
Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du 2023ko Frantziako Tourraren irteerak Euskaditik eragindako inpaktua neurtzeko egindako ikerketa
Grand Départ Pays Basque 2023 ekimenak 103 milioi eurotik gorako eragina izan du euskal ekonomian
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, Grand Départ Pays Basque 2023ak Euskadin izandako eragina neurtzeko egindako ikerketaren edukia azaltzeko. Ikertalde enpresak egindako ikerketa da. Bertan, besteak beste, nabarmentzen da Tourraren irteera handiak herritarren % 91ren babesa jaso duela eta % 86k uste du poztasun une handiak sortu dituela Euskadin.
Sailburuak, Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarekin batera, txostenaren edukia azaldu du. Bertan jasotzen denez, 2023ko Frantziako Tourraren irteera handiak 103 milioi eurotik gorako eragina izan du euskal ekonomian. Erreferentzia gisa 12 '2 milioiko azken aurrekontua hartuta, itzulera 8,5 eurokoa izan da Grand Départ Pays Basque 2023an inbertitutako bakoitzeko.
Frantziako Tourreko Grand Départ Euskadin antolatzea 7 euskal erakunde publikoen arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalak. Gaur jakin da erabaki horrek zer-nolako eragina izan zuen euskal gizartean.