Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Ertzaintzak eta Euskadiko 25 udaletako udaltzaingoek 500 agente hartu dituzte

2023-11-10
  • 1982an sortu zenetik, Euskadiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian hautatu eta prestatu den 31. promozioa da, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen hirugarren promozio bateratua
  • Emakume agenteen kopurua % 30 ingurukoa da promozio berri honetan: % 31,2 Ertzaintzan eta % 23,5 Euskadiko udaltzaingoetan
  • Euskararen ezagutzari dagokionez, agente guztien % 74,4k egiaztatu dute B2 edo C1 hizkuntza-eskakizuna

Aurten ere, Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Esther Apraiz Eudelen lehendakariak eta Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak lagunduta, Euskal Poliziako oinarrizko eskalako promozio berriari diplomak eta nortasun-txartelak emateko zeremoniaren buruan izan da. Promozio honetako agenteak Ertzaintzan eta Euskadiko 25 udaletako udaltzaingoetan sartuko dira. Zehazki, Ertzaintzako 377 agente eta Abadiño, Zornotza, Amurrio, Arrasate, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Elorrio, Erandio, Galdakao, Getxo, Irun, Laudio, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Sondika, Vitoria-Gasteiz eta Zierbenako udaltzaingoetako 123 agente dira.

500 pertsona horietatik 41 jada sartu dira Euskal Polizian, nahitaezko praktikaldian, prozesua baliozkotu zaien agenteak izanik. Gainerakoek, 459k, azaroaren 14an hartuko dituzte euren destinoak in job praktikaldian. Egun horretatik aurrera, eta 12 hilabetetan, lanpostuan ebaluazio jarraitua izango duten praktiketako agenteak izango dira, eta aldi hori gainditzen dutenean eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren oniritziarekin, administrazio publiko bakoitzeko eskubide osoko funtzionario izango dira.

Emakume gehiago eta euskaldunagoak

Zifren arabera, promozio honetan Euskal Polizian sartuko diren emakumeen kopurua % 30 ingurukoa da: % 31,2 Ertzaintzan (377tik 118 emakume) eta % 23,5 Euskadiko udaltzaingoetan (123tik 29 emakume). Modu horretan jada eraginkortasunez egiaztatzen dira Emakumeak Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko I. sustapen plana 2026 izeneko planean desberdintasuna zuzentzeko abian jarritako neurrien emaitza positiboak.

Euskararen ezagutzari dagokionez, 500 pertsona horietatik 372k egiaztatu dute B2 edo C1 hizkuntza-eskakizuna, guztien % 74,4k, alegia.  

Agente berri gehienak, 427 (% 85,4), 18 urtetik 34 urtera bitartekoak dira. Gainerakoek, 35 urtetik gora dituzte.

Ugatza, promozioaren ikurra

Tradizioari jarraituz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian hautatzen eta prestatzen den promozio berri bakoitzak hegazti bat aukeratzen du enblema moduan. Arkautetik gaur aterako den promozioak, 31.ak (Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen hirugarren promozio bateratua denak) Ugatza aukeratu du ikur gisa. Mendian baldintza gogorretan bizitzen ohituta dagoen eta hegan egiteko gaitasun apartak dituen hegazti bat da.  

Ugatza inaugurazioko desfilean izan da, eta promozio bakoitzeko ordezkari eta ordezkariordeek 31 estandarteak eraman dituzte, bakoitzak bere hegazti enblematikoarekin. Horrez gainera, beste hiru pertsona bikainek halako zeremonia garrantzitsu batean inoiz falta izaten ez diren beste hiru ikur eraman dituzte: Ertzaintzaren ikurra, Udaltzaingoarena eta ikurrina.  

  • Ikurrinarekin: Unai Ormaza Bengoetxea, promozio bateratuko 1. agentea. Bilboko Udaltzaingoan sartuko da.
  • Ertzaintzaren estandartearekin: Haizea Lasa Manterola, Ertzaintzaren promozioko 1. agentea.
  • Udaltzaingoaren estandartearekin: Imanol Lander Mata, udaltzaingoen promozioko 2. agentea. Bilboko Udaltzaingoan sartuko da.
  • Promozioaren ikurrarekin: Asier Catalán Martín, Ikasleen Batzordeko lehendakaria. Ertzaintzan sartuko da.

Hiru mila gonbidatu

Ia inork ez du galdu nahi izan egun berezia. Harmailak Euskal Poliziako agente berrien familiarteko eta adiskideek bete dituzte. Baina zeremonian agintari ugari ere izan dira Euskadiko erakunde nagusiak ordezkatuz, besteak beste, Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Iñaki Subijana EAEANren presidentea, Fiskaltzaren, Arartekoaren eta alderdi politiko eta sindikatu ordezkariak, alkateak eta abar.

Segurtasun Sailaren aldetik, ekitaldi solemnean izan dira, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeaz gainera, Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Malentxo Arruabarrena Arkauteko Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria.  

Poliziaren ordezkari gisa ekitaldian izan dira Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babeserako Ataleko burua, Jose María Yurrebaso Ikerketa Kriminalaren Ataleko burua, Juan Vicente Bilbao Inteligentzia Bulego Nagusiaren burua eta Estepan Goioaga AJEPLE-EUBE Udaltzaingoburuen Elkartearen burua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak