Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak jarduera ekonomikoa sustatzen jarraitzeko apustua berretsi du Basque Open Industry foroaren inaugurazioan

2023-11-13
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Enpresa Txiki eta Ertainen Europako Astearen barruan, eta “Let’s meet in Innovation Land” lelopean Basque Open Industryk Euskadin industriak duen potentzia erakutsi dio Europari
  • "2024 urterako aurrekontu proiektuaren ardatzetako bat da jarduera ekonomikoa bultzatzea: 850 milioi euro baino gehiago bideratuko ditugu euskal ekonomia bere osotasunean sustatzera; lehen aldiz 2.000 milioi euro inbertsio publikorako eta beste 700 milioi euro zientzia, teknologia eta berrikuntzan inbertitzeko; anbizio handiko proiektua da egungo beharrei erantzuteko eta etorkizuneko erronkei sendotasunez aurre egiteko" adierazi du bere hitzaldian Urkulluk

Euskadiko industria berritzaileenaren ordezkaritza handia bilduko da gaur eta bihar Basque Open Industryn. ETEaren Europako Asteak nazioarteko hainbat egitasmo ekarri du Bilbao Exhibition Centerrera (BEC) eta horietako bat da Euskadiko industriaren ahalmena erakusteko baliagarria izango den hitzordu hau.

Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratu du gaur Basque Open Industry-BOI foroa. Lehendakariak bere hitzaldian Euskadiko industria-sarea balioetsi du, "industria-sare zabala eta dibertsifikatua, erresilientzia-ahalmen handikoa" esan du. Lehendakariak ziurtatu du Euskadi lurralde berritzailea dela, “Euskadik bere posizioa sendotu du berrikuntza handiko Europako herrialdeen artean; Euskadi, Alemania, Austria edo Frantzia bezalako herrialdeekin batera "berritzaile indartsuen" taldean kokatzen da, Europako batez bestekoa gaindituz” azaldu du.

Lehendakariak balioan jarri du lankidetza publiko-pribatuaren eredutik abiatuta etorkizuneko erronkei eraginkortasunez erantzuteko
Euskadik duen estrategia industrial eta ekonomiko partekatua. Horren harira, 2024 urterako aurrekontu-proiektuari erreferentzia egin dio Urkulluk, Eusko Jaurlaritzaren apustu bikoitza berretsiz: hazkunde ekonomikoa sustatzen jarraitzea eta oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea. Lehendakariaren hitzetan, "anbizio handiko aurrekontu-proiektua da egungo beharrei erantzuteko eta etorkizuneko erronkei sendotasunez aurre egiteko; jarduera ekonomikoaren sustapena aurrekontu proiektuaren ardatzetako bat da, 850 milioi euro bideratuko ditugu euskal ekonomia bere osotasunean bultzatzera, lehen aldiz 2.000 milioi euro bideratuko dira inbertsio publikora, eta beste 700 milioi euro Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzara" esanez amaitu du Lehendakariak.

Eskaintza zabala eta askotarikoa Basque Open Industryn

BOI ez da soilik baliagarria Europako erakundeetako ordezkarien aurrean Euskadiko industriaren ahalmena erakusteko. Izan ere, ETE-ei honako aukera hauek ere eskaintzen dizkie: industriaren sektoreari zuzendutako laguntzak ezagutzea, teknologiak probatzea eta balioztatzea, nazioartekotze-prozesurako laguntzak ezagutzea eta, oro har, era askotako gaien inguruko joeren berri izatea (talentuarekin lotutakotik hasi eta trantsizio digitalera, energetikora eta ingurumen mailakora arte). Horretarako, BOIren programak 150 protagonista batu ditu (espezialistek eskainitako hitzaldiak eta ehunka erakusketari barne). Gainera, enpresen arteko topaketak antolatu dira haien arteko interkonexioa bultzatzeko.

Egunotan BECen eskainiko diren hitzaldien artean Tom TerBushek gaurko inaugurazio ekitaldian eskainitakoa nabarmentzekoa da. Tom TerBush EPRIko (Electric Power Research Institute) Zerbitzu Teknikoen eta Kideen presidenteordea, eta EPRI Internationaleko presidentea da eta industria berria sortzeko deskarbonizazioak ematen duen aukeraz hitz egin du. BOI foroan aditu gehiago ere izango dira. Hala, mahai-inguruetan eta solasaldietan, gai ezberdinen inguruko joerei buruzko informazioa emango da: Talentua, Adimen Artifiziala, Zibersegurtasun Industriala, Trantsizio Digitala eta Trantsizio Energetikoa eta Ingurumenekoa.

Enpresa parte-hartzaileen artean sortu ohi den interkonexioa da enpresek gehien baloratzen duten eta garrantzi handia duen zatietako bat. Horretarako, APP (Networking Land izenekoa) bat gaitu da. Horren bidez, trukea erraztu da eta Euskadiko ETE-ek erakusketariengana sarbide errazagoa dute eta aurrez hitzorduak adostu ahal dituzte zibersegurtasun arloko enpresekin, startupekin eta BIND 4.0 programako enpresa bultzatzaileekin, Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) teknologia-zentroekin eta abarrekin.

Euskadiko industria adimendunaren aplikazio berrien azken joerak zuzenean ikusteko behatokia ere izaten ari da BOI egunotan.

Nazioartekotzeari dagokionez, nazioarteko hedapena azkartu nahi duten Euskadiko ETE-ek SPRI Taldearen Kanpoko Sarea dute eskura. Hala, SPRI Taldeko Kanpoko Sareko 18 bulego daude ordezkatuta, Euskadiko Nazioartekotze Agentziak, Basque Trade & Investmentek (BTI), koordinatuta.

Ekintzailetzak ere garrantzi handia du ekimenean eta BIND 4.0 programari lotutako Euskadiko punta-puntako startupei eskainitako standak daude. Sustatzaileekin harremanetan jartzeko aukera dago beraz,  industria-sektorerako planteatzen dituzten eta Euskadiko enpresa-ehunduran txertatu daitezkeen irtenbideak ezagutzeko.

Parte-hartzaileek bereziki estimatzen duten beste gaietako bat zibersegurtasun industrialarekin lotuta dago; izan ere, Euskadi ongi kokatuta dago eremu horretan irtenbide aurreratuak eskaintzen dituen ekosistema baten inguruan. Esparru horretan espezializatutako enpresei eskainitako eremu espezifiko bat ere dago.

SME Week 2023

ETE-en Europako Asteak hurrengo egunetan jarraituko du nazioarteko dimentsioa izango duten beste ekitaldi batzuekin. Alde batetik, SME Assembly egingo da (gaurtik hasita 15era bitarte) eta horixe izango da Europako enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) ekitaldirik garrantzitsuena.

Bestalde, Europe Enterprise Network-EEN erakundearen urteko konferentzia egingo da (azaroaren 15etik 17ra bitarte). Enpresa txiki eta ertainentzako munduko babes-sarerik handiena da, mundu osoan dago aktibo eta enpresei laguntzeko bikaintasunagatik ezagunak diren erakundeetako adituak biltzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)