Berriak Hezkuntza
qrcode

Bildarratz sailburua, Argentinako Euskal Aste Nazionalean

2023-11-10

 

  • Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, Hezkuntza sailburuak Argentinako Euskal Aste Nazionalaren ospakizunetan parte hartuko du, Necochea hirian
  • Argentinako egonaldian, hezkuntza arloko arduradunekin zenbait bilera izan ditu Hezkuntza sailburuak

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Argentinan da egunotan, Necocheako Euskal Aste Nazionala dela eta. Bildarratzek, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarekin batera, asteburuan zehar egingo diren ekitaldietan parte hartuko du.

Argentinako egonaldian, eta Necocheara joan aurretik, Hezkuntza sailburuak hainbat bilera izan ditu Buenos Aires hiriburuan, hezkuntza arloko hainbat arduradunekin.

Lehen topaketa Llavallol hiriko (Buenos Aires probintzian) Euskal Echea ikastetxean izan da. Ia 120 urteko historia duen ikastetxe honetan, Zuzendaritza Batzordeko presidenteak, Ernesto Juan Berissok, eta zuzendaritza-taldeko kideek hartu dituzte Bildarratz eta Elorza. Ikastetxe honen ezaugarriak, euskal kulturarekin duen lotura eta bertan lantzen dituzten hezkuntza-curriculumak ezagutzeko aukera izan dute haien eskutik. Ikastetxeko arduradunek eta Bildarratz sailburuak hango irakasle eta ikasleekin harremanak estutzea adostu dute, ikasleei hezkuntza-materialak, metodologiak eta irakasleen prestakuntzarako sinergiak eskaini ahal izateko.

Buenos Airesen egindako beste topaketa batean, berriz, Lanbide Heziketa izan da hizpide nagusia. Jokin Bildarratzek bilera egin du Soledad Acuña Buenos Aires Hiriko Hezkuntza ministroarekin. Duela gutxi, joan den martxoan, Buenos Aires Hiriak lehen bilera bat izan zuen Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketako ikerketa aplikatuko zentroko) arduradunekin, lankidetza-ildoak irekitzeko asmoz. Orduan, hainbat gai jorratu ziren, eta arreta berezia jarri zitzaion bizitza osoko ikaskuntzari. Hasitako bideari jarraituz, Bildarratz sailburuak eta Buenos Airesko ministroak, funtsean, hiru eremu aztertu dituzte: eskaeraren diagnostikoa hobetzea, Lanbide Heziketako zentroen eskaintza hobetzeko; etorkizuneko lan-profilak identifikatzea, Mekatronika eta gisako arloetan; eta Euskadiko Lanbide Heziketako zentroekin lotura gauzatzeko aukera, bereziki irakasleei dagokienez. Bi administrazioek identifikatutako helburuen mesederako izan daitezkeen egin lankidetza-bideak aztertzea adostu dute arduradun biek.

Datozen orduetan, Bildarratz sailburua eta Elorza idazkari nagusia CONICETeko (Argentinako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionaleko) presidente Ana Franchirekin elkartuko dira. Erakundeak 11.800 ikertzaile inguru biltzen ditu, eta herrialdean zehar kokatuta dauden 16 zentro zientifiko-teknologikotan eta ikerketa eta transferentzietarako 8 zentrotan garatzen ditu bere ikerketak. Bildarratzek Euskal Unibertsitate Ekosistemaren ezaugarri nagusiak azalduko ditu bileran. Onartu berri den Unibertsitate Sistemaren Planaren berri emango du, IKUR Estrategia azaltzeaz gain. Estrategia honetan, lau eremu estrategikotan indartuko du Jaurlaritzak bere apustua: Neurobiozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neutrionika eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala. Esparru horien artean, garrantzi berezia hartu du ikerketa kuantikoak, IBMren System One ordenagailu kuantikoa, munduko seigarrena, Donostian jarriko baita laster. Bildarratzek azpiegitura zientifiko horrek eskainiko dituen aukeren berri ere emango du eta Argentinako agintariei alor horretan ikerketa estrategia berriak elkarrekin aztertzeko aukera eskainiko die.

Bilera hori amaitzean, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza Necochea hirira joango da, Euskal Aste Nazionala dela eta antolatutako egitarauan parte hartzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)