Elankidetzak 34 milioi euroko laguntza emango die hainbat GGKEri hegoko hogei herrialde baino gehiagotan 77 proiektu garatzeko
- Herrialde hartzaile nagusiak daude Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan eta Saharaz Hegoaldeko Afrikan eta Euskadi
- Laguntzei esker, babestuko dira emakumeak ahalduntzeko prozesuak, produkzio garapenerako eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko proiektuak edo sentsibilizazio ekintzak
Vitoria-Gasteiz, 2023/11/11
eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, 34 miloi euro eman dizkie hiru modalitatetan banatzen diren 77 proiekturi: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak. Deialdi hori da eLankidetzaren ardatz garrantzitsuena, bai funtsei dagokionez, eta baita sustatzen dituen eragile eta ekintza kopuruagatik ere.
eLankidetzaren lehentasun estrategikoei jarraituz, onartutako ekimenen % 32 emakumeen ahalduntzeari edo desparekotasunak desagertzera zuzenduak daude. Gainera, % 10 giza eskubideen defendatzaileak babestera bideratuko dira, eta % 20 Saharaz Hegoaldeko Afrikan eta % 15 Euskadin egingo dira.
Elkartasunerako ekarpena
Garapenerako lankidetzaren proiektuek balio dute pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoko herrialdeen tokiko garapenerako prozesuak indartzeko.
Azken horietara bideratu dira funts gehienak ─27,6 milioi euro inguru─ eta 53 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. 23 herrialdetan egingo dira, horietatik nagusiak dira Guatemala, El Salvador, Peru, Ekuador eta Kolonbia, eta Afrikan, Senegal eta Mali, zazpigarren eta hamargarren postuan, hurrenez hurren.
Garapenerako lankidetzako proiektuak Euskadiko eta Hegoko erakundeen bidez gauzatuko dira, eta, nagusiki bideratuko dira emakumeen ahalduntzera, genero indarkeriaren aurkako borrokara, defendatzaileen eta lurraldeen eskubideen babesera edo eragin politikora eta erakundeen sendotzera.
Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako ekimenei dagokienez, 4 proiektu onartu dira Kuban eta Kolonbian. Guztira, 1,2 milioi euro jasoko dituzte.
Azkenik, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan 20 proiektu onartu dira, eta 5,2 milioi euro zuzenduko dira. Hezkuntza ekimen gehienak esparru ez formalean gauzatuko dira, eta genero ekitatearen, giza eskubideen eta jasangarritasunaren inguruan izango dira.
Proiektu gehienak Euskadin egingo dira, eta Hegoko errealitatearekin lotura izango dute; izan ere, helburua da munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoien ulermena sustatzea eta, gizartea eraldatzeko, euskal herritarren inplikazioa eta elkartasunerako konpromisoa bultzatzea.