Hauteskundeak 2024
qrcode

Eusko Jaurlaritzak inbertsio publikoaren alde egindako apustua nabarmendu du Azpiazuk, susperraldiaren eragile izan baita

2023-11-10

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak “Nueva Economía Forum” foroan parte hartu du gaur goizean, eta Eusko Jaurlaritzak azken lau urteetan inbertsio publikoaren alde egindako apustua nabarmendu du. Apustu hori susperraldiaren katalizatzaile eta eragile izan da, eta emaitzarik garrantzitsuenak hurrengo urteetan egingo dira ageriko, ekonomia oparoagoarekin eta herritarren beharrei erantzuteko sistema erresiliente eta prestatuagoarekin.

Era berean, galderen txandaren aurretik egin duen hasierako azalpenean, Azpiazuk nabarmendu duenez, dezelerazio nabaria den nazioarteko testuinguru konplexu batean, tokiko ikuspegiak eta pertsonekiko eta haien bizitzarekiko hurbiltasunak “konparazio-onura garrantzitsuak eskaintzen ditu arazoei aurre egiteko, nahiz eta arazo horiek dimentsio globala izan. Hurbiltasunak norabidea galdu gabe egokitzeko aukera ematen du, eta munduarekin lankidetza-harremanak zabaltzen dituen autogobernuak aukera ematen du arazoak modu fokatuagoan kudeatzeko. Baikortasunez begiratzen diogu etorkizunari, konplexutasunetik sortzen baitira ikasteko eta aurrera egiteko aukera berriak”.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako Aurrekontuen proiektuari dagokionez, Azpiazuk aditzera eman du aurrekontu-proiektu horrek “Euskadiren berezkoa den zerbaiten garrantzia nabarmentzen duela, beste herrialde batzuekin alderatuta posizio sendoan jartzen gaituena: lankidetza publiko-pribatua. Gaurko topaketa hau horren lekuko argia da. Gure toki-ikuspegitik, ondoz ondoko krisialdietan egiaztatu ahal izan dugu, oro har industria-sektore lehiakorra edukitzeak erresilientzia-plusa ematen digula, eta egoera horiei aurre egiteko ahalmen handiagoa”.

 Ildo horretatik, aditzera eman duenez, “gure gobernua hazkunde-bidea indartzeko lan egiten ari da, eta horretarako oinarri sendoak ditugu: batetik, inbertsio eraldatzailea, gure produktibitatearen eta epe luzerako hazkunde-potentzialaren eragilea den aldetik, eta, bestetik, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren garapena, funtsezko faktoreak baitira aberastasuna sortuko duen gizarte modernoagoa eta aurreratuagoa eraikitzeko. Hori guztia funtsezko zerbitzu publikoak indartzeko eta kolektibo zaurgarrienak babesten dituen sarea indartzeko konpromiso irmoarekin egiten dugu. Horixe da, hain zuzen ere, ekonomia- eta gizarte-garapenerako euskal ereduaren bereizgarria”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan