Horren harira, duela lau urte kiroltasunaren balioak aztertu eta bultzatzeko abiatutako monitorizazio sistema azaldu du. Sistema honi esker, egun 8,93koa da kiroltasun indizea futbolean

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

Lehenik eta behin, bozeramaileak azaldu du Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 2019eko Legea aldatzeko lege proposamena aintzat hartzearen aldeko iritzia eman duela gaurko bileran Gobernuak. Egun indarrean dagoen legeak euskal kultura ondarea osatzen duten ondasunen hiru babes maila bereizten ditu: babes berezia, ertaina eta oinarrizkoa. Zupiriak adierazi duenez, EAJ/PNV eta PSE legebiltzar-taldeek egindako lege proposamenak oinarrizko babes mailari lotutako aldaketa bat planteatzen du definizio handiagoa eta hobea emateko beharra ikusita. Ondare legea balio artistiko, historiko, arkeologiko, paleontologiko, etnologiko, antropologiko, linguistiko, zientifiko, industrial, paisajistiko edo arkitektonikoa duten kultura ondasun higiezin, higigarri eta ez-materialak babesten dituen araua da.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako eta onartutako beste hainbat gai.

Zupiriak azaldu du Gobernuak argi berdea eman diola Irisgarritasun Unibertsaleko Estrategia ezartzeko eta bertan sartzen diren jarduerak gauzatzeko toki-erakundeentzako salbuespenezko dirulaguntzak deitzen dituen aginduari, guztira bost milioi euroko aurrekontuarekin. Aginduak bi laguntza-ildo jasotzen ditu: lehenengoa, irisgarritasun-ikuspegi zabalaren araberako planak sortzera bideratuta dago (arkitektura-oztopoez gain, ikusmen-, entzumen-, kognitibo- edo organia-oztopoak, bai ingurune fisikoan, bai zerbitzu publikoetan edo informazio-zerbitzuetan) eta bigarren lerroa da ingurune fisikoa irisgarritasun fisikoaren, sentsorialaren eta kognitiboaren beharretara egokitzeko, besteak beste, igogailuen edo plataforma jasotzaileen, zerbitzu egokituen edo seinaleztapen-hobekuntzen bidezko ibilbide-diseinuen bidez.

Osasun Sailak, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailarekin batera, albaitarien errezeta elektronikoa sustatzeko, ezartzeko eta erabiltzeko Euskal Autonomia Erkidegoko albaitarien eta farmazialarien elkargoekin sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren berri eman du gaurko Gobernu Kontseiluan, Zupiriak jakitera eman duenez. Gauzak horrela, hemendik aurrera, errezeta hori ezartzeak sendagaien trazabilitatea eta zentzuzko erabilera eraginkortasunez kontrolatzea ahalbidetuko du, segurtasuna eta animalien osasun eta ongizate hobea areagotuz. Lankidetza-akordio horren bidez, PRESCRIVET plataforma jarri da abian, albaitaritzako errezeta elektronikoaren erabileran inplikatuta dauden eragile guztiak (abeltzaintzako ustiategien titularrak, farmazeutikoak, merkataritza-banatzaileak eta albaitari elkargokideak) tresna bera erabil dezaten.

Era berean, Gobernu Kontseiluak onartu du 264.000 euro bideratzea 2024an, Zuzenbidean lizentziatuta edo graduatuta dauden eta karrera judizialerako eta fiskalerako eta Administrazioko letratuen kidegorako sarbidea prestatu nahi duten 40 pertsonari laguntzeko. Helburua da Justiziaren Zerbitzu Publikoaren egonkortasuna eta kalitate-maila egokia sustatzea; hori dela eta, egokitzat jo da duela bi hamarkada baino gehiago hasitako eta emaitza onak dituen laguntza-lerro honekin jarraitzea. Berritasun modura, aurten, eskabideak elektronikoki baino ez dira izapidetuko.

Amaitzeko, Kultura sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak HEKIMEN-Euskal Hedabideen Elkarteari 30.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea adostu du euskarazko hedabideetan eraldaketa digitala sustatzeko proiektu pilotuak garatzeko. Zupiriaren esanetan, “proiektu pilotu hauen bidez bilatu nahi dena da etorkizunerako lan-ildoak diseinatzea euskal hedabideak egonkortzeko”.

Azkenik, asteburuan futbol partida batean izandako jarrera biolentoei buruz galdetuta, Bingen Zupiria bozeramaileak indarkeria ekintza oro salatu, gaitzetsi eta arbuiatu du, eta gizartean indarkeria jarrerei garrantzia kentzeak duen arriskuaz hitz egin du eta elkarlanean jarduteko deia egin du kirolean eta gainerako esparruetan indarkeria jokabideak desagerrarazteko eta balioetan oinarritutako kirola sustatzeko. Horren harira, Zupiriak duela lau urte abian jarritako monitorizazio-sistema aipatu du, kirolean, zehazki futbolean, errespetuaren, indarkeriarik ezaren eta kiroltasunaren balioak aztertu eta bultzatzeko. Sistema horri esker, kiroltasunak gora egin du azken urteetan, eta kiroltasun-indizea 8,93an kokatzen da egun 10etik. Hala ere, bozeramaileak beharrezkotzat jo du elkarrekin eta etengabeko hobekuntzan lanean jarraitzea.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak