Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Bingen Zupiriak William-Adolphe Bouguereau-ren "Botoa Sainte-Anne d’Aurayn" obraren aurkezpenean parte hartu du Arte Ederren Bilboko Museoan

2023-11-08

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak William-Adolphe Bouguereau (Arroxela, Frantzia, 1825-1905) egilearen lan nabarmen baten aurkezpenean parte hartu du gaur, aurtengo urtarrilean Begoña Maria Azkue andrearen (Bilbo, 1944-2023) legatuari esker eskuratu ostean.

Duela gutxi, Arte Ederren Bilboko Museoak Begoña Maria Azkueren legatua jaso du, artelanak erosteko erabiltzea hitzartuta. 1908an sortu zenetik museoaren bildumak hornitu eta haren nortasun-ezaugarri argienetako bat sendotu duten dohaintzen eta legatuen segida historikoari gehitu behar zaio filantropia kulturaleko keinu hori. Hala, gaur egun, obren % 60 baino gehiago horrela eskuratutakoa da, kasu honetan bezala partikularrek helarazita, edo instituzioek, edo korporazioek.

Botoa Sainte-Anne d’Aurayn (c. 1870) lanak, kalitate ukaezinaz gain, baditu beste interesgune batzuk ere, hala nola XIX. mendeko pintura akademizista frantsesaren adierazle onenetako baten ekoizpeneko lan berezia izatea. Nahiz eta margolari garaikide abangoardistenek estimazio handirik ez zioten –inpresionismoaren bide berriak arakatzen zebiltzan–, haren teknika zainduak eta nahita lortutako hunkiberatasunak kritikaren eta publikoaren aitortza jaso zuten, bai eta arrakasta komertzial handia ere Frantzian eta AEBn.

Gaurko aurkezpenean Zupiria sailburuak gure inguruko museo gehienetan ohikoa den figura bat gogoratu eta balioetsi nahi izan du, "museoaren lagunen" figura, alegia. "Arte Ederren Bilboko Museoaren kasuan, duela 40 urte baino gehiago sortutako programa da, gizarteari museoaren bizitzan parte-hartze aktiboagoa eta zuzenagoa izateko bideak eskaintzeko. Gaur aurkezten dugun obra inplikazio pertsonal horren adibidea da. Begoña Azkuek, museoaren lagunak, dohaintza baten bidez, artea eskuratzeko eta gizartearen esku jartzeko gaitasuna eskaini dio museoari" esan du Sailburuak. 

Informazio gehiago hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)