Hauteskundeak 2024
qrcode

Arriola sailburuak defendatu du Mugikortasun Jasangarriaren Legeak Euskadira gizarte eta lurralde kohesio handiagoa dakarrela

2023-11-09
  • Garraioetako arduradunak adierazi duenez, “garrantzi handiko araua da Euskadiko gizartea egituratuko duen garraio-sistema jasangarria eta modernoa lortzeko”
  • Legeria berriak mugikortasun jasangarria planifikatzeko tresnak arautzen ditu eta oinarriak ezartzen ditu foru- eta toki-erakundeek ingurumena errespetatuko duen mugikortasunaren aldeko fiskalitatea gara dezaten

 

 

Legebiltzarrak ostegun honetan onartu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatutako Mugikortasun Jasangarriaren Lege berria, ingurumen-inpaktua murriztuko duen eredurako trantsizioa indartuko duena. Iñaki Arriola sailburuak modu positiboan baloratu du arau berria onartu izana, eta gaur Eusko Legebiltzarrean goraipatu du lege horren helburu nagusia dela “karbono-aztarna murriztea eta pertsonek garraio publikoa eskura izan dezaten lehenesten duen garraio intermodaleko sistema baterantz aurrera egitea”. “Garrantzi handiko araua da, eta haren helburu nagusia da garraio-sistema jasangarria eta modernoa lortzea, Euskadi osoko gizartea egituratzera bideratuko dena”, azaldu du.

Arriolak gogorarazi du garraioak sortzen dituela Europar Batasuneko berotegi-efektuko gasen emisioen laurdena, eta, hartara, esparru horretan lan egin beharko dela 2050ean klima-neutraltasuna lortuko bada. Eusko Legebiltzarrak egindako urratsarekin, eta legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoak mugikortasun jasangarria sustatuko duen esparrua izango du, eta mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa izango dira horren funtsezko elementuak.

Ildo horretatik, zenbait berrikuntza sartu ditu, eta horien artean daude: herritarren eskubideak eta betebeharrak; herritarrek mugikortasun-estrategiak egiteko prozesuan parte hartzea; eta udalen hirigintza-jarduerek mugikortasun jasangarrian izango duten inpaktua kontuan hartzeko betebeharra.

Gainera, sailburuak aditzera eman duenez, artikuluetan jasota dago “mugikortasun jasangarriaren aurkakoak diren jarduerei aurre egiteko neurri fiskalak eta finantzarioak ezartzeko aukera (tasak, kanonak, zergak eta murrizketak), eta ateak zabaltzen zaizkie ingurumena kaltetzen ez duten garraiobideetarako hobariei edo salbuespenei”. Legeak ezartzen duen esparru horretan, foru-aldundiek eta udalek politika ekonomiko eta fiskaleko tresnak aktiba ditzakete, garraio-sektorearen jasangarritasunean sakon dadin.

Garraio-txartel guztiz elkarreragingarriak

Era berean, arauak dio Euskadin dauden garraio-txartelek elkarreragingarriak izan behar dutela bi urteko epean —arau berria onartu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita—, pertsonek garraio-txartelak zenbait garraiobide motatan erabili ahal izan ditzaten, eta, hartara, intermodalitatea erraztu dadin. Etorkizunari begira, legeak behartzen du, garraio-txartel berriak sortuz gero, txartel horiek hasiera-hasieratik konfiguratu beharko direla garraio publikoko zerbitzu guztietan erabili ahal izateko moduan. Edonola ere, legeak Euskal Autonomia Erkidego osoan tarifa-sistema bakarra eta integratuaren aldeko apustua egiten du.

Mugikortasun aktiborako diseinatutako udalerriak

Legeria berriak oinez edo bizikletan egiten den mugikortasun aktiboa sustatu beharra nabarmentzen du. Hori lortze aldera, planteatzen du udalerriek hirigintza-plangintzatik eta hirien eta herrien diseinutik bertatik sustatu beharko dutela mugikortasun aktiboa, trafikoa mantsotzeko neurrien bidez edo kale, plaza eta hiribideetan oinezkoen erabilera lehenesteko neurrien bidez, besteak beste. Era berean, eraikin publikoek eta geltokiek bizikleta-aparkalekuak eduki beharko dituzte, eta etxebizitza-eraikin berriek babesean dauden eremu seguruak izan beharko dituzte garraiobide jasangarri horretarako.

Legeak lehen aldiz ezartzen ditu herritarren eskubideak eta betebeharrak, eta eskubide horien artean dago garraio publikoko zerbitzua eskura izateko eskubidea, bizitokia edozein izanik ere. Gainera, legeak lehen aldiz ezartzen ditu herritarrek ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna bultzatzeko neurrien diseinuan parte hartzeko bideak. Euskal Autonomia Erkidegoan eta hiru lurralde historikoetan mugikortasun jasangarriko planak ere aztertzen ditu, hamarkada batean gai horren inguruan lan egin dezaten, eta betebehar hori 5.000 biztanletik gorako udalerrietara ere zabaltzen du. Planen artean, lantokietako mugikortasun-planak barne hartzen ditu arau berriak.  

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-11-10

    Ezin da garraio publiko defizitariorik izan, abiadura handia barne, eta gero erreklamazioak egin behar dira hiriko eta hiriko airearen kalitate txarragatik, Europako zuzentarauaren arabera, eragin desberdinak izan ditzaketelako. Garraio pribatuaren erabilera erakargarri ez egitea, kolektiboa ez denean behintzat, eta, ingurumen-inpaktu txikiagoa dela-eta, zerga-arloko dirulaguntza onuragarriak jaso ditzaketen garraio kolektiboko alternatibak egotea.

  • Argazkia Xaver
    2023-11-10

    No puede resultar llegar a tener transporte público deficitario incluida la alta velocidad y luego llegar a hacer reclamaciones por la mala calidad del aire en la ciudad y urbe según directiva europea con compensaciones posibles afecciones distintas. No hacer atractivo de alguna manera el uso del transporte privado cuando no sea colectivo al menos, habiendo alternativas de transporte colectivo con posibles subvenciones fiscalidad favorable por un menor impacto ambiental.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak