Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Erosketa aQtiborako Planaren ondorioz % 76 igo zen kalitateko Q-a lortu nahi duten saltokien kopurua

2012.eko otsailak 01

Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak Legebiltzarreko agerraldian azaldu du Jaurlaritzak inbertitutako 100 euro bakoitzeko saltokiek 153 jaso zituztela. Kanpaina bukatu zenean, establezimenduek 600.000 euro baino gehiago jaso zituzten.

Kanpainak iraun zuen hamar egunak igaro ondoren, kalitateko Q-a lortu nahi duten saltokiak 243 izatetik 427 izatera igaro ziren.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak iazko martxoan burutu zuen Erosketa aQtiborako Planaren ondorioz, % 76 igo zen kalitateko Q-a lortzeko prozesuari ekin zioten EAEko saltokien kopurua. Bernabé Unda sailburua Legebiltzar Batzordean agertu da adierazteko, gainera, erosketak egiteko kontsumitzaileei emandako txarteletan egindako inbertsioari esker EAEko merkatariek 624.890 euro lortu zituztela, Jaurlaritzak inbertitutako 100 euro bakoitzeko merkatariek 153 lortu baitzituzten.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak bere mintzaldian azaldu du Erosketa aQtiborako Plana deituriko kanpaina, 2011ko martxoaren 14tik 26ra bitarteko aldian egin zena, euskal merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko ekintzak osatzeko sortu zela, funtsezko bi helburu hauek izanik: merkataritza bikaineko Q-aren irudia eta balioa posizionatzea eta erosleak Euskadiko merkataritzan leialtzea.

Ildo horretan, Undak emandako datu objektiboek Planaren efizientzia eta eraginkortasuna frogatu dute, marka horretan interesa zuten saltokien kopurua bikoiztu egin baitzen, 243 izatetik 427 izatera igaro zirelako, eta, bestalde, EAEko herritarrek, ondoren, bigarren erosketa bat egin zuten beren hirietako eta herrietako saltokietan.

Bestalde, Jaurlaritzak enkargatutako ondorengo azterlanek agerian jarri zuten hiru saltokitatik bik izan zutela kanpainaren berri, baita kontsumitzaileen % 36,8k ere. Kanpainaren balioespenari dagokionez, erosketa-txartelen onurak jaso zituzten saltokiek eta kontsumitzaileek 7tik 8ra bitarteko nota jarri zioten, baina positiboena izan da onurak jaso ez zituztenek 6ko nota jarri ziotela.

Bestalde, sailburuak nabarmendu du kanpainaren jardun oso garrantzitsu bat merkatariekin izandako harreman pertsonala izan zela, kalitate-sistemak merkatariei eman diezazkiekeen onurei buruzko informazioa ematen baitzitzaien merkatariei, baita Q-a lortzeko prozesuari eta laguntza pertsonalizatuei buruz eta horretan lagun diezaieketen agente guztien ingurukoa ere.

Aitzindariak Brontzezko Q-an

Erosketa aQtiborako Plana Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guzti-guztietara iritsi zen. Eusko Jaurlaritzak egindako apustua, hots, kalitateko Q-a EAEko merkataritzan ezartzearen alde egindakoa nabarmendu du Bernabé Undak, eta, gainera, adierazi du azken hiru urte hauetan 2.000 establezimendutik gora daudela kalitate-prozesuetan, eta horietatik 19k lortu dutela Q-ari dagokion ziurtagiria.

Eusko Jaurlaritza Espainiako lehena izan da ziurtagiri berri bat, Brontzezko Q-a, ezartzen merkataritzaren sektorean. Ziurtagiri hori abian jarri duen lehen autonomia-erkidegoa da, eta beste herrialde batzuek ere jakinarazi diote ezarri nahiko luketela.

Amaitzeko, sailburuak gogora ekarri du sektorearekin egiten ari diren lan guztia:

- Saltokiak modernizatu dira 'Merkataritzako Renove' deituriko Merkataritza Ekipamenduak Modernizatzea programaren bitartez, 2011n 1.936 berritze-espediente aurkeztu ziren, 2010ean baino % 19 gehiago eta 2009an baino % 230 gehiago.

- Saltokien arteko lankidetza, "Merkataritza Lehiatu" programaren bitartez, hainbat sektoretan, hala nola ehungintzan, elikagaien sektorean edo dekorazioan. Bi urtean 25 proiektu bultzatu dira. 

- Enpresa-transmisioko eta ekintzailetzako ekintzak merkataritza-sektorean, 500 inguru bi urtean.

- Eta beste hainbat, hala nola "Altzarien Renove" plana, finantza-trebakuntza merkataritzan, Ikusmer Behatokiari egindako sustapena eta, jakina, Euskadiko hiri-inguruneen dinamizazioa.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 1a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)