qrcode

Bartzelonako Unibertsitateak Eusko Jaurlaritza saritu du Gizarte-aurreikuspen osagarriaren garapenean egindako ekarpenagatik

2023-11-13

Bartzelonako Unibertsitateak sortutako Gizarte Aurreikuspen Osagarriko Europako Sistemen Behatokiak “Gracias 2023” saria eman dio gaur Eusko Jaurlaritzari, Bartzelonan egin den ekitaldi batean. Euskadin gizarte-aurreikuspen osagarria garatzeko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen alde egindako apustua saritu dute, hain zuzen.

Behatoki horren Kontseilu Iraunkorrak baloratu du Eusko Jaurlaritzak gizarte-aurreikuspen osagarriaren garapenaren alde egindako ekarpena. “Ekarpen hori duela 40 urte hasi zen, Eusko Legebiltzarrak Estatuan aitzindaria izan zen Gizarte Aurreikuspen Osagarriko Erakundeen lehen Legea onartzearekin” adierazi du Arantza Larrauri Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako zuzendariak eta saria Eusko Jaurlaritzaren izenean jasotzeaz arduratu denak. “Euskadin onartutako Lege horrek enpresa eta fabrikei loturiko gizarte-aurreikuspena jaso zuen eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren bigarren zutabe deritzana sortu. Lege horren urteurrena ospatu berri dugu Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuen ekitaldi batean”, eman du aditzera.

Larraurik, Bartzelonako Unibertsitateko Areto Nagusian esku hartzean, adierazi duenez, “etorkizunari begiratzea emaitzak ematen ari da. Izatez, gizarte-aurreikuspen osagarriak Euskadin dituen kopuruak oso adierazgarriak dira. 2022an Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen ondarea 26.867 milioi eurotan zegoen. Datu makroekonomikoei dagokienez, ondare hori gure Barne Produktu Gordinaren % 31ren parekoa da”, eta nabarmendu duenez, une honetan, “milaka pertsonak Gizarte Segurantzaren lehen zutabearen osagarri den pentsio-sistema dute”.

Egindako bidea baloratuta, Finantza Politikako zuzendariak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen inguruan Eusko Jaurlaritzak planteatutako erronkei buruz hitz egin du:

  • Enplegu modalitateko sistema osagarriak langileen % 70engana iristea.
  • Euskadin langile autonomoentzako aurreikuspen-plana abian jartzea.
  • Bazkideen pentsioak hobetzeko administrazio-gastuak murriztuko dituen eta pentsioak errenta gisa kobratzeko lehentasunezko sistemak sustatuko dituen Dekretua laster onartzea.
  • Gainerako erakundeekin batera, tresna horietarako zerga-tratamendu egokia lortzearen alde lan egitea.

Gizarte Aurreikuspen Osagarriko Europako Sistemen Behatokiak Kataluniako Generalitatea eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa ere saritu ditu, Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak