qrcode

500 euskal enpresa txiki eta ertainek lortuko dute Euskadi ESG jasangarritasun-kalifikazioa. kalifikazio hori aitzindaria da Estatuan

2023-11-08

Eusko Jaurlaritzak, Elkargirekin elkarlanean, jarri dute abian “Euskadi ESG” enpresa txiki eta ertainentzako Jasangarritasun Kalifikazioko proiektua. Kalifikazio horrek Euskadiko enpresa txiki eta ertainen jasangarritasuna neurtu, ebaluatu eta egiaztatzeko aukera emango du. Estatuan aitzindaria den proiektu honen lehen fasean, Elkargiko bazkide diren zenbait tamaina eta sektoretako 500 enpresa txiki eta ertain hautatu dira, behar bezain adierazgarria den lagina edukitze aldera. Azterketa fasearen ondoren, Analista Finantzarioen Europako Elkarteak (EFFAS) ziurtatutako analista batek eta Tasazio Sozietateko ikuskatzaile batek bermatutako txosten bat jasoko dute enpresa horiek.

Txosten horretan, enpresak lortutako kalifikazio orokorra jasoko da, baita ingurumen, gizarte eta gobernantzaren arloko alderdien kalifikazio partzialen banakapena ere. Horrez gain, etorkizunean kalifikazioa hobetzeko zenbait gomendio, besteak beste, biltzen dituen informazio osagarria erantsiko du. Hartara, kokapen hobea izango dute finantzaketa-iturrietara iristera begira, gero eta beharrezkoagoa baita jasangarritasunarekiko konpromiso hori.

“Gaur egun balioespen hori beharrezkoa ez bada ere, orain, Euskadi ESG ekimenaren laguntzarekin, ETEek trantsizio hori hastea nahi dugu, planeta mugatu eta interkonektatu batean dituzten egungo eta etorkizuneko erronkak gainditu ahal izateko”, adierazi du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gaur goizean Elkargirekin, hamar finantza-erakunde parte-hartzaileekin, Tasazio Elkartearekin, Finantza Politikako Zuzendaritzarekin eta Finantzen Euskal Institutuarekin izandako bileran.

Bilera horretan, Azpiazuk eskerrak eman dizkie proiektu horretan elkarlanean parte hartu duten erakunde eta entitateei, eta Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarrirako Helburuen alde egiten duen apustua eta jasangarritasunarekiko duen konpromisoa nabarmendu ditu. “Eusko Jaurlaritza, eragile guztiekin batera, Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan sartzen den eraldaketa handi baten buru da. Izatez, eraldaketa horren ezaugarri nagusia trantsizio soziala, energetikoa eta digitala da. Bide hori bat dator “Next Generation EU” Europako Estrategiarekin, digitalizazioa eta karbonoaren arloko neutraltasuna bilatzen duen heinean”, eman du aditzera.

Azpiazuk gogorarazi duenez, helburu jasangarri horren barruan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak 2018an hasi zuen bere finantzaketa jasangarrirako estrategia. Orduan merkaturatu zuen bere lehen Bonu Jasangarria. “Epe luzera finantza-berme handiagoa eman diezaguketen finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea izan zen eta da gure helburua”, eman du aditzera sailburuak.

Bere iritziz, “enpresek esparru horretan duten erronka nagusia” da ingurumen, gizarte eta gobernuaren arloko faktoreak kultura korporatiboan integratzea, epe luzeko estrategia bat definitzeko zailtasunarekin batera.

Bilera horretan, Azpiazuk gogorarazi du “Euskadik Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen programa batean parte hartuko duela, Garapen Jasangarrirako Helburuen lurralde-ikuspegiari buruzko txostena egiteko”. Horren bidez, Garapen Jasangarrirako Helburuen egoera islatu nahi da, betiere Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen batezbestekoarekin eta errealitate erkatuarekin alderatuta.

Bestalde, Zenón Vázquez Elkargiko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “Espainiako Bankuak gainbegiratutako finantza-erakundea garen aldetik, eta enpresengandik oso hurbil gauden aldetik, hasiera-hasieratik bultzatu dugu proiektu hau. Korporazio handiek ASG kalifikazio-tresnak dituzte eskura, baina ez da gauza bera gertatzen enpresa txiki eta ertainekin, horientzat askoz ere zailagoa baita. Elkargin denbora luze daramagu sentsibilizazioan eta gaur sortzen den proiektu honetan lan egiten”.

Horregatik, “gaur, lehen urrats garrantzitsu bat egingo dugu, enpresei trantsizio berdea erraztuko dien eta epe luzera irabaziak ekarriko dizkien tresna aitzindari hau abian jartzearekin. Behin baino gehiagotan aditzera eman dugu etorkizuneko enpresak jasangarriak izango direla edo ez direla izango, eta, Elkargik bide horretan lagundu nahi die”.

 

Fase pilotu horren ondoren, emaitzak aztertuko dira, gainerako enpresa txiki eta ertainetara nola hedatu erabaki dadin. Proiektu horretan honako finantza-erakunde hauek parte hartzen dute: Kutxabank, Euskadiko Kutxa, BBVA, Caixabank, Banco Santander, Abanca Bankoa, Caja Rural de Navarra, Banco Sabadell, Bankinter eta Fiare.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan